Selecciona Edición
Conéctate
Selecciona Edición
Tamaño letra
Entrevista:KONTXITA BEITIA | Andereñoa | GAIAK

'Ezkutuan egindako lanaren ordain duina espero dugu'

Hamar urte igaro behar izan dira Francoren garaian ikastolak martxan berriz ere ipini zituzten andereñoek nolabaiteko errekonozimendua lor dezaten. Eta eurak izan dira, gainera, horretan tematu behar izan dutenak. Horietako lau andereño -Kontxita Beitia, Karmele Esnal, Itziar Arzelus eta Nekane Auzmendi- izan dira beraiek bezala lanean ezkutuan jardun zutenentzat saria lortu dutenak. Eusko Legebiltzarrak proposamena onartu ondoren, legeari emendakinak egiten ari dira une honetan alderdi politikoak. Dudarik ez emakume haien urtetako lan isilak ordaina behar duela.

Kontxita Beitiak, bere garaian, Donostiako Zurriola ikastola abian jarri zuen. Gaur, erretiroa hartuta, euren eskakizuna bete eta kalte-ordain duin bat jasoko dutelakoan dago.

'Guraso haiek apustu izugarria egin zuten ikastolen alde, inongo bermerik gabe'

Galdera. Nola ekin zenioten aldarrikapen honi?

Erantzuna. Duela hamar bat urte, lau andereño batu ginen, ez guretzako bakarrik, baizik eta garai horretan erretiroa hartzen hasita zegoen kolektibo batentzat, jubilaziorako nahikoa arazo aurkitzen ari zen kolektiboarentzat, lan egindako urte horien errekonozimendu bat eskatzeko. Ordurarte, guk, erakunderen batek egindako lana kontutan hartuko zutela pentsatzen genuen, guk ezer eskatu gabe. Baina inork ardura hori bere gain hartu ez eta guk ekin genion.

G. Zeintzuk izan ziren zuen lehen pausoak?

E. Egin genuen lehenengo gauza Arartekoarengana joatea izan zen. Berak, kasua hartu eta legebiltzarrera eramango zuela agindu zigun. Baina denbora aurrera zihoan eta gaia ez zen mugitzen. Arartekoa aldatu egin zen ondoren, eta kargua hartu zuen pertsona berriak azkenean legebiltzarrera eraman zuen txostena. Eta hala ere, ez zen ezer aurreratzen. Hori 1998an izan zen. Hortik aurrera, ordezkari politikoekin hitzegiten hasi ginen. Guztiok ondo hartu gintuzten eta ados azaltzen ziren gure eskaerarekin. Baina hortik aurrera, ezer ez. Azkenean, lehendakariordearekin hitzordua eskatu eta gurekin egon zen pertsonak abian jarri zuen dena; eta guztiz bideratzen hasi zen Ogasun Sailera pasa zenean.

G. Momentu honetan, guztiz zehaztuta al dago legea?

E. Legea onartuta dago, PPk ezik beste alderdi guztiek baiezkoa eman baitzioten, baina orain emendakinak egiten ari dira eta badaude finkatu beharreko hainbat puntu oraindik.

G. Zeintzuk dira?

E. Esate baterako, ez dakigu oraindik zehatz mehatz nortzuk izango diren kalte-ordain hauek jaso ahal izango dituzten pertsonak. Beste puntu bat 1968. urtera arte ordainduko direla izan daiteke, orduan izan baitzen legala lehenengo ikastola, Bizkaian, baina hori ikusteko dago, ondoren ere erregularizatu gabe eta klandestinitatean lanean jarraitu baitzuten askok. Bestalde, urte horietan lanean aritu izana azaltzeko zein agiri aurkeztu beharko den ere erabakitzeke dago; eta azkenik, behin ere aipatu ez den gauza bat, diru kopuruarena. Ez dakigu zenbatekoa izango den kalte-ordain hori. Guk nahi genuena legea aurrera ateratzea zen, eta espero dugu kantitate duin bat emango digutela.

