"Onartezina da bizidunak hildakoen menpe jartzea"
Iñaki Unzueta (Basauri, 1955) EHUko irakasleak Gaur egungo teoria soziologikoa plazaratu berri du. Liburu honetan, gizartea ulertzeko planteatu diren tesi eta irizpide desberdinak biltzeaz gain, manipulazioaren arriskutik salbatzeko moduko zalantzak haizeatu ditu, "gizakia izateko modu asko" baitaude
Galdera. Nola definituko zenuke liburua: testuliburu hutsa da, ala galdera bilduma bat?
Erantzuna. Gauza biak, nire ustez. Alde batetik, unibertsitateko ikasleei zuzendutako testua da, baina aldi bereran, kapitalismo aitzinatuko gizarteak aztertzeko teoria nagusiak aurkezten ditu. Ez daukagu errealitate osoa hartzen duen teoriarik, eta ezin dugu etxeko giltzak galdu dituen mozkortiarena egin. Hura farol baten azpian zebilen giltzen bila, baina ez giltzak bertan zeudelako, baizik eta argituta zegoen leku bakarra zelako. Liburuaren helburua ez da soluzioak eskaintzea, zalantzak eragitea baizik. Hori baliagarria izango da ortodoxiatik aldendu eta geure burua ere hobeto ulertzeko.
"Historiaren objektibitatearekin batera oroimena dago, eta honek ez ditu gertaerak kontuan hartzen, izan zitekeena eta bete ez zena baizik"
"Identitatearen eraikuntza gizabanakoaren esku geratu da, eta ondorioz, arazo estrukturalei soluzio biografikoak eman behar zaizkie"
G. Denok dakigu zer den eskizofrenia, baina ez integrazio sistemikoa. Zergatik ez du lortu soziologiak psikologiak lortu duen oihartzun soziala?
E. Jende askok daki eskizofrenia zer den, baina baita ere burokrazia, identitatea, rola, sozializazioa edo legitimazioa. Arazoa beste eremu batean kokatzen da: psikologiaren ikerketa esparrua -psikea- ondo mugatuta dagoen bitartean, soziologiaren mugak askoz ere zabalagaok dira. Horrez gain, gaur pertsonak eta gizarteak bere buruaz egiten duen gogoetak izaera soziologikoa du funtsean, eta egungo eztabaida akademikorik entzutetsuenak Giddens, Habermas, Beck edo Castells bezalako egileen ekarpenen ingurukoak dira.
G. Historia ezagutzen ez duten herriak historia errepikatzera kondenatuta omen daude. Zer gertatzen zaio bere burua ezagutzen ez duen gizarteari?
E. Historiaren egitekoa iragana gertatu zen eran ezagutzea da. Baina historiaren objektibitatearekin batera oroimena dago, eta Reyes Matek dioenez, oroimenak ez ditu gertaerak kontuan hartzen, ez-gertaerak baizik: izan zitekeena eta bete ez zena, Txillidaren obren hutsuneak alegia.
G. Euskal gizarteak ba al du soziologiaren ikuspegitik inguruko gizarteetatik bereizten duen ezaugarririk?
E. Bai, ezaugarri kultural propioak ditu, baina horrek bizimodua aukera hutsa dela erakusten du, hau da, gizakia izateko modu anitz daudela. Arazoak kulturak naturalizatzean sortzen dira, lurraldeko mugak eta gu eta haien arteko desberdintasunak markatzen direnean. Kasu hauetan, erne egon behar dugu nagusigoaren eta uniformetasunaren mehatxuen aurrean.
G. Soziologiaren ikuspegitik ere, zein izan liteke hemen elkarbizitza ideologiko, kultural eta soziala lortzeko giltzarria?
E. Gizarte aurreratu batean onartezina da bizidunak hildakoen menpean jartzea, eta paradoxikoa da fede-komunitate bat eraikitzeko ahaleginak estrasozialak izatea: lurraldea, tradizioa, historia, eta abar. Elementu horiek guztiak nazioa osatzeko diskurtsoa jasoko duten pertsonengandik kanpo daude. Kasu honetan, beraz, autodeterminazioa ez da determinazio askea, helburu batera kateatzea baino.
G. Politikariek soziologo samarrak izan beharko lukete? Bestela esanda: soziologoak politikari egokiak izango lirateke?
E. Politikagintzan sartutako soziologoa botere bila dabilen politikaria da. Sistema politikoa kontrolatzea da gakoa. Iritzi publikoak sistema politikoa era egokian kontrolatzen baldin badu, boterearen zirkulazio demokratikoa beteko da, eta irtenbidea emango zaie bizitza pribatuaren eremuan gatzatzen diren arazoei.
G. Indibidualismo kontsumitzailera jotzen ari den gizarte honetan, zein da soziologiaren egiteko nagusia?
E. Gizarte industrialaren kolektibo nagusiak desagertzen ari dira. Identitatearen eraikuntza gizabanakoaren esku geratu da, eta oraingo kontraesan sistemikoei, arazo estrukturalei, soluzio biografikoak eman behar zaizkie.
G. Teknologia berriek ekarri duten errealitate berriaren haritik, ziber-soziologia berri bat sortu beharko da?
E. Ez dut uste. Soziologoak aski du ikerketa eta liburuez baliatzea. Alabaina, unibertsitatean mamitzen ari diren taylorizazio eta burokratizazio prozesuak irakaslegoa estutzen ari dira. Irakurtzeko denborarik ez dagoenez, kualifikazio maila gero eta baxuagoa da. Zombi-instituzio bat bihurtzeko zorian dago unibertsitatea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.