Idazle klasikoen arrastoan
Euskaraz inprimatu ziren lehenbiziko hitzen aztarnak paisaiarekin bat eginik iraun du muga inguruko herrietan eta eskualdea zeharkatzen duen Donejakue Bidearen bazterretan
Larrun mendiaren magalean, Sarako San Martin elizako kanpandorrean, latindar aforismo lazgarri baten euskal bertsioa irakur daiteke erlojuaren gainean: "Oren guztiek dute gizona kolpatzen; azkenekoak du hobirat igortzen". Kanpandorre honen begiradapean, Sarak, Urdazubik, Ainhoak eta Zugarramurdik osatzen duten mugaz gaindiko Xareta eskualdean, paisaiarekin bat eginik iraun dute gaurdaino aurreneko euskal idazleen aztarna isilek.
Apirilaren 28an, 460 urte bete ziren Jean de Pontac ardo merkatariak Eiheralarreko Jaun Done Bikendi parrokiako erretore mosen Bernard Etxeparek osaturiko Linguae Vasconum Primitiae olerki liburuska ontzat hartu zuela Bordeleko Epaitegiaren izenean. Etxepare Nafarroa Behereko Sarrasketa herrian jaio zen 1493 urtea aldera, eta Gaztelako erregearen tropek Donibane Garazi setiatu zutenean, gaztelauen alde egiteaz akusatu eta kartzela barrura sartu zuten. Urte batzuk geroago, ordea, Donibane Garaziko bikario izendatu zuten. Liburua argitaratu eta hilabete gutxi geroago hil omen zen.
Axularrek Sarako Eskola jakintsu taldea sortu zuen zenbait autorerekin batera
"Heuscara, jalgui adi mundura" leloaren sortzailearen omenez, Eiheralarreko elizan -Donibane Garazitik hiru kilometrora-, "eskuarazko liburu zaharrenaren egileari" eskainitako plaka bat ikus daiteke Donejakue Bidearen bazter batean.
Bestalde, datorren urtean, 500 urte beteko dira Joanes Leizarraga, Testamentu Berria euskaratu zuen itzultzaile taldeko burua, Beskoitzen jaio zela, Lapurdiko Bastida kantonamenduan. Leizarragak 1571n argitatatu zuen Arroxelan, Albreteko Joana III.a nafar erregina kalbinistak ordainduta, euskararaz inprimatuta iritsi zaigun bigarren liburua.
Pedro Agerre izan zen moldiztegitik ateratako hurrengo liburu aipagarriaren egilea. Urdazubiko Axular baserrian jaioa -etxeak zutik dirau oraino, plaka oroigarri eta guzti-, Urdazubiko Salbatore monastegian zebilen ikasle Leizarragaren lan erraldoia plazaratu zenean.
Donejakue Bideari lotuta sortu eta azkendu zen monastegi honetatik, Axularrek Salamanca aldera jo zuen jarraian, eta apaiz ikasketak amaitu ondoren, Sarako erretore bihurtu zen 1600 urtean.
Urte batzuk geroago, Pierre de Lancre inkisidoreak Lapurdin sorgin ehizan ziharduen bitartean, Axularrek Sarako Eskola deritzon jakintsu koadrila sortu zuen Sarako eta Donibane Lohizune inguruko beste zenbait idazlerekin batera, hala nola, Joannes Haranburu, Joannes Haraneder edo Joannes Etxeberri Ziburukoa, besteak beste.
Aldian aldian, frantziskotar komentu batean biltzen ziren euskarazko lanak prestatzeko asmoz. Liburuak moldiztegira igorri aurretik, elkarri zuzentzen zizkioten eskuizkribuak, Frantziako kaperau nagusi Bertrand Etxauz baigorritarraren babespean. Ez da kasualitatea, hortaz, Axularren Guero sermoi-bilduman eta Joanes Etxeberri Ziburukoaren Eliçara erabiltceco liburua-n Etxauzi eskainitako dedikatoria bana agertzea. "Derradan hutsik eguin gabe, cer ere esquiribatuco baita euscaraz, hura guztia, euscaldunen buruçagui beçala, çuri dagotçula, çuri çor çaitçula", dio Etxauzi zuzendutako eskaintzak.
