"Egun presa handia dago, baina batzuetan ipuinek itxoin behar dute"
Haur eta gazte literaturaren txokotik, Mariasun Landaren (Errenteria, 1949) itzala muga guztien gainetik hedatu da. Lizardi eta Euskadi sariak ez ezik, duela lau urte Espainiako Literatur Sari Nazionala ere irabazi zuen. Berrikitan, hautagai izendatu dute Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundeak (IBBY) antolatzen duen Andersen sarirako.
Galdera. Parisen Filosofia ikasi ondoren, orduko mugida euskaltzalean sartzea erabaki zenuen 23 urterekin. Zergatik?
Erantzuna. Biografia habemus. Ni familia euskaldun batean jaio nintzen, baina garai hartako arrazoiengatik, ez zidaten hizkuntza transmititu. Aitonak ez zekien erdaraz eta nik ezin nuen berarekin hitz egin. Horrek halakoxe tristura sortzen zidan, eta amorrua ere bai. Frankismoaren garai hartan, gainera, nolabaiteko konpromisoa hartzeko beharra sentitzen nuen. Horrek bultzatu ninduen euskara ikastera, eta metodologiarik eta euskaltegirik ez zegoenez, Zarauzko ikastolan aurkitu nuen behar nuen giroa, garai hartan irakasle zebiltzan Andu Lertxundi, Imanol Urbieta, Jose Antonio Ormazabal, Juan Martin Elexpuru, Txiliku eta abarren ondoan.
"Heriotzaz eta sexualitateaz idatzi dut. Haur eta gazte literaturan edozein gai erabil daiteke; erabiltzeko modua da benetako erronka"
"Originaltasun minimo bat lortzeko, benetan nahi dugunaz idatzi behar dugu, ausardiaz eta seriotasunez, estereotiporik gabe"
G. Berehala, ikasleei zuzendutako ipuinak idazten hasi zinen.
E. Gaurko ikuspegitik misioetako lana ematen du, baina garai hartan, ikasgaiak irakasleek prestatu behar zituzten aurretik, eta gero multikopistatik atera. Nik ikasleei zer irakurria emateko ekin nion ipuinak idazteari. 80ko hamarkadaren hasieran, hemengo argitaletxeak sortu eta nik idatzitako ipuinak eskatu zizkidaten. Halaxe argitaratu zidaten Amets uhinak liburua. Izenburua ikasleek aukeratu zuten.
G. Nola aldatu da geroztik zure mundu-ikuskera?
E. Urteak pasatu ahala aldatuz joaten gara. Lehenengo ipuinetako erreferentzia literarioak nire haurtzaroko irakurgaiak izan ziren: Altxor Uhartea, Mujercitas, Heidi, Salgariren obrak... Gero, haur eta gazte literatura modernoa deskubritu nuen Rodari, Nöstlinger eta Griperen eskutik, eta ereduz aldatu nintzen.
G. Aldaketa horren haritik sortu zen Txan fantasma, 1982ko Euskadi Saria irabazteko aukera eman zizuna.
E. Ipuin horretako gaia kontzienteki aukeratu nuen. Lore eta txoriz betetako haur literaturatik ihesi, bakardade itzela daukan haur baten kontaketa osatu nuen, gerora errealismo kritikotzat jo zutena. Kanpora begira, Txan fantasma-k zirrikitu bat zabaldu zidan, lau hilabete geroago erdaraz eta katalanez argitaratu baitzidaten.
G. Fantasma asko uxatu al duzu literaturaren makuluaz?
E. Mamuak ez nuke esango, barne fauna baizik. Ipuinak argiaren pean edo iluntasunaren pean idatz daitezke. Umorearen tratamenduagatik eta gaiagatik, ipuin batzuk argiz betetakoak dira, baina beste batzuk idazlearen alde ilunetik sortutakoak dira, batez ere idazlea ez denean oso kontziente zer kontatzen ari den. Nire ipuinetan, urteak pasata konturatu naiz nola eta zergatik atera ziren hasieran apoak, gero arkakusoak, gero elefanteak eta bukatzeko krokodiloa. Haur literaturak geure baitan dauden gauza batzuk deskubritzeko aukera ematen digu.
G. Zeintzuk dira zure tabuak?
E. Kontzienteki ez daukat taburik, baina badaude batere interesatzen ez zaizkidan gaiak: gai eskatologikoak, umore erraza edo fantasia soileko literatura, orain puri-purian dagoen korrontea izan arren. Ipuin batzuetan heriotzaz eta sexualitateaz idatzi dut, eta haur eta gazte literaturan edozein gai erabil daitekeela uste dut; erabiltzeko modua da benetako erronka.
G. Horrek zentsuraren esparruan sartzen gaitu.
E. Zoritxarrez, haur eta gazte literatura gero eta zuzentasun politikoaren menpekoagoa da, sormenaren kaltetan. Estatu Batuetan, adibidez, komeriak izan nituen Errusikako taberna giroko eszena bat mantentzeko, haurrek ez dutelako tabernara joan behar, editoreen esanetan. Beste eszena batean, pertsonaia batek zigarro bat erretzen du urduri treneko komunean, eta eszena horretan ere duda egin zuten, marihuana erretzen ari ote zen arduratuta.
G. Zein da zure sekretua interes unibertsaleko ipuinak osatzeko?
E. Sekreturik banu ez nizuke esango, baina zoritxarrez ez dago sekreturik. Originaltasun minimo bat lortzeko, benetan nahi dugunaz idatzi behar dugu, ausardiaz eta seriotasunez, estereotiporik gabe. Eta ikusten baduzu idatzitakoa ez dagoela ondo, itxaron. Gaur egun presa handia dago, baina batzuetan ipuinek itxoin egin behar dute.
G. Askok ipuingintzaren Oscartzat jotzen duten Andersen sarirako hautatu berri zaituzte. Nola hartu zenuen albistea?
E. Haur eta gazte literaturan ez dago alfonbra gorririk. Espainian Andersen sari bakarra dago: Marcelino, pan y vino. Andersen saria Hollywood baino zailagoa da, baina oso pozgarria da izendapen horrek dakarren Estatu mailako errekonozimendua.
G. Espirituz haur izan behar al da literatura mota horretan jarduteko?
E. Behar hori ezabatuko nuke, baina bide polita da norberaren baitan dagoen haurrari kasu egitea.
G. Zein izango da zure barne faunako hurrengo alea?
E. Zoologikoa itxita dago.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.