Urte askotarako
Hogeita hamabost urte bete dira euskara batua gure artean dugula. Tresna egokia, benetan, hizkuntzaren normalizazioa inoiz lortu nahi bada. Hizkuntza idatziari dagokiona, hain zuzen ere. Ahozko hizkuntza garapenari, aldaketari edo bereizketari lotzen zaionez, beren hizkuntzaz kontzientzia izan duten herri guztiek hizkuntza literarioaren beharraz jabetu dira, eta helburu horrekin idazketarako arauak ezarri eta finkatu dituzte.
Hori egin nahi izan zuten euskaltzainek 1968an Arantzazuko Batzarrean, batez ere Villasante euskaltzainburuak egindako ahaleginen eta proiektuaren lerro nagusien egilea izan zen Mitxelenaren fruituak jasoz. Eta oparoak izan dira euskara batuaren ondorioak ondorengo urteotan.
Baina, orain artekoa garrantzitsua izanik, inoizko denborako euskararen normalizazioa askatasuna eta besteenganako errespetuan -behar diren neurri, laguntza eta borondate on guztiez gain- oinarritu beharko da. Egoera diglosikoak ezin dira beste modu batez gainditu, bestelako normalizazio guztiak faltsuak baitira.
Tamalez, etsaiak kanpoan ikusteko erraztasun handiegia daukagu, sarritan, arazoak gure artean baino ez direnean ematen. Horrela, beste herri batzuetan gertatu ez den fenomenoa aise ematen da gure artean: aukera literario eta linguistikoak hertsiki lotzen ditugula aukera politikoekin, eta euskara erabat baldintzaturik gertatzen da. Hizkuntzaren instrumentalizazio absurdua, euskararen aurka itzultzen den joko zorigaiztoan barneratzen gaituena.
Hizkuntzarekiko jarrera eta maitasuna aukera politiko konkretu baten defentsarekin nahastea ustela suertatzen da. Hizkuntzak, komunikazio tresna denez, iritzi desberdinak defendatzeko aukera ematen digu, eta, aurrera egin eta gizartearen onespena jaso nahi badu, besteak beste, ezin da batzuen propietate bilakatu.
Hala ere, euskarak baditu bere arerioak -kontziente edo inkontzienteak- eta tenore horretako diskurtsoek, gainera, hainbat lekutan beren ordaina izaten dute. Hauei ere aurretik esandakoa gaineratuko nieke. Hizkuntza baten ezagutzak bere baitan duela balorea. Ez da kolore arazoa, aberastasun kontua baino: gauzak adierazteko beste modu bat, bakoitzak eman nahi dion mailakoa, norberak nahi duen bezala erabili ahal izateko. Horretan datza hizkuntzaren handitasuna.
Honen ildotik, pasadizo bat kontatu nahi nuke, baina, film amerikarretan bezala, protagonisten identitatea ezkutatu egingo dut. Debate batean gertatu zen. Bertan, euskara eta gaztelera, biak ala bietatik bat erabiltzen dituzten zenbait idazle ziren partaide. Halako batean, gazteleraz idazten duten horietako batek esan zuen: "Nosotros, los escritores, los que hacemos literatura..." Ez zuen gehiago esateko denborarik izan, honela erantzun baitzion euskaraz idazten duen beste batek: "Beno, nik badakit zuk zer idazten duzun, nola, zein literatura mota egiten duzun... Nik hori badakit irakurri dizudalako. Baina zuk nola esan dezakezu horrelakorik nitaz, ez badidazu inoiz irakurri?" Hizkuntzen arteko errespetua, gizakien arteko errespetua bezala, bestearen diferentzia onartzean datza.
Halakoa nahiko nuke euskara, beste hizkuntza batzuekin solaskide izateko gai, proposamen guztiak adierazteko baliagarri, edozein ideiaren garraiobide eta leiho izateko gauza, askatasunaren eta aniztasunaren hizkuntza (hau da, gizaki aske eta anitzen hizkuntza), unibertso osoa besarka dezakeen tresna.
Izpiritu honekin idatzi zuen Koldo Mitxelenak 1951an: "Euskal literaturaren eginkizuna, behar-beharrezkoa eta ber-bertatik ekitekoa, ezin-hobeki agindua daukagu: larreko hizkuntza noranahiko egin, jakite-hegoz jaso, soin zaharrari gogo berria eman eta gogo hortan izar urdinetarainoko asmoak sortarazi."
Hortik abiatu zen euskara batuaren premia 1968an. Ez legoke gaizki berriro ere, Oteizaren lana aurrean dugula, Arantzazuko izpiritu hura eskuratuko bagenu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.