Desagertuak
Norbait, ezaguna izan ala ez, gure ingurutik nahita eta bere kasa desagertzen denean, norbait horren arrastoa erabat galtzen denean, zerbait aldatzen da gure baitan. Halako desagertzeak, izan ere, normalen lo edo erdi lo egoten diren gogo eta irrikak iratzartzen ditu. Ez da misterio kontua soilik, bekaitza ere badabil tartean. Denok, gure bizitzako une batez bederen, desagertu ginela amestu baitugu, eta toki urrun batera joanik bizi berri bati ekin geniola. Denok, edo gehienok.
Iragana ezin denez garbitu, gehienez pintatu eta kolorez zipriztindu baizik, iraganean izan garenak irauten duenez orain garen honetan, ez da nahikoa izaten edozein aldaketa. Norbaitek hauts lezake bere familiarekin, eta joan daiteke gurasoen etxetik, herritik, aberritik, beste etxe, herri edo aberri batera. Baina lehen zena izaten segitzen du, nonahi denean ere. Batek hauts lezake bere senar edo emaztearekin eta beste senar edo emazte bat hartu ordainetan. Baina lehen zena izaten segitzen du, norekin nahi den ere. Batek bere lana beste lan batez alda lezake, eta ilea tindatu eta mustatxa utzi sudurpean, sekula jantzi ez dituen arropak jantzi, sekula entzun ez duen musika entzun, komunista edo faxista egin, edo biak batera, gertatzen dena, noski. Baina aldaketa horiek guztiak, garrantzizko aldaketak diren arren, txikiak dira. Funtsean, ezer gutxi kanbiatzen dute.
Aldaketa erabatekoa desagertzearekin batera etorri ohi da. Hala ere oso jende gutxik hartzen du halako erabakia. Errazagoa eta merituzkoagoa izaten da iraganaz beste egitea, orainaz beste egiteke. Merituzkoa eta sariztatuagoa, behar den gisa, gainera. Izan ere, asko dira iraganik gabe oraina berriztatu dutenak, zer egingo dugu bada. Bide erdia baino ez dute egin, dena dela, iraganean izan zirena desagertu egin da, beraiek desagertzeke. Areago esango nuke, ez desagertzeagatik, lortu dute lortutako guztia, edo lortzeko bidean direna. Ibai batean sartzea bezala izan zaie, garbi eta usaintsu atera dira, oraineko moldeen arabera. Bataiatuak izan dira, beste erlijio batera egin dute sarrera, eta jakina da erlijioak nola zaharra berriztatzen duen, eta berria zahartzen, hemengoa dena hemen ez den lurraldera bultzatzen eta hemengoak ez diren helmugetara abiarazten.
Erlijiora sartzea, edo erlijioaz aldatzea, izan ohi da, besterik ezean, mundutik desagertzeko modu bat, modu onartu eta goraipatua. Modu santu eta intsentsu usainekoa. Baina desagertze hori, denik eta behinena izanik ere, ez da erabatekoa. Zirrikitu bat uzten zuen, uzten du, lehengo denboraldi eta mundualdiari, lehengo bizialdiari begiratzeko. Erlijioan sartzea erabakitzen duenak, izena aldatuta ere, mundu honetatik kanpo bada ere, munduan da eta bizirik den bitartean ikusgarri ere bai.
Arrastorik gabe desagertzen dena hil egiten da, desagertu den tokian eta tokikoentzat. Arrastorik gabe desagertzen denak betirako hausten ditu ordura arteko loturak oro: bere buruarekikoak eta besteekikoak ere bai. Beste nonbait ager daiteke, izenaz beste eginik, eta beste izen bat onarturik, izenik gabe ez baitago izaterik gure gizarte honetan. Beste nonbait ager daiteke beste bat bihurturik, beste bat dela sinetsirik. Berriro jaio balitz bezala da. Izateke bada, eta izan daiteke hutsetik hasita. Horra hor misterioaren giltza. Zirraragarria da ekintza, menturazkoa, halabeharraren morroi.
Duela gutxi irakurri nuen gizon bat etxetik desagertu zela. Senide eta adiskideek kezkaturik bilatu zuten nonahi, baina ez zuten aurkitu. Azkenik, bera itzuli zen. Etxe aurrean iragan zituen egunak eta gauak, emaztearekin bizi zen etxearen aurreko putetxean. Horra hor desagertzen denaren erronka. Ez du inork aurkitzerik nahi, baina bila ibil daitezen nahi du. Eta pentsatzekoa da ondorio aldagaitzak dakartzan erabakia hartzen duenak arrazoi sendoak dituela horretarako: onartu ezin den iragana edo onartu ezin den oraina, onartu ezin den gorputza edo onartu ezin den arima. Bere horretan onartu ezin den bizia, azken finean.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.