G. Zenbat urte eman zenituen zuk klandestinitatean lanean?

E. Nire kasuan, legeak 68a arte onartzen badu, zortzi urte izango dira, 60an hasi bainintzen ikastolan. Baina beste askok urte gehiago eman zituzten.

G. Zer zenuten amankomunean garai hartan ikastolak martxan jartzen aritu zineten emakumeek?

E. Nire ustez, nabarmenena euskalzaletasuna zen. Hori zen abian jarri gintuena. Umeekin lanean jardun nahia ere, baina ez garaiko eskolatan egiten zen moduan, ez baitzitzaigun gustatzen. Zerbait berria egiteko gogoa genuen, pedagogia aldetik. Bestela, bakoitzak bere kasa egiten zuen lana. Gaur egun barregarria den zerbait egiten genuen. Euskaraz ospatzen zen Jaunartze baten berri genuenean, denak joaten ginen hara, ekintza abertzale bat bezala, gu bezalako gehiago bazirela ikusteko.

G. Zu ere Elbira Zipitriarekin hasi al zinen lanean?

E. Bai. Nik Magisteritza ikasketak eginak nituen baina orduko eskola ez zitzaidan batere gustatzen. Pasaiako familia batek Elbirarengana eramaten zuen umea eta haiek gomendatuta hurbildu nintzen ni beregana.

G. Lan handia egin behar izan al zenuen?

E. Bai. Pentsa, nik, ordurako, euskara zeharo galdua nuela gainera. Beraz, lehenengo gauza hizkuntza berreskuratzea zen eta horrekin batera, pedagogia berritzaileaz jabetzea.

G. Eta ondoren zuk ere zure ikastola martxan jarri zenuen.

E. Bai, Pasai Antxon hasi nintzen lanean 1960an, eta 64an Donostiara etorri nintzen bizitzera eta etxeko gela batean hasi nintzen eskolak ematen. Handik bi urtetara, ikusita hiriko beste auzoetan ikastolak sortzen hasiak zirela, jendearekin hitzegin eta lokal baten bila hasi ginen Zurriola ikastola eratzeko, nahiz eta orduan Grosen bazegoen ikastola bat.

G. Nolabaiteko giroa bazegoen, beraz.

E. Ez, girorik batere, baina familia batzuk sekulako apustua egin zuten, beldurgarria. Azken finean, pentsa garai hartan umeak ikastolara bidaltzen zituztela inongo bermerik gabe. Oraindik ez zegoen inor ikastolan ikasitakorik, eta gainera bi ordu eman eta etxera bidaltzen genituen haurrak, etxeko lanekin. Eta horrek gurasoen, gehienbat amen esfortzua eskatzen zuen. Eta hala ere, ahalegin hori egin zuten. Gainera, gu oso gazteak ginen, nik 20 urte baino ez nituen, adibidez, eta ilusio handia genuen, baina ez genuen ezer. Ez mahairik, ez libururik. Guk, lurrean eserita, Xabiertxo liburua, txotxak, pottokak eta koaderno batekin egiten genuen lana, ez genuen besterik behar.

Beraiengatik izan ez balitz, gaur egun ez Euskal Herria ez eta ikastolak ez lirateke ezagutzen ditugunak bezalakoak. Lehenengo guraso haiek izugarrizko apustua egin zuten.

G. Materiale ezaren arren, zuek pedagogia berritzailea erabiltzen zenuten.

E. Elbira Zipitriak erakusten zizkigun lan egiteko modu berriak. Berak zuen dohain apartaz gainera, sarritan joaten zen Frantziara, eta han, dirudienez, ideia berriak ikasteko aukera zuen. Eta nire ustez, metodo egokiak ziren, gaur egun ere oraindik irakaskuntzan erabiltzen dira eta.

G. Aldaketarik nabari al duzu orduko eta gaurko irakaskuntzaren artean?

E. Bai, izugarria, batik bat eskola publikoan. Baina hala ere, nire iritziz, Elbira Zipitriak ezarritako berrikuntzak ez dira hobetu.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 25 de febrero de 2002