Zirrararen bidezidorretan
Mikel Laboak eta Belen Oronozek Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren garai gazi-gozoak gogoratzen dituzte
Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Michel Labeguerie, Lurdes Iriondo,Artze anaiak, Xabier Lete, Jorge Oteiza... Ugariak izan ziren 60ko hamarkadan Ez Dok Amairu izeneko mugimendua osatu zuten kantari, poeta, artista eta idazleak. Egun, batzuek -Laboak eta Lertxundik, adibidez- musikagintzan jarraitzen dute, baina beste batzuek betiko utzi gaituzte, Artze anaietako bat eta Julen Lekuona, besteak beste. Bada, halaber, kantagintzatik aldendu denik ere, Lurdes Iriondo kasu, baina haien arteko harremanak eta utzi zizkiguten fruituek beren horretan diraute.
"Katalunian zegoen kantagintza berriarekiko konpromisoa Euskal Herrira ekarri nahi genuen; halaxe sortu zen Ez Dok Amairu taldearen ideia, nahiz eta gauzatu, Oteizaren etxean gauzatu zen", gogoratu du Mikel Laboa kantari donostiarrak.
Medikuntza ikasketak amaitutakoan, Laboa lanean hasi zen Bartzelona aldean. Hantxe ezagutu zituen Els Setze Jutges taldeko partaide batzuk, eta garai haietan desagertzear ziren euskal kultur sustraiak berpiztu nahian, medikuntza utzi eta kantagintza berrira dedikatu zen.
Berehala, Bartzelona-Donostia zubia eraiki zen, baina taldekideen arteko loturarik sendoena harreman pertsonala izan zen. Mikel Laboak Benito Lertxundi ezagutu zuen lehenengo, eta gero, Artze anaiak, Lurdes Iriondo, Xabier Lete... Helburu bera zuten guztiek: desagertzeko zorian zegoen euskal musika berreskuratu eta euskaraz erro zaharreko kantu berriak egitea. "Jorge Oteizari azaldu genizkion kantagintza berriaren inguruan genituen ideiak, eta hark bat egin zuen gurekin, euskal kultura guztia berpiztu nahi baitzuen: artea, musika, eskola... Izugarrizko adimena eta indarra zituen", ziurtatu du Laboak.
Taldearen izena Orioko eskultoreari otu omen zitzaion. Belen Oronoz, Gazteria berria, kantagintza berria liburuaren egilearen esanetan, "Oteizaren etxean bilduta zeudela, hark Azkueren liburu bat atera eta Patxi errementariak deabruari ziria nola sartu zion kontatzen zuen istorioa bilatu zuen; hortik sortu zen taldearen izena".
Piskanaka-piskanaka ametsa errealitate bihurtu zen. Ez Dok Amairuk Bartzelonan egin zuen lehen kantaldia. 1967.eko azaroaren 26an izan zen, Palau de la Musica-n. Arrakasta handitzat jo zuten euskal egunkari eta astekariek.
"Askatasun aldarrikapenak ziren nagusi garai hartan, batez ere 1968ko maiatzaz geroztik", azaldu du Laboak.
Egia esan, ez ziren nolanahiko garaiak diktaduraren azken urte haiek. Euskal kultura eta identitatea zapalduta zeuden, burua altxatu ezinik, eta egoera hura pizgarria izan zen urteetan debekatuta izan zen izaera eta bizi-grina aldarrikatzeko.
Belen Oronozen iduriko, "egoera beste bat izan balitz, agian ez zatekeen horrelakorik sortuko, baina zapalketa egoera hartan, ulertzeko modukoa da Euskal Herrian eta Katalunian piztu zen kultur indar hori guztia".
Ez Dok Amairuren lehen emanaldietan, hunkidura eta zirrara tartekatzen ziren entzuleen artean, eta ikuskizunek diziplina desberdinetako osagaiak biltzen zituzten. 1970eko abuztuan, Baga, biga, higa kantu sarkorra estreinatu zen Portugaleten, eta hortik, Elorrion, Tolosa, Iruñea, Donostia eta Euskal Herriko nahiz atzerriko hainbat lekutara eraman zuten.
