Bertsoaren iraultza
Gaztetasuna eta gaien freskotasuna dira finala Barakaldon jokatuko duen aurtengo Txapelketa Nagusiaren ezaugarri nagusiak
Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak iragana eta geroaren arteko muga zirriborratuko du heldu den igandean, abenduak 18. Finala jokatzeko eszenatokia aldatzeaz gain -Bertsozale Elkarteak Bilbao Exhibition Centreko (BEC) Bizkaia Arena aukeratu baitu Donostiako Belodromoaren ordez-, Txapelketa Nagusiaren hamalaugarren edizio honek bertsolaritzaren geroko bilakaera definituko duten marka kuantitatibo eta kualitatibo berriak ezarri ditu.
Kopuruei so eginez gero, hauxe da bertsolaritzaren historian inoiz antolatu den txapelketarik jendetsuena. BECeko laugarren pabilioian, 12.000 eserleku jarriko dira finala bertatik bertara ikusi nahi dutenentzat -Belodromoan baino 4.500 eserleku gehiago, alegia-, eta antolatzaileek emandako datuen arabera, azken saioa jokatzeko astebete eskas falta delarik, sarrera guztien %75 salduta daude.
Azken hamar urteetako aldaketarik sakonena emakumeen partehartzea izan da
Ikuspuntu kualitatibo batetik ere, Txapelketa Nagusi honek bertsolaritzaren orain arteko marka guztiak ondu ditu. "Tradizionalki bertsolaritza mugatuta egon da bere jardunean, baina edizio honetan, publiko zabalari zimiko bat egitea lortu da, gazte jendea eta euskaldunberriak erakarriz eta erdaldunengan bertsoekiko jakinmina sustatuz", adierazi du Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak.
Honetarako, garrantzi handikoa izan da Bertsozale Elkarteak abiarazi duen komunikazio estrategia berria. "Hedabideetatik barna eta teknologia berrien laguntzaz zabaldutako mezuei esker, jendea gero eta gehiago hurbiltzen ari da bertsolaritzaren mundura, eta hauxe da gaurgeroko hausnarketetan aztertu eta kudeatu beharko dugun errealitate berria", esan du Muruak.
Gaztetasuna eta freskotasuna dira, adituen iduriko, txapelketa honetako giroa ongien deskribatzen duten kontzeptuak. "Inoiz baino gazte jende gehiago ikusi dugu finalaurreko saioetan, eta inoiz baino gazte jende gehiagok jardun du gai-jartzaile eta bertsolari lanetan", azaldu du Josu Goikoetxeak, Bertsolari Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldeko buru eta ETBko Hitzetik hortzera saioko zuzendariak.
Gai-jartzaile taldeko kiderik zaharrenak, esate baterako, 38 urte besterik ez ditu, eta gazteenak 20. Horrez gain, txapelketan parte hartu duten bertsolarien batez besteko adina 28 urtekoa da, "eta gehienak kaletarrak eta ikasleak dira", zehaztu du Goikoetxeak. "Horrexek eragin du gaien aldaketa, gazte jendearen ikuskera izan baita txapelketa honen ardatza", gaineratu du.
Nolanahi ere, "bertsolaritzaren azken hamar urteotako iraultzarik handiena emakumeen partehartzea izan da", Goikoetxearen hitzetan. "Gai-jartzaile taldean, lau gizon eta lau emakume gaude, eta paritate honek zabaldu eta orekatu egin du zalantzarik gabe talde osoaren ikuspuntua", ziurtatu du.
Abenduaren 18ko finalari begira, gai-jartzaile taldeko buruak "orain arteko bideari" jarraituko diotela esan du, "baina dena zintzilik egongo da azken momentura arte".
Gai-jartzaileek ezarritako erronkei aurre eginez erabakiko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlearen izena. Zortzi dira aurtengo txapelaren bila norgehiagokan jardungo duten bertsolariak. Batetik, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, aurreko edizioko txapelduna eta txapeldunordea; eta bestetik, kanporaketa-saioetan puntu gehien lortu duten bertsolariak: Amets Arzallus, Jon Maia, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina.
Finala bi txandatan egingo da. Goizeko 11etatik aurrera, finalistek hainbat bertso inprobisatu beharko dituzte banaka nahiz binaka, zortziko txiki eta handian eta hamarreko handian. Kartzelako lana, ohi bezala, gaia emanda egingo dute, hiru bertsotan, nahi duten doinu eta neurrian.
Arratsaldeko txanda lau eta erdietan hasiko da. Bertsolariek hiruna bertso bota beharko dituzte, binaka eta gaia emanda, Aizak hi mutil mainontzi doinuaren neurrian. Gero, zortzi bertso osatu beharko dituzte binaka, puntutan gaia emanda; eta hiruna bertso banaka, nahi duten doinu eta neurrian, gai jakin baten inguruan.Puntu gehien lortzen duten bi bertsolariek hiruna bertso bota beharko dituzte zortziko txikian eta hamarreko handian. Kartzelako lanean, berriz, bederatziko handian egindako bertso bat osatu beharko dute, eta beste hiru, nahi duten doinu eta neurrian.
Geroko erronka berriak
Gaurkotzeak merezi izan du", esan du Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruak, Txapelketa Nagusia honek lortu duen arrakasta ikusirik. "Eremu eta publiko berriak erdietsi ditugu bertso munduarentzat, baina honek erronka berriak ekarriko dizkigu aurrerantzea", ziurtatu du.
Bertsolaritzak 80ko hamarkadan ekin zion baserritik kalerako bidea jorratzeari, han-hemenka sortutako bertso-eskolen eskutik. "Berezko bilakaera izan dela esan genezake, kaletarrak indarra irabaziz joan baitira etengabe bertsotan dihardutenen artean", azaldu du Josu Goikoetxeak.
Bertsozale Elkartearen sorrerak proiekzio berria eman zion 1986ko Txapelketa Nagusiari. Hurrengo urtean, Joan Mari Torrealdaik bertsolaritzari buruzko lehen diagnostikoa landu zuen Jakin aldizkarirako, adin guztietako bertsolariei egindako inkesta baten bidez.
Duela 12 urte, Bertsozale Elkarteak ikerketa soziologikoa enkargatu zion Siadeco enpresari, bertsolaritzak gizartean zuen benetako pisua neurtzeko. Orduantxe zehaztu ziren azken urteotako helburu nagusiak.
Ildo honetan, EHUko Soziologia Fakultateak azterketa sakona egingo du 2006ko uztailera arte, euskaldunek eta erdaldunek bertsolaritzaz duten ikuspegia islatzeko asmoz.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.