Azken bidaia
Zoriontasun hutsala dastatu baino lehenago, hobe edozein arrisku, oinaze edo nekaldi. Hobe itsaso zabalean, naufrago errante gisara, banitatearen lozorroan erorita baino". (Yosla Braz).
Munduaren hasieran, jainkoek itsasoaren erdian kokatu gintuzten, zuhaitz, landare eta animaliez inguraturik. Jainkoek hala nahita, gure belarriak ez ziren biraoak entzuteko sortuak izan eta, ondorioz, ez genuen mundu honetako maltzurkeria ezagutzen, guztia adostasunaren eta orekaren bidez konpontzen baikenuen.
Kanpoko munduaren berri izan genuenean, liskarrak piztu ziren gure etxeetan eta, lehenago anaitasuna nagusitzen zen lekuetan, laster aurki zitezkeen etsai amorratuenak. Horrela ez zegoen jarraitzerik, eta gure arteko buru argienek, izaera zaharraren ahulezia nabaritzeaz gain, gure munduaren gainbehera zetorrela aurreikusi zuten. Egoera larri hori sai-hesteko asmatu genituen konponbideak, hortaz, ez zuten gure etorkizuna bermatzen, eta arazoari errotik ez heltzea luzamenduetan aritzea baino ez zela ohartarazi ziguten.
Gure izaera zaharraren arrastorik oraindik gelditzen zitzaigulako edo, kosta ahala kosta, ausardiarekin jokatzeko garaia zela aldarrikatu zuten buruzagiek. Gurea hil ala biziko dilema zen eta, egoeraren larritasunari erreparatuz, behin betiko soluzioa bilatu beharra zegoen. Premiak bultzatuta, gure ordezkari guztiak elkarrekin bildu ziren eta, eztabaida luzeak izan ondoren, gure etorkizuna beste leku batean eraiki beharra zegoela deliberatu zuten, orain bizi ginen eremua gaitzak jota baitzegoen.
Azkenean, gure arteko guda luzeak bukatua zirudien, oroitzapenak, gorrotoa eta arrangura gure artetik jaurtitzeko aldia iritsia zen eta. Gauzak horrela, indarrak berrituz, erabateko bidaia prestatzen hasi ginen. Ohoreak zutik zirauen, eta, ilusioz beterik, belak zabaldu eta, haizea aldeko, Europarantz zuzentzeko prestatu ginen. Orain, ohitura arrotzen itsaso zabaleko misterioetan barneratu behar. Baina baziren gure artean lehia horretan ongi aritzen zekiten esperientziadunak, egoera latzetan trebatutako jakitunak.
Zein ongi gogoratzen dudan gure ordezkarien buruak proposamen berria ezagutzera eman zigun goizalde argitsu hura. Etorkizun oparoaren atarian geunden, eta gure ontzia prest zegoen, zorioneko lemazainaren eskutik, edozein ezustekori aurre egiteko. Hodeiertzean geroa, haize suabe eta iraunkorra lagun, itsasoa bare eta urdin, olatuak malenkoniatsu gure inguruan, han abiatu zen gure itsasontzia, arro eta tente, oztopo guztiak gainditzeko pronto. Gurea, aurrera egiteko unea zen, jadanik ez zegoen koldarkerietan eta epelkerietan ibiltzeko betarik.
Denak zirudien hain erraza, eta gure ibilbidea ezin hobea gertatu zen, egon ziren etenaldi guztiak gure jakitunek ezin hobeto bideratu baitzituzten. Eta, halako batean, itsasoaren erdian, irla zoragarria dibisatu genuen, gure sorlekua baino zoragarriagoa esango nuke. Haizearen indarrak, gainera, berehala inguratu gintuen kostaldera. Bertan hasiko genuen berriro gure etorkizuneko aro berria. Aurrez aurre genuen paradisuan gure izaera babestua geldituko zen, urte luzeetan jasandako iruzurretik salbu.
Olinpoko zeinuek, itxuraz, ezin hobeak ziruditen. "Baina jainkoez ez dago inoiz fidatzerik" entzun zen norbaitek esa-ten zuela. Hala ere, ez genion kasurik egin, ametsa hatzapar puntekin ukitu genezakeen eta. Baina, bat-batean, zorioneko irlan lurra hartzeko prestatu ginenean, Poseidon traidoreak ekaitza sortu zuen, eta, ordura arteko zeru gardena hodei beltz eta erraldoiez estaliz, gure itsasontzia Ozeanoaren zabalera bueltatu zuen bortizki. Orduan, uhin izugarriez baliatuz, gure itsasontziarekin jolasteari ekin zion, intxaur azal bat bailitzan, batetik bestera aldaraziz. Iluntasun ikaragarri hartan, hainbat batailatan parte hartu eta altzairatutako gerlarien oihuak masten zurrumurru negartiarekin bat egin zuten. Hura bai sinfonia tristea, gure negarrak eta jainkoen barre-algarak osatzen zutena.
Horrela hasi ziren gure oinazeak, luzarora, bizimodu bilakatu zirenak. Geroztik, aski zen bidaiaren bukaera sumatzea, handik berehala zulo beltzago batean sartzeko, imajinatutako plazer puska hori, desplazer bilakatuz, ahoko gustua garrazteko. Orduan bakarrik hasi zen gure bidaia, ustez galdua genuen izaera beti aldean eraman dugula erakutsiz. Eta, jainkoen algara errukigabeen artean, ohartu ginen zorigaiztoari aurre egitea guri bakarrik dagokigula, inolako paradisurik espero gabe.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.