"Herriko tradizioak gizakiaren kezkak adierazteko bide dira"
Gazte-gaztetan dantza gertutik ezagutzeko aukera izan zuenetik, eta gerora bere emaztea izango zen Marianen eskutik, mundu horretan murgildurik bizi da Juan Antonio Urbeltz, Argia dantza taldearekin lan handia egiten duelarik. Ezagun dira ere idatzi dituen liburuak, eta hurrengo hilean kalean izango da bere lan berria, Las danzas de espadas y sus símbolos (Pamiela) tituluduna. Barnetik sortzen zaion zerbaiti erantzuten saiatzeko ikertzen duela dio Urbeltzek. Berarekin hitz egitea sinbologiaz betetako mundu bati atea irekitzea da.Galdera. Zer aztertzen duzu zure liburu berrian?
Erantzuna. Euskal Herriko eta Europako kulturako gauza interesgarri asko aurkitu ditut, Neolitikotik datozen hainbat erritoren inguruko azalpenak oker daudela ikusiz. Inauteriak eta ezpataz egiten diren erritoek, beste askok bezala, beste sinbologia bat dute, gizakiaren kezkekin zuzenean lotua dagoena.
G. Inauteriei buruzko xehetasunak bilatu dituzu bereziki?
E. Inauteriak eta San Juanak festa simetrikoak direla ikusi dut. Batean falta dena, bestean soberan dago. Inauterian ez dago intsekturik, eta San Juanetan, aldiz, bere betean daude. Inauteria inausketa eta jorra garaia da; landare eta zuhaitzak ondo zaindu behar dira ondoren fruitu onak eman ditzaten. Baina, gainera, intsektuen larbak ere lehen hostoen zai daude jaten hasteko eta hori eragotzi nahi die inausketak. Guzti hau naturan gertatzen den bitartean, gizakiok gure kezkak Inauteriaren bidez azaltzen ditugu. Eta ohituraren arabera haurrak etxeetara zerbaiten eskean mozorroturik doazenean, intsektuei hamarrena ordaintzea bezala da hori, gerora berriz ere bigarrenez kobra ezin izateko. Izurriak saihesteko modu bat da.
G. Hau pertsonaietan islatzen al da?
E. Bai. Badaude Inauteri batzuetan intsektu masa kaotiko batek lagunduta agertzen direnak. Lantzeko Inauteriko Ziripot larba bat da, eta bertako Zaldiko edo Europako edozein Inauteritako zaldiak otiak dira, langostak. Lantzen, horren atzetik erraldoia dator. Eta hori gosea da, ase ezin dena. Eta paretsu gertatzen da Zuberoan ere. Han, aurretik doazenak gorriz doaz, negu gorria, gose gorria dira. Ondoren zaldia dator, otia errepresentatuz, eta atzetik beltzez jantzita doazenak daude, beste intsektu mota bat, eltxoak. Eltxoekin zuzenean lotuta daude ezpata dantzak.
G. Inauteriak eta San Juanak simetrikoak direla aipatu duzu.
E. Bai, hala da. Orain, San Juanen, intsektuekin bukatzeko erritoak egingo ditugu. Festa honek ez du eguzkiarekin zerikusia, askotan esaten den bezala. San Juan gauean Europa osoa kez betetzen da, eta ke horrek eltxoekin bukatzeko helburua du.
G. Esaten ari zarenaren arabera, ohitura askoren azalpenari dagokionean oker gaude.
E. Oker baino gehiago, hainbat ikuspegi antropologiko aldatu behar ditugula iruditzen zait. Historia garrantzitsua da, baina ez ditu herriko tradizioak argitzen, hauek gizakiaren kezkak adierazteko bide bat dira.
G. Europako kultura osoa elkarlotuta dago?
E. Bai, hala da. Liburua ezin izan dut nahi adina luzatu eta azkenik hiru dantza konkreturi buruz aritu naiz, Ingalaterrako morris dances direlakoak, errumaniarren calusarii eta euskaldunon ezpata dantza.
G. Zuek dantzan hasi zinetenean aurkitu zenuten panorama gaur egungoa bezalakoa al da?
E. Ez, hobetu egin da, baina guk oraindik gehiago hobe daitekeela uste dugu. Dantza hauen sorreran dauden elementu sinbolikoen inguruan modu ordenatuan hitz egiterik baldin badaukagu, sormenerako kultura oinarri batetaz hitz egin dezakegu.
G. Nahikoa garrantzia ematen al zaio?
E. Nire ustez, momentu honetan, oro har begiratuta, ez dago aipatzen ari garen gai hauen benetako ulermena, zoritxarrez. Guretzako garrantzitsuena erreferente kulturalak finkatu ahal izatea da. Alde batetik euskal esparruaren barnean, eta bestetik, hori Europan kokatuz.
G. Euskal kulturak, dena den, ba al du elementu espezifikorik europarraren barruan?
E. Bai, baditu. Esaterako, baditugu hainbat melodia asimetrikoak direnak, irregularrak. Horiek dantzatzeko memoria ezinbestekoa da. Eta honek berebiziko garrantzia du. Dantza, antzinako Grezian, memoriaren alaba eta kaosaren biloba da. Eta irregulartasun horietan ikus daitekeen bezala, euskaldunak herri kaotikoa gara, hala izan gara betidanik eta adierazpen kaotiko asko ditugu.
G. Dantzak herri baten izaeraren adierazgarri dira?
E. Oso esanguratsuak dira. Adibidez, guk baditugu taldean egiten diren dantzak