Urdazubiarraren kasuan, Etxauzen eskuhartzea ezinbestekoa izan zen Sarako erretore karguari euts ziezaion. Jean Haroztegi apaizak legearen aurkakotzat jo zuen Axularren izendapena, mugaz bestalde jaioa zelako, baina Henrike erregeak -Nafarroako III. eta Frantziako IV.ak- karguan mantendu zuen urdazubiarra Etxauzen gomendioz. Frantziako kaperau nagusiari esker, halaber, Zugarramurdiko sorginen kontrako prozesuan hiltzera kondenatuta zeuden bost apaiz sutan hiltzetik salbatu ahal izan ziren.
Gertatuak gertatu, Sarako Eskolako idazleek euskal literatura klasikoaren sehaska bihurtu zuten orduan mugaz gaindiko Xareta eskualdea. Argitara eman zituzten liburuak erlijio gaien ingurukoak izan ziren nagusiki, baina idazlan haietako pasarte batzuek ondo baino hobeto islatzen dute garai hartako giroa euskaltzale eta kulturzalea.
Axularrek Irakurlearentzako kartan aitortu zuenez, Guero liburua idazteko asmoa "egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan" zegoela otu zitzaion, 80 urte baino gehiago zituela.
Dexente handiosagoak dira Joan Etxeberri Sarakoak 100 urte geroago idatzi zituen hitz hauek: "Diot bada nik ere, ainitz gauza hizkuntza arrotzen itzalaren azpian guretzat ehortziak zeudezinak, Sarak eskuaraz argitara emanik, eragin dituela Eskual Herrikotzat; non, arrazoinekin erran baitezaket, Eskual Herriko Athenas, Sara dela".
Erantzun gabeko galderak
Asko dira euskal literaturari behin-betiko bultzada eman zion Sara inguruko jakintsu taldearen gainean oraindik erantzun gabe ditugun galderak.
Perez Lazarragak Etxepareren garaian landu zuen artzain giroko nobela eta olerki-bildumaren eskuizkribu aurkitu berriak argi utzi du, euskaraz literatura sortzeko gogoa uste baino askoz errotuago zegoela orduan.
Erlijio-gerren eraginez, halere, ez litzateke batere harritzekoa ezkutuko idazle askok -Lazarraga barne- beren lanak argitaratzeko ausartziarik ez izatea.
Horrez gain, badira beste obra batzuk betiko galdutzat eman daitezkeenak, baldin eta beste ustekabeko aurkikuntzarik gertatzen ez bada, behintzat.
Honen adibide garbia dugu Antso Eltso nafarrak 1561ean, Iruñeko Adrian Anvers liburugilearen moldiztegian plazaratu zuen Doctrina Christiana izenburukoa, edota Sarako Eskolako kide izan zen P. Argaignaratz apaiz ziburutarraren Avisu eta exortacione probetchosac bekhatorearentçat prosa-lana, 1641ean argitaratutakoa. Zoritxarrez, ez zaigu iritsi liburu hauen izenaz beste arrastorik.
Baina Joanes Etxeberri Ziburukoak idatzi zuenez, "ezkurretik ezagun da haritz larrainekoa, bere fruitutik sagarra, bai beretik pikua". Ehun urte geroago, Joanes Etxeberri Sarako medikuak -bizitzako azken urteak Azkoitia aldean, Peñaflorida eta zaldun ilustratuen konpainian eman zituenak- Axularren eredu literarioa proposatu zuen hizkuntza estandarra eraikitzeko oinarritzat.
Kasu honetan ere, askotxo dira betiko galdutzat jo daitezkeen idazlanak, Joanes Etxebarri Sarakoak lan bakarra argitaratu baitzuen, Beran bizi zelarik.
Xabier Kintana euskaltzainaren iduriko, Sarako mediku euskaltzale honekin amaitu zen Sarako Eskolak abiarazitako euskal letren urrezko aroa.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.