_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Periferiaren begiradak

Mintzo bakarraren morrontza hautsi nahi duten idazleek Bilbora ekarriko dute Livornon iaz zabaldutako bidea

Mugimendua osatzen dute etengabe ari direlako mugitzen. Baina ez militantzia kontzeptuagatik. Eta sortzaileak dira sorkuntza dutelako bere bizimoduaren ardatz. Memorie Periferiche izeneko ontzia itsasoratu zuten iaz Livornon. Bost egunez artista eta egile talde bat bildu zen Italiako kostaldeko hiri hartan memoria eta periferiaz hausnarketa egiteko, hainbat disziplinaren ikuspegitik. Han ereindako haziak Nerbioi zaharraren uretan emango du fruitua orain, astelehenetik ostirala bitartean egingo diren Periferiak: begiradak eta memoriak ertzetik jardunaldietan. Bertan hainbat idazle, pentsalari eta artistak hartuko dute parte, tartean Bernardo Atxaga, Gianni Celati, Luisa Etxenike, Ander Lipus, Paolo Virno, Harkaitz Cano eta Ruper Ordorikak.

Miresten zituzten idazleen gogoetak foro berri batean bildu asmoz hasi ziren lanean ontziaren gidariak. Horien artean John Berger zuten inspirazio iturri. "Dena hasi zen ikusi genuenean John Bergerren obraren zati garrantzitsu bat Livornorekin harremanetan zegoela", azaltzen du Ixiar Rozas idazle eta jardunaldi haien bultzatzaileak, "Livornon bertan inork ez zuen harreman horren berri; John Berger gonbidatzea pentsatu genuen hitzaldiak ematera, eta baietz esan zigun". Periferia eta memoriaren kontzeptuak oinarri hartuta hasi ziren lanean. Eta ate joka segitzea erabaki zuten. "Bernardo Atxagaren obra oso lotuta dago memoriarekin, berarengana jo genuen eta baietz esan zigun. Eta gero pentsatu genuen: zergatik ez gustuko ditugun egileengana jo? Eta hortik sortu zen mugimendua", gaineratzen du Rozasek.

Ontzia Livornon itsasoratu zen eta Bilbo du helmuga orain. Bernardo Atxagak berak gogoratzen duenez, "portua zelako hasi ginen Livornon eta portua delako segituko dugu Bilbon".

Memoria eta begiradak

Baina zer dakar ontzi horrek? Zer da bertako gidariek hainbeste aldiz aipatzen duten periferia? Gizartea bera ulertzeko beste era bat dela esan daiteke, kultur eredu masiboetatik aldentzen dena. Gizarteari ertzetik begiratu nahi diote marinelek, memoriaren kontzeptua berreskuratuz. Periferian bizi direnek ihes egiten diote zentroak ezarri nahi duen morrontzari.

"Eman dezagun joera sexual bat dela eta talde jakin bateko jendearen begiratua, ikuspegia eta bizitza ezagutu gabe gelditzen dela; korronte nagusiak interpretatu egiten du, hitz egiten dute beraiei buruz", argudiatzen du Bernardo Atxagak, "nik hala interpretatzen dut, normalean beste batzuk mintzatzen dira periferian dauden horietaz". Baina periferia ez da marjinalitatearen baliokide. Gizarteari ertzetik begiratzeak ez du esan nahi gizartean dagokien lekua bereganatzeari uko egiten diotenik, helburua "hiria hartzea" baita, idazlearen hitzetan, "ez desertuan erretiratzea". "Bilbori buruz ari garela, Gran Vía hartzea litzateke helburua", dio Atxagak, John Berger bezalako sortzaile baten lanak kultura komertziala erakusten duten aretoetan egotea merezi duela gaineratuz. Idazlearen iritziz, "kultur ikuspuntutik apartheid batean geratzen dira gauza izugarri baliotsuak, hain zuzen ere mintzo bakarra eta pentsamendu bakarra dagoelako".