Baina orduan ereindako haziak ez zuen gehiegi iraun. 1972ko Eguberritan, taldea desegin egin zen, nahiz eta taldekideen arteko harremanak beren horretan mantendu ziren. Egungo euskal musikagintza ez da garai hartakoa, "eta zorionez", Laboaren hitzetan.
Kantari donostiarraren ustez, XXI. mende hasi berri honetan, euskal musikak osasun ona duela esan liteke, "eta fruitu ugari ere ematen ditu, batzuk onak eta besteak ez hainbeste, nire ustez, baina aukeratzerik den heinean, seinale on", esan du.
Iragana eta geroa uztartu zituen talde mitikoaren geroko bilakaera
Ez dok Amairu taldea desegin zenetik, gauzak goitik behera aldatu dira euskal kantagintza eta musikagintzaren esparruan. Urteak joan eta urteak etorri, euskal kultura zaharrari haize berriak eman zizkion mugimendu hartako partaideen ibilbide eta bizimoduak ere aldatuz joan dira etengabe. Gaurko gustu musikalak ere aldatu egin dira, zalantzarik gabe, baina aitzindari haien lanak ez du freskotasunik galdu batere, eta orduko ahaleginek berealdiko garrantzia izan -eta izango- dute euskal kantagintzaren gaurgeroko bilakaeran. Ez Dok Amairu taldearen garaiaz geroztik euskal gizarteari egin dioten ekarpen paregabearen eskerronez, Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina eman zien 2000 urtean artean euskal kantagintzaren alde lanean jarraitzen zutenei.
Mikel Laboa. Abeslari donostiarrak Durangoko Azokan aurkeztu zuen bere azken lana, 60ak+2 diskoa izenekoa. Bertan, 60ko hamarkadan plazaratutako kanten bilduma mamitsua egin zuen, eta salmentei buruzko datuen arabera, badirudi garai hartako zirrarek tirakada handia dutela oraindik euskal gizartean.
Benito Lertxundi. Urte hauetan guztiotan, bere diskografia mardula izugarri aberastu du. 1971. urtean lehen lana argitaratu zuenetik, hainbat disko plazaratu ditu. Azkena 2002 urtean merkaturatu zuen, Azken ekialdean izenekoa, sei urteotan sortutako 11 abesti berriz osaturikoa. Duela sei urte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, Auhen sinfonikoa plazaratu zuen, bere diskografiako piezarik ezagunenak orkestrarako moldatuz.
Artze anaiak. Poeta eta txalapartari izaki, harreman estua mantendu zuten Ez Dok Amairun ibilitako artista askorekin, baita lanean segitzen dutenekin ere. Haiei esker, Luis de Pablo konpositore bilbotarrak txalaparta instrumentu klasikoen kategoriara jaso zuen. Jesus Mari Artze 2002ko maiatzaren 3an hil zen.
Xabier Lete eta Lurdes Iriondo. Ez Dok Amairutik aldarerako bidea jorratu zuten. Letek hainbat disko kaleratu ditu urte hauetan. Azkena, 2001 urtean, Berrehun urtez bertsotan izenburuko bertso-bilduma erraldoia, zazpi CDz osatutakoa. Xabier Lete Ez Dok Amairu mugimenduaren partaiderik aktiboenetarikoa izan zen, eta Lurdes Iriondo, zalantzarik gabe, taldeak zuen ahotsik ederrenetakoa.
Julen Lekuona. Honek plazaratutako lanen artean, Hiltzaile bat bezala eta Ez, ez dut nahi izeneko kantuak dira, ziurrenik, jendeak gehien ezagutzen dituenak.Musikagile eta kantari aparta izan zen, eta euskarazko kantu ugari sortu zituen 60ko eta 70eko hamarkadetan, bakarlari moduan nahiz Ez Dok Amairuko beste taldekide batzuekin batera taularatu zituenak. Xabier Lete eta Antton Valverderekin batera, Bertso zaharrak disko ospetsua grabatu zuen. Julen Lekuona 65 urte besterik ez zituela hil zen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.