Gatazkaren ikuspegi literarioak
Hamar idazlek "euskal auzia" eta literaturaren arteko harremanak aztertu dituzte UEUren liburu berri batean
Euskaraz idazten duten idazleak "euskal gatazka"ri begira jarri dira Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) enkarguz. Emaitza Ibon Egaña eta Edu Zelaieta unibertsitate-irakasleek apailatu duten Maldetan sagarrak, euskal gatazka euskal literaturan izenburuko artikulu-bilduma izan da, "ondorio nagusirik eza ondorio nagusi duen liburu aberasgarria", Zelaietaren esanetan. Egañak "aniztasuna" azpimarratu du lanaren ezaugarri nagusitzat, "ahots diferenteak elkartu baititugu gai beraren inguruan".
Euskal gatazkak, aldez edo moldez, "azken hiru hamarkadetako euskal literatura markatu du", Maldetan sagarrak liburuaren egileen iduriko. Horrela, Franco jenerala hil zenez geroztik, indarkeria politikoa ezinbesteko osagai eta mintzagaia izan da Saizarbitoriaren Ehun metro, Arestiren Harri eta herri, Atxagaren Gizona bere bakardadean, Lertxundiren Zorion perfektua, Sarrionandiaren Kolosala izango da, Olasagarreren Ezinezko maletak, Jimenezen Kilkerren hotsak eta euskal literatura garaikideko beste 30 liburutan, gutxienez.
Indarkeria politikoari buruzko ikuspegia aldatu ahala, idazleek gizartean gertatu den bilakaera islatu dute
Ditxosozko "euskal arazoa", beraz, euskal literaturaren ageriko gaia izan da urte hauetan guztiotan, baina inor ez zen arduratu gatazka idazleen ikuspegitik aztertzeaz, harik eta, 2005eko udan, Biarritzeko Ostalaritza lizeoan, UEUko Literatura Sailak Euskal gatazka euskal literaturan izeneko bost eguneko ikastaro jendetsua antolatu zuen arte. Hantxe sortu zen oraingo liburua osatzeko asmoa.
"Orokorrean, irakurle bakoitzak ikuspegi bat erabiltzen du gatazkaren auziari aurre egiteko; ildo honetan, liburua gizartean dagoen pluraltasunaren islatzat jo genezake", azaldu dute UEUko Literatura Sailaren arduradunek.
Zalantzarik gabe, "gatazka" hitzari neurria hartzea izan da liburu honetan gogoeta egin duten hamar idazleen zereginik behinenetakoa. Ibilbide ideologiko-poetikoa gatazkaren euskal poesian izenburuko artikulua idatzi duen Jon Benito poeta zarauztarraren hitzetan, "literaturak gatazka behar du, gatazka morala". Euskal literaturaren azken urteotako norabidea baldintzatu duen testuinguru politikoari dagokionez, "gatazka gerraren beste izena baizik ez da", Aingeru Epaltzaren ustez.
Euskal gatazkaren kontzeptua indarkeria politikora inguratzen duen ikuspegi horretatik abiatuta, Harkaitz Canok duda egiten du Mina eta artifizioa artikuluan noraino izan daitekeen zilegi besteren sufrimenduak fikziorako lehengaitzat erabiltzea.
Kontu honetan, Maldetan sagarrak liburuan parte hartu duten idazle guztiak bat datoz indarkeria politikoaren literatur tratamenduan gertatu den bilakaera azpimarratzerakoan. "Bilakaera horretan ere, euskal idazleak gizartean gertatu den ikuspegi-aldaketa islatzera mugatu dira", azaldu du Egañak.
Aritz Gorrotxategik izenburu ezin adierazkorragoa ezarri dio bilakaera horren nondik norakoak laburbiltzen dituen Nobela psikologikotik nobela etikora artikuluari. Donostiarraren iritziz, euskarazko literaturak gatazkaren jatorri eta zergatiei so egiten zien duela urte batzuk, baina gaur egun ondorioen gaineko gogoeta proposatzen duten ikuspegi etikoagoak nagusitu dira.
Itxaro Borda, bere aldetik, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Txillardegiren Exkixu eta Atxagaren Gizona bere bakardadean nobeletan oinarritu da Bortizkeria, idazlea eta zenbait gai oraino artikulua osatzeko. Azterketa horren haritik, indarkeria politikoaren eragileak "gudari izatetik terrorista izatera" iragan direla iradoki du Baionako idazleak. Ikuspuntu-aldaketa horren erdian, literaturak "zalantzaren hazia ereiten" lagundu duela azpimarratu du Epaltzak, gatazkaren inguruko tabuak lausotuz.
"Literaturak tabuak, aurrejuzkuak eta estereotipoak hautsi behar ditu, horixe baita bere zeregin nagusietakoa, baina zer gertatzen da tabu edo aurriritzi horiek idazleak harrapatzen dituztenean?", galdegin du Zelaieta Maldetan sagarrak liburuaren egilekideak.
Gertatuak gertatu, gasteiztarrak "ahalegin intelektuala" eskatu die euskal idazleei, "libreagoak izan eta gutxienez zauria non den markatzera ausar daitezen". Horretarako, Harkaitz Canok "ote eta omen" bezalako partikulak sarriago erabiltzea gomendatzen du, euskal idazleei gatazkaren inguruko fikzioa lantzeko ardura egotziz, erdazko idazleek idatzitakoari itxaron gabe.
Ildo honetan, Jokin Muñozek euskal gatazkaren inguruko fikzioa "distantziaz" landu behar dela uste du, Espainiako literaturan Gerra Zibilarekin gertatu den bezalaxe.
"Nik uste dut hemen, biolentzia politikoaren amaierarekin batera, testimonio literatura, literatura autobiografikoa eta abar, nagusituko direla", idatzi du Ohe azpia artikulu mamitsuan. Nafarraren iritziz, gatazka literatura bihurtzeko ahalegin horretan, zalantzak idazleen "akuilu eta gidari" funtzionatu beharko luke.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.