Pizzaren izena
Duela gutxi eman da ezagutzera Irango gobernuak, presidenteak berak horrela erabakita, hainbat gauzaren izenak aldatzeko agindua eman diela persiera modernoaren hizkuntz akademiako kideei eta, oro har, Irango gizarteari, hitz berrien erabilera azken finean hango biztanleen esku baitago. Arrazoia: hitz horiek beste hizkuntza batzuetatik mailegatuak izan dira, kasu askotan mendebaldeko hizkuntzetatik, eta aski ondo dakigu mendebaldeko hitzekin batera mendebaldeko bizioak eta pentsamolde aldrebesak sustraitzen direla gizartean. Akademikoek bi mila bat objekturi farsieraz ematen zaizkien izenak aldatzeko lanari ekin diote buru-belarri eta lehenbiziko emaitzak argitara eman dira dagoeneko.
Hemendik aurrera, pizza arrunt bat jan beharrean iraniarrak "ogi elastiko" bat jatera, hori posible bada, ohitu beharko dira, hango agintariek erabaki dutenez. Ordenadorearen bitartez beste gizaki batzuekin harremanetan jartzen direnean zuzen-zuzenean, ez dira txateatzen hasiko; "solasaldi labur" batean murgilduko dira.
Horrela, pixkanaka eta hitz berrien jatortasuna lagun, mendebaldetik iristen zaizkien arriskuak uxatuko dituztelakoan daude, munduaren (edo, behintzat, Iranen) globalizazioaren aurka hitzez eraikitako hesi horri esker. Hitzekin batera heltzen diren eraginak beste modu batera ulertzen omen dituzte arabieraren kasuan: hor ez dago arrazoirik lexikoaren garbiketa abian jartzeko, islamiar munduaren globalizazioa ez baita han arazo, agian bertute baizik.
Ekimen honek beste tradizio linguistikoetan eman izan diren tendentzia puristak gogora ekar dezaketen arren, badu oso berea den ezaugarri bat. Objektu berri baten kasuan, maileguaren ordez proposatzen den neologismoa berehalakoan hasi behar da erabiltzen edo, bestela, objektu berri horren izen gisa finkatua izateko aukera ia guztiak galtzen ditu. Dekretuen bidez eragindako izen-aldaketa masiboak ezagunak dira batez ere toponimian. Aldaketa politiko sakon eta gehienetan bortitzak izan direnean, berrizendatzeak maiz eman izan dira.
Hiru mende baino ez dituen San Petersburgoko hiriak hiru izen-aldaketa pairatu ditu (eta denak azken mendean) bere historia laburrean: San Petersburgotik Petrograd izatera pasatu zen 1914an; handik gutxira Leningrad bihurtu zen (geroago Volgograd izeneko hiria Stalingrad bilakatuko zen bezala); eta duela hamabost urte berriro itzuli zen 1703an eman zitzaion lehen izenera. Tartean, jakina, munduko lehen gerratea, boltxebikeen iraultza eta Sobiet Batasunaren desagerpena.
Bestalde, lurraldeen norbereganatzea izenaren izanarekin lotuta egoten denez gero, ez da harritzekoa bigarren eskuko berrizendatzeak aurkitzea, toponimiaren lege arrunten kontra. Euskal Herria adibide argia izan daiteke hemen, toki-izenen euskalduntze berantiarrak nahiko hedatuak baitaude.
Baina Irango erreformak aipa litezkeen muga guztiak gainditu ditu. Aste bakarrean bi mila bat hitz atzerritar bertako bihurtu dituzte farsieraren erroak erabiliz. Baina gogorrena, artean ere, ez da hori. Prozesu osoari Orwellen amesgaizto baten itxura ematen diona zera da, hitz horiek apelatibo arruntak direla (ez izen propioak).
V. Klemperer hizkuntzalariak aztertutako alemaniar lexikoaren aldaketa III. Reichean ez dago, zentzuren batean, Irango kasutik hain urrun. Gizarte baten bortxazko aldaketa honek darabilen hizkuntzaren aldaketatik hasi behar dela argi izan dute kalterik larrienak eragin dituzten totalitarismo guztiek. Iranen hartutako erabakia ere ezin da beste modu batera ulertu.
Emango luke, artean ere, saio nahikotxo izan dela orain arte norabide berean, eta gizarteen eskarmentuak berriak ez diren eraso hauek galerazi beharko lituzkeela. Bestalde, hizkuntzaren izaera sozialean sinesten duen edonork erreforma honen porrota besterik ez du iragarriko, hizkuntzak ez baitira dekretuz aldatzen. Baina zalantza deseroso bat geldituko zaigu beti, oraindik seguraski ez dugulako dena ikusi. Iraniarrek "pizza" jateari uzten badiote, hobe izango dugu geure makarroiak beratzen jartzea.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.