Lurrari izena eman zietenen arrastoan
Burgosko euskarazko toponimoei buruzko hipotesi berria sortu du historialari galestar batek
VIII. mendearen hasieran, musulmanek ia penintsula oso menderatu dute. 740 eta 741 urteen artean, inbasoreen aginduetara ari diren bereberrak haien aurka matxinatu dira, guda-zelaian isuritako odolaren truke garaipenen hondarrak besterik jasotzen ez dutela-eta kexu baitira. Matxinadak kalte handia egin die Islamaren soldaduei. Penintsulako ipar-mendebaldeko koadrantea jabe jakinik gabe geratu da, ez inbasoreek ez iparrerago gotortu diren kristauek ez baitute oraindik lur horiek bereganatzeko adinako indarrik. Testuinguru historiko hori baliatu dute gaur egungo Arabatik joandako hainbat etorkinek (gehienbat abeltzainak eta artzainak ziurrenik) Burgos aldean lur berriak bereganatzeko, Demanda Mendilerroko harkaitz babesgabeetan. Heldu berriek jatorrizko hizkuntza daramate berekin, euskara. Eta euskaraz izendatu dituzte asentamendu berriak.
Hitz gutxitan, ondorio horretara iritsi da David Peterson (Cardiff, Gales, 1966) historialaria, inguru horretako antzinako toponimia aztertu ondoren. Erdi Aroko Historian doktore Burgosko Unibertsitatean eta Historian lizentziatu Oxforden, La Sierra de la Demanda en la Edad Media izeneko tesian bildu ditu lanaren emaitzak Durangon (Bizkaia) 18 bizitzen daramatzan adituak.
Prozesu historikoa
Liburuan euskarazko toponimia ez ezik, aztarna semitikoak eta bisigodoak ere analizatu ditu, bereziki Donemiliaga Kukulako (Errioxa) santutegiko artxibategietan gordetzen diren agirietako informazioa oinarri hartuta. "Nire lanak dakarren berrikuntza nagusia fenomeno hori (euskarazko toponimoen agerpena) gertatzen den prozesu historikoa zehaztea da, VIII. mendearen erdialdean hain zuzen ere", azaldu du ikertzaileak. "Testuinguru historikoa zehazteak kronologia sendoagoa ematen dio guztiari", erantsi du.
Izan ere, egile askok aztertu dituzte Burgosen eta Errioxan antzina izan ziren euskal jatorriko toponimoak, tartean Koldo Mitxelenak berak. Zenbait egileren arabera, leku-izen horiek erromatarren garaian sortu ziren; beste zenbaitek, berriz, Nafarroako erresumaren hedapenarekin batera (X. mendetik aurrera) lotzen dituzte. Petersonek, ordea, garai hartako gertakizun beliko eta politikoak erabili ditu bere tesia oinarritzeko. VIII. mendean, egungo Errioxa Casio kondearen kontrolpean zegoen, musulmanen zerbitzari berau; Burgos aldea, berriz, Kantabriako konderriari zegokion. Muga hori, oro har, bat zetorren gaur egungo banaketa administratiboarekin. "Oso esanguratsua da aztertu dudan toponimia muga horren mendebaldean agertu dela, musulmanen kontroletik kanpo geratu diren lurretan zehazki, beraz fenomenoa ez da uste genuen bezain nafarra", zehaztu du.
Azalpen koherentea
Monte Massoa (Basoa), Larrehederra. Gomenzubi eta Ocharanna latinezko esaldien artean nabarmentzen diren euskal kutsuko leku-izenak dira. Donemiliana Kukulako santutegian 945. urtean idatzitako Becerro Galicano (zekor-larruko azala duen liburua, galikano motako tipografiaz idatzia) liburuan ageri dira. Guztiak Demanda Mendilerroko lekuak izendatzeko sortu zituzten. Historian aditu izanik, Petersonek Henrike Knörr eta Joseba Lakarra hizkuntzalariengana jo zuen iritzi eske. "Daviden hipotesia oso koherentea da", laburbildu du Lakarrak. Honen esanetan, "eszenatoki errazagoa eta sinesgarriagoa aurkitu du euskarazko toponimoen agerpena azaltzeko".
"Guretzat gauza horiek garrantzitsuak dira euskara zaharra aztertzeko", erantsi du Lakarrak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.