"Ideia aurrerakoien gainetik, gazteek eutsi egiten diete lehengo sinesmenei"
Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak 80 urte beteko ditu asteazkenean. Jakingura izan du lagun bizitza osoan, eta oraindik ere ikerketarako gogoa eta jakin-nahia duela ziurtatzen du. Egun, ordea, autoa gidatzeak beldurra ematen omen dio, eta trenez edota adiskideren batekin joaten da herriz herri jendeak zer kontatuko dion aditzera. Kontu interesgarriak nork kontatuko dituen eta nork ez ere, denborarekin ikasten den abilezia dela dio. Han-hemenka bildutako jakingarri guztiekin, 64 liburu argitaratu ditu lanean egin duen mende erdi luze honetan,
Galdera. Tolosan jaio eta egun ere bertan bizi zara. Aita argizarigile zenuen baina zuk ikerketari ekin zenion. Zergatik?
Erantzuna. Tamaina orotariko kandelak eta argizariak egin ziren gure etxean: aitak, aitaren osabak eta baita haren aurrekoek ere. Aitaren lanbidea galtzen ari zela ohartu nintzen, eta horrek garai eta ohitura haiek jasotzera bultzatu ninduen. Hala, apunteak hartzen hasi nintzen, nola egiten ziren kandelak, zertarako erabiltzen ziren eta gauzak nola aldatzen ari ziren jasotzeko asmoz, galdu baino lehen.
"Euskara altxor prehistoriko bizia da, munduan den bakarra, alegia; horren jakitun izanik, euskaraz mintzatu beharko genuke etengabe"
"Ikertzaile berriak badaude, baina berehala uzten diote lanari, ofizio honek neke asko eta diru gutxi ematen duelako"
G. Zure haurtzaroa eta gaztaroa nolakoak izan ziren?
E. Haurtzaroko oso oroitzapen onak ditut. Bi neba izan nituen, baina anaia ez nuen ezagutu, jaio eta egun gutxitara hil baitzen. Arreba aldiz, lau urte zituela zendu zen. Nik bera ezagutu ez banuen ere, berak ni ezagun ninduen eta beti daramat bihotzean. Hamahiru urte nituela Oronozera (Nafarroa) bidali ninduten eskolara. Irakasle onak izan nituen, baina nik ez nuen bertako diziplina batere laket, inoiz ez bainaiz oso diziplinatua izan. Gero, Deustuko Unibertsitatean izan nintzen.
G. Filosofia eta Letrak ikasi ostean, Julio Caro Baroja izan zenuen doktoretza zuzendari. Nolako irakaslea zen?
E. Julio Caro Baroja oso adiskide ona izan nuen. Eusko Ikaskuntzako nazioarteko aldizkariko zuzendari izan zen 11 urtez, eta ni koordinatzaile. Urtetan elkarrekin lanean aritu ostean zerbait itsasten zaizu. Oso pertsona ona zen, jakintsua, apala, eta batez ere euskaltzalea.
G. Ikertzen hainbeste urte emanda, jende eta kontu bitxiak barra-barra entzungo zenituen.
E. Bai jendearekin solasean anitz ikasten duzu. Aurrean duzunak zer edo zer interesgarririk esango dizun edo ez, apunte ugari hartuko dituzun... Hau ordea, ez da zientzia zehatz bat eta hanka sartzen da sarritan. Noiz edo noiz gertatu izan zait, aurrean ezer kontatuko ez zidan norbait nuela pentsatu eta izugarrizko sorpresa hartzea. Gogoratzen dut, Arabako Uriabarriaran herrian, Nikolas Lopez de Ziordia zurgina ezagutu nuela. Hura ikusi nuenean, esperantza gutxi hartu nuen, baina azkenean sekulakoa izan zen, bere ofizioaz izugarri baitzekien.
G. Han-hemen bildu dituzun sinesmen, istorio eta usadioen artean, zein izan da bereziki atentzioa eman dizuna?
E. Askok erakarri naute, batez ere sorgin eta arao kontuetan. Behin, konjuruetan sinismen handia ez zuen apaiz baten istorioa aditu nuen. Emakume batek senarrari ganbaran saguak zirela eta konjurua egin behar zela esan omen zion. Hura apaizarengana joan zen eta eliz gizona akolitoarekin joan zen konjurua egitera. Amaitu zutenean, mutila aurreratu zitzaion eta sakristiara iritsi zenean, han ere sagua topatu omen zuen. Apaiza iritsi bezain pronto, bertan ere araoa egin beharko zela esan omen zion, baina sakristian pozoia jartzeko ihardetsi zion.
G. Herri-medikuntzaz ere liburu pare bat argitaratu duzu. Nondik atera duzu informazioa?
E. Batez ere jendearekin hitz eginez. Iñaki Barriola sendagilea oso jakituna da petrikiloen kontuetan. Buruko mina zela, hankako mina zela... hainbat gaitz sendatzen omen zituzten, fedearen indarra mugaezina baita.
G. Antzinako sinesmen eta usadio hauek ba al dute baliorik egungo gizartean?
E. Egun sinesmenak atzerakoiak kontsideratzen dira eta ni ez nago ideia horrekin ados. Hainbat gauzatan sinetsi beharra dago. Egun, sinesmenak atzerakoiak kontsideratzen dituzten askok beste gauza zoro eta xelebreagoetan dute fedea. Tradizioa ona baldin bada, eutsi behar zaio, garrantzi handia baitu herriaren izaeran. San Joanetako eta Inauterietako tradizioak beren horretan mantendu dira, eta hori ona dela uste dut. Zorionez, gazteek ere balioa ematen diete ospakizun horiei. Gauza eta ideia aurrerakoiak ezartzen dira, baina eutsi egiten zaio eskeletoari, tradizioari.
G. Gazteek ezagutzen al dute gure herriaren historian tradizioak izan duen pisua?
E. Hori kulturaren mailan sartuko genuke. Hizkuntza ere ez da behar bezala baloratzen. Umeak euskaraz mintzatzen badira ere, helduek ez diete hizkuntza berean erantzuten. Euskal Herrian ez zaio kulturari eta hizkuntzari duen garrantzia ematen. Euskara altxor prehistoriko bizia da, munduan den bakarra, alegia. Horren jakitun izanik, etengabe euskaraz mintzatu beharko genuke. Zortzi lagunen artean baten batek euskaraz ez badaki, gaztelerara jotzen dute edukazioagatik, baina alderantziz izan beharko luke: errespetuagatik ez dakienak ikasi egin beharko luke.
G. Seguraren inguruko liburu bat argitaratzeko asmoa omen duzu.
E. Jose Garmendia Arruabarrena apaizak gutun bat idatzi zidan 1974. urtean, Segura herriaz zerbait egin nahi zuela, eta ni ez nintzen oso gizon portatu, izan ere, ez nion gutuna erantzun. Apaiz hau duela bi edo hiru urte hil zen eta argitaratu behar dudan liburu hau gizon honi eskaini behar diot. Bertan, nire modura hartu izanaren adierazpena dela azaltzen dut.
G. Amaitzeko, nolako etorkizuna iragartzen diezu euskal ikertzaile gazteei?
E. Ikertzaileak badaude, baina berehala uzten diote lanari, ofizio honek neke asko eta diru gutxi ematen baitu. Nire garaian, sosak ere gutxi, baina indulgentzietan ordaintzen ziguten.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.