Santutegiko poemak
Bitoriano Gandiagaren lanaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko aukera eman du haren lan argitaragabeen bildumak
Olerkari sutsua zen Bitoriano Gandiaga. Idazteko paper eta boligraforik ez zuenean, lurrean bertan zotz batekin bururatzen zitzaion olerkia idazteko gauza omen zen. Poesia sortzeko dohai berezia zuen eta jardun horri etengabe eta nekatu barik ekin zion bizitzan zehar. Horregatik, euskal olerkigintzari egindako ekarpena oso oparoa da.
Hiltzerakoan, Arantzazuko Santutegiko bere gelan altxor bat utzi zuen: argitaratu gabeko izkribu mordoa. Idatziok aditu talde batek aztertu eta horien artean hautaketa egin ondoren, Elkar eta Arantzazu argitaletxeek eta Labayru ikastegiak Bitoriano Gandiagaren Poema Argitaragabeak olerki-bilduma argitaratu dute., Bizkaia eta Gipuzkoako aldundien babesarekin. Haren olerkigintzan behin eta berriro errepikatzen diren gaiak irizpidetzat hartuta, lau liburukitan banatu dago argitalpen berri hau eta beste horrenbeste kolaboratzaile izan dira bakoitzaren prestakuntza eta edizioa egiten. Sebas Garcia Trujillo ekonomilari eta euskal filologoak Biziminez izenekoa egin du; bertan, bizitza, heriotza eta denborarekin lotutako olerkiak jasotzen dira. Izadiminez delakoa Iñaki Sarriugartek prestatu du, natura ardatz nagusi hartuta. Paulo Agirrebaltzategi fraile frantziskotarrak, aitzitik, Euskal Herria eta euskararekin zerikusia duten olerkiak batu ditu Euskalminez-en. Azkenik, Gandiagaren erlijioaren gaineko kezka eta zalantzei buruz mintzo diren poemak Jainkominez liburukian agertu ditu Patxi Ezkiagak.
Idazlearen poesiaren esanahia modu sakonagoan ulertzen lagundu du lanak
Orain arte giltzapean egon diren olerkiok argitara emateko moduan jartzea lan delikatu eta neketsua izan da. Idatzi askok zuzenketak zituzten eta maiz esanahi bera adierazteko hitz bat baino gehiago zerabilen, eta olerkia behar bezala taxutzerakoan arazoak eman izan ditu horrek. Halaxe azaldu du Garcia Trujillok : "Nire buruari behin baino gehiagotan egiten nion galdera hauxe zen: nor naiz ni olerki honi itxura hau edo bestea emateko edo modu honetara moldatzeko?".
Liburuko kolaboratzaile bakoitzak poema askoren artean egokienak aukeratu behar izan ditu sailkapen prozesua apurka apurka eginez: lehen hautaketatik beste bat egin eta bide horri eutsi behin betikoa lortu arte. Aditu honen hitzetan, "lan konplexu samarra da zure lana ez delako, hilda dagoen pertsona batena baizik eta egin duzun hautapenaren inguruan hari galdetzerik ez daukazulako". Izan ere, kalitatearen irizpideari helduta egin da hautapena, Gandiagaren olerkigintzaren maila altuari jarraiki.
Mesede handia egin diote argitaratu berri diren poema hauek euskal olerkigintzari zehazki eta euskal literaturari orohar, Bitoriano Gandiagaren poesiaren esanahia modu sakonagoan ulertzen laguntzen baitute, ukitu zituen gai batzuen inguruan ikuspuntu zabalagoa ematen dutelako eta lehen guztiz osatuta ez zeuden planteamenduak argitzen dituztelako. "Esate baterako, Gandiagak lehen existentzialismoa zeharka jorratzen bazuen oraingoan modu zuzen-zuzenean egiten du. Olerkari gisa heldutasunera heldu dela igartzen da, azaldu du Garcia Trujillok.
Neurriari begira, bestalde, bildumak badu pisurik idazlearen produkzio orokorrean, orotara bostehunen bat olerki biltzen baititu, hil aurretik argitara emandakoen pareko kopurua. Argitaratu ez direnen kopurua, alta, arras handiagoa da eta horien edizioa egitea merezi duen edo ez erabakitzeke dago oraindik. "Kritikoki aztertu behar da dagoen materiala eta tentuz jokatu. Denborak esango du material hori publikoari hurbilarazi behar zaion edo editatu gabe gelditu". Bitartean, hurrengo urratsa Gandiagaren lanak jasoko dituen edizio kritikoa egitea eta hori Internetera eramatea izango da.
Bitoriano Gandiaga Mendatan jaio zen 1928ko urriaren 8an. Bere gurasoak lanean ari ziren bitartean anaia-arreben artean jagole gisa aritzen zen, guztietatik nagusiena baitzen. Parrokia eta eskola Arratzun zituen eta bertako parrokoaren gomendioei jarraituz, 12 urte zituela Arantzazuko frantziskotarren seminariora joan eta beharrezko prestakuntza egin ondoren, bertan fraidetu zen.
Filosofia eta Teologia ikasi zituen eta ikasle zela literatura deskubritu eta harekiko zaletasuna sortu zitzaion. Ikasten ibilitako denboraldian euskara ahaztu zuen, irakaskuntza erdara hutsez izan baitzen, eta bere amak berreskuratzen lagundu zion. Horregatik, berari zor zion euskaraz mintzatzea eta idaztea.
Literaturaren alorrean olerkiak batez ere eta prosa idatzi zituen. Denboraren iraganean idazle gisa hazi zen, bere garaiko olerkari onenen artean kokatuzelariok. Idazketa estilo aparta garatu eta minetik idatzitako (harentzat sufrimendua ezagutza iturri baitzen) poesia pertsonala eta berezia eraiki zuen. Juan Mari Lekuonak bere lanaren gainean emandako definizioak ez du zalantzarako lekurik uzten: "XX.mendeko euskal olerkariak onak, oso onak edo Bitoriano Gandiaga dira".
Gandiagaren lehenengo liburua, Elorri, 1962an kaleratu zen; hamabi urte beranduago, 1974an, Hiru Gizon Bakarka (Gero Mensajero) idatzi zuen. 1977an, Uda batez Madrilen (Efa) etorri zen; 1985an, Denbora Galdu Alde (Erein) eta hurrengo urtean Gabon dut anuntzio (Efa). Hamaika urteko tarte baten ondoren, 1997an Ahotsik behartu gabe (Erein) argitara eman zuen eta 2001ean liburu bi plazaratu zituen: Bizitza Itxaropen delako (UPV/EHU) eta XX. mendeko poesia kaierak - Bitoriano Gandiaga (Susa). Iaz Adio (Elkar) izeneko hil ondoko bere lehenengo liburua argitaratu zen, orain ateratako olerki bilduma bigarrena izanik.
Arantzazuko Santutegian bere bizitza irakaskuntza eta idazketari dedikatu ondoren, 2001eko otsailaren 21ean hil zen, 72 urte zituela.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.