_
_
_
_
_
Entrevista:JOAN MARI IRIGOIEN | Idazlea | GAIAK

"Koherentzia mantentzen saiatu den pertsona poliedrikoa naiz"

Hainbat generotan idazteko gaitasuna duen idazlea, Joan Mari Irigoienek (Donostia, 1948) poliedroaren irudi geometrikoarekin identifikatzen du bere burua, hots, "koherentzia mantentzen" saiatzen den aurpegi ugari dituen pertsona. Komunista.com, argitaratu berri duen liburuan, egungo gizartearen kritika gogorra egiten du.

Galdera. Zilarrezko Euskadi saria jaso duzu Komunista.com liburuarekin. Zer suposatzen du sariak zuretzat?

Erantzuna. Sariek ez dute garrantzi handirik niretzat, nahiz eta beti pozgarria izaten den egindakoaren errekonozimendua. Liburu bakoitzak bere ibilbidea eta planteamendua du. Argitalpen honekin gustura nago eta bere funtzioa duela uste dut. Hala ere, pozgarria da batez ere, apirilaren 23an, Liburu Egunean, Donostian antolatzen den liburu azokan gehien saldutako liburuari ematen diotelako saria liburu saltzaileek.

"Nire burua poliedro bat bezala ikusten dut, kontrakoak izan daitezkeen hainbat indar eta desio nabaritzen baititut nire baitan"
"Eskarmentuaren fruitua ere bada idazteko gaitasuna, idazleak ez baikara jenioak. Ikusten ez den lan isila dago autore bakoitzaren atzean"

G. Liburu horretan Kontxi emakume marxista leninista da protagonista nagusia. Zergatik?.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Egungo gizartea gero eta eskuinerago dagoela uste dut eta Kontxi bezalako emakume marxista leninista da istorio honetan protagonista nagusienetako bat; horrez gain, feminista sutsua ere bada eta elkartasunaren ikuspuntutik eredugarria izan daiteke, bai gaztetxoentzat, bai ez hain gaztetxoentzat ere uste dut. Amona Kontxi iraganean kokatua badago ere, atzera begiratuz soilik egin dezakegu aurrera, bukatu ez den historiari jarraipena emateko.

G. Gaur egungo gizartea gaixo dagoela esango zenuke?

E. Zalantzarik gabe gaixo dago. Ni neu eta guztiok gizartearen partaide garen aldetik gaixo gaudela uste dut. Momentu batzuetan beste batzuetan baino bortitzago sentitzen dut ezinegon hau, baina bizimodu eta politika hau aldatu beharra dago. Mendebaldeko gizarteak desioa du oinarri; desiratzen duzun horretaz aspertu eta hurrengora joaten gara etengabe. Ekialdeko kulturan, aldiz, desioa apaltzen dute eta denok ikasi beharko genuke horretaz zerbait.

G. Kontxik iragana irudikatzen du eta belaunaldiz belaunaldi sendi bereko emakumeak aldatuz doazela ikusten da. Errealitatean horrela gertatzen da?

E. Zalantzarik gabe. Gizarteak eta jendeak memoria erreskatatu behar du, izan ere, badirudi mundua telebistarekin jaio zela eta atzean ere badira beste gauza batzuk. Gure sendiaren eta gizartearen memoria erreskatatzea oso garrantzitsua da, ezagutzea, ez mendekua hartzeko, baina akats berdinetan ez erortzeko baliagarria izan daiteke. Hala ere, gizon eta emakumeak behin baino gehiagotan zulo berdinean erortzen garen izakiak gara.

G. Egungo gazteek badute iraganetik eta helduengandik ikasteko gaitasunik?

E. Irakaslea nintzen garaian gazteriarekin harreman zuzenagoa nuen orain baino, baina badut susmoa badela dena berdin zaion jendea eta ikasteko gogorik ez duena. Gazteriak esnatu beharra duela uste dut. Inesen pertsonaiak gazteria irudikatzen du eta Kontxirekin asko ikasten du, bien arteko harremanarekin izugarri aberasten baitira biak, elkar ukitzen baitute.

G. Literatura lagungarria izan al daiteke memoria honen errekuperazioan?

E. Lagungarria izan daiteke, baina ezin dugu miraririk egin. Liburuen bidez gure indar pikorra gehitzen dugu. Batzuetan liburu batekin guztiz hunkitzen duzun irakurlea dago eta beste batzuetan, aldiz, ez zara irakurlearengana iristen.

G. Elkarrengandik erabat desberdinak diren poesia liburu ugari idatzi dituzu. Horretarako berezkotasuna duzula dirudi.

E. Poliedroaren hostoak liburua idatzi nuenean, horixe islatu nahi nuen hain zuzen ere, izan ere, nire burua poliedro bat bezala ikusten baitut, Joan Mari Irigoien ederki islatzen duen irudi geometrikoa da. Nire burua, ezagutzen dudan neurrian, poliedro bat bezala ikusten dut. Koherentzia mantentzen saiatzen naizen hainbat aurpegi ditudan pertsona naiz. Nigan kontrakoak izan daitezkeen hainbat indar eta desio nabaritzen ditut; guztiari barre egiten dion norbait badago nire barnean, baina egoera batzuen aurrean sutan jartzen dena ere. Ikuspuntuaren arabera, liburua era batekoa edo bestekoa ateratzen da.

G. Idazkera aldetik ere estilo ezberdinak lantzen dituzu.

E. Liburu batzuetan kaleko hizkera erabiltzen dut, adibidez Letra txikiaz bada ere eta beste batzuetan, aldiz, hizkuntza askoz ere landuagoa dago. Estilo aldaketa hau orain erraztasun batekin egiteko gaitasuna dut baina urtetan zehar egindako lanaren ondorio da; 20 urte nituenetik 35 bete arte, hainbat autore irakurri nituen, euskaldunak, atzerritarrak nahiz klasikoak. Poliedroaren hostoak edo Babilonia bezalako liburuak idazteko Azkueren Euskal Herriaren jakintza eta Axularren Gero liburuak irakurri nituen behin eta berriz. Goitik behera azpimarratu nituen, lau hilabeteetan zehar egunero 10 ordu inguru ematen nituen irakurtzen. Beraz, lanaren eta eskarmentuaren fruitua ere bada idazteko gaitasuna, idazleak ez gara jenioak. Ikusten ez den lan isila dago idazle bakoitzaren atzean.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_