Periferiatik munduan nagusitzen ari den kultur eta gizarte ereduari so egiten diote. "Orain asko aipatzen da eta denon ahotan dago globalizazioa, baina guretzat benetan dira garai monoak, pentsamendu bakarraz baino mintzo bakarraz hitz egin dezakegula esango nuke", dio Atxagak. Uniformetasun horretan zirrikitu txikia zabaldu dute ekinaren ekinez jardunaldien antolatzaileek. Ildo horretan idazleak nabarmentzen du Livornon "kultur ekintza oso desberdina" ikusi zuela. Haren hitzetan, "sekulako inplikazioa dute, esate baterako, taldeko pintoreek egiten dituzte kartelak; pintore, idazle eta filosofoak dira eta mintegiak antolatzen dituzte, jendeari irekiak".

Ontzian doazenek memoriaren garrantzia ere aldarrikatzen dute. Hortik arriskua: nostalgiarantza irrist egitea. Hitzaldietan itsas-bazterretako hiri batzutan oraindik bizirik dirauen adiskidetasun giroaz hitz egiten dute, non sarritan ez den beharrezkoa bertako hizkuntza jakitea elkarri ulertzeko. Auzo zaharrren zimenduak arrakalatzen hasiak dira mintzo bakarraren oldarraldia dela eta. "Ni hangoa naiz eta Santurtzi edo Barakaldoko zenbait tabernaren inguruan sortzen den giroa ikusten dut", dio jardunaldien beste antolatzaileak, Bilbon bizi den Dario Malventi ikertzaile livornoarrak. "Baina horrek ez du nostalgia kutsurik", zehazten du Ixiar Rozasek, "ez da desagertze arriskuan dagoen mundua, guk miresten ditugun idazle batzuk liburu asko saltzen dituztelako. Zergatik ausartzen gara egile periferikotzat jotzera? Koherenteak direlako, ez direlako makurtzen".

Livornotik Bilbora iritsi dira eta ez dute bidaia Nerbioiko uretan bukatutzat eman nahi. Hainbat proiektu dituzte: jardunaldien ondorioak jaso eta liburu batean argitaratzea, baita egun hauetan erakutsiko dituzten lanak ezagutzera ematea ere. Itsasontziak portu eta itsaso berrien bila jarraituko du, kostaldeari ertzetik begiratuz.

John Berger-en hutsunea

Livornoko jardunaldien momentu gorena Bernardo Atxaga eta John Bergerren arteko topaketa izan zen. "Berarekin egun batzuk bizitzea esperientzia ona" izan zela aitortzen du Atxagak berak.

Momentu hura, ordea, ez dute Bilbon errepikatzerik izango, osasun arrazoiak direla medio Berger ez baitago baidaiatzeko moduan.

Idazle ingelesa Zubiak izeneko topaketa zikloan parte hartzekoa zen. Zazpi egunez Bidebarrietako liburutegia eta Bilbao Arte kulturgunea hartuko dituzte idazle eta pentsalari periferikoek. Besteak beste Ander Lipus, María Muñoz,Lydie Salvayre, Alessandro Dal Lago, Yann Moulier Boutang eta Emmanuel Renault-en partea hartzea iragarri dute. Haien hitzak Internet bidez ere jarraitu ahal izango dira, topaketak sarean zabaltzeko asmoa baitute antolatzaileek (www.periferike.org).

Jardunaldietan hainbat dokumental ere erakutsiko dituzte. Horietako bat Iban del Campok zuzendutako Gezurren labirintoa da. Lan honek Memorie Periferiche-ren esperientziak jasotzen ditu, Livornotik abiatu den itsasontzi baten ibilbideari jarraituz. Bertan sei idazle doaz: John Berger, Bernardo Atxaga, Gianni Celati, Joaquin Jordá, José Luis Guerin eta Abdel Aziz. Guztiek hausnarketa egiten dute gizarte harrapaturik duen gezur sareaz.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_