Sortzaileen garaia
Produktuaren sustapena baztertu gabe, egileak ere literatur industriaren ardatz bihurtzea nahi du EIEk
Idazlea da euskal literaturaren sisteman mailarik baxuena". Esaldi latz horrekin laburbiltzen du Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) presidenteak egun literatur-sortzaileek bizi duten egoera. Kexa horren atzean idaztea lanbide egiteko izaten diren zailtasunak eta euskarazko merkatuan egile eskubideek duten pisu txikia daude, besteak beste, baita egileak berak gizartean jokatu beharreko paperari eta bere buruaz duen iritziari buruzko hausnarketa sakona da ere. "Euskal literatura egiten dugunean literatura egitea sinestea", aditu honen hitzetan.
Azken 25 urteotan euskarazko literatur industriak hazkunde ikaragarria izan du. Bilakaera horrek eragina izan du idazle gehienak biltzen dituen elkarte honetan. Sortu zen urtean, 1982an, 50 bazki inguru besterik ez zituen. "Izen historiko asko zeuden horien artean", gogoratzen du elkarteko langile batek. Aita Luis Villasate, Bittoriano Gandiaga, Bittor Kapanaga, Joan Mari Torrealdai, Xabier Lete eta Manex Pagola zeuden zerrenda hura osatzen zutenen artean. Hamar urte geroago, 145 ziren; eta 2000an, 245. Azken bost urteotan, berriz, nabarmen hazi da elkartera bildu direnen kopurua, 330era heldu arte.
Elkartearen bilakaera sektorearen beraren ibilbidearen parekotzat jo daiteke, bere bazkide berrien artean sektorea indarberritu duten egile gazte asko baitaude.
Horiek guztiek aurrekoek jorratutako bidea aurkitu dute. Aitzindari horientzat, produktua bera, hau da liburua, zen helburua. Hura sustatzea zen garrantzitsuena eta sarritan sortzailea bigarren maila batean geratzen zen. Orain, berriz, egileak ere dagokion lekua bereganatzea nahi dute, EIEk urriaren azken egunetan Bilbon egin zuen biltzarrean agerian geratu zenez. Horretarako, kanpoko faktoreei erreparatzeaz gain, liburuak sortu eta merkaturatzeko prozesuan parte hartzen duten eragile guztien mentalitatea aldatu beharko dute.
Beste fase bat
"Urte askotan eginkizun nagusia izan da euskal liburugintzaren sistema bat osatzea eta beharbada fase honetan idazleok idazle bezala pentsatu behar dugu; ez hainbeste guk egiten dugun produktua, baizik eta gure erronkez eta zailtasunez", azaldu du Irastortzak. Dena den, kontua ez omen da produktua eta profesionalaren artean aukera egitea, baizik eta biak maila berean sustatzea.
Azken finean, sortzaileek ezagutzaren gizartean jokatu beharreko papera gordetzen du bere baitan EIEk bultzatu nahi duen aldaketa horrek. Bide horretan lehenbiziko pausoa lanbidea bera profesionalizatzea dago.
Elkarteak darabiltzan datuen arabera, gaur egun hamar edo hamabost idazle "profesional" -lanbide nagusia liburuak idaztea dutenak-ari dira euskarazko zirkuituan. Kopuru hori oso handia ez izanik ere, lorpen handia da duela bi hamarkadetako egoeraren aldean; baina bide horretan sakondu beharra dago oraindik.
Horretarako ezinbestekoa da urtero sortzen diren lan berrietatik zati bat kanpora zabaltzea, itzulpenen bitartez. Ildo horretan, elkarteak lankidetza hitzarmen bat izenpetu zuen Unescorekin, urtean lan kopuru finko bat itzultzeko helburuarekin. Lankidetza hori bat dator Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Euskal Kulturaren Planaren xedeekin, euskal liburuak atzerriratzeko asmoa jasotzen baitu egitasmo horrek. "Oso garrantzitsua da hau bezalako kultura eta hizkuntza txiki batean. Torlojuak eta makina-erreminta esportatzen den bezala, guk ere gure kultura esportatzera jo behar dugu", azaldu du elkarteko arduradunak. Bide horretan urtean gutxienez 15 liburu inguru itzultzea ezinbestekotzat jotzen du. "Gure erronketako bat da euskaraz egiten dena beste hizkuntzetara ere zabaltzea: eta gure hiztun komunitatea txikia denez, muga horiek haustea", gaineratu du Irastortzak.
Mugakizunak mugakizun, bide luzea egiteko dago oraindik, idazleek sistemaren "mailarik baxuena" izaten jarrai ez dezaten.
Eskubiderik gabeko egileak
Liburu batek duen salneurriaren %10 egile eskubideei dagokie; hau da, idazlearen poltsikoan amaitzen duen diru kopuruari. Kontuak ateratzen hasiz gero, kopuru horren atzean ezkutatzen den errealitate gordina uler daiteke.
Mila aleko tirada batean -euskarazko liburu askok nekez gainditzen dute muga hori- eta ale bakoitza 12 eurotan saltzen bada, egile eskubideak guztira 120 euro besterik ez dira. "Gutako askok gehiago kobratzen dute hilean bizpahiru kolaborazio eginez hedabideetan", azaldu du sektore honetako profesional batek. Argitaletxearen eta idazlearen arteko kontratuan bestelakorik zehazten ez bada, diru hori besterik ez du jasoko egileak ideia sortzen, eta testuak lantzen eta txukuntzen eman dituen lanordu guztien truke. Hain zuzen ere, horixe da lanbidea profesionalizatzeko dauden zailtasunik handienetako bat. Gainera, aintzat hartu behar da profesionaltzat jo daitezkeen sortzaileen artean egoera ez dela batere samurra.
"Kontua da zenbat denbora kostatzen zaizun liburu hori saltzea. Askoz tirada handiagoa bada, askoz hobeto. Baina bestela, horrekin konformatu behar duzu", adierazi du EIEko arduradunak. "Sortzaileei lagundu behar zaie. Industria honetan atal guztiak normalizatu samar daude, idazleena salbu". Hori dela eta, gai honen inguru gogoeta sakona bultzatu beharra dagoela uste dute arlo honetan ari direnek.
Hausnarketa horrek, besteak beste, liburutegietako maileguei eragiten die, azken aldi honetan hauts ugari harrotu duen eztabaida hain zuzen ere: Biblioteketako arduradun askoren iritziz, kanon bat ordaintzea beren aurrekontuen kalterako litzateke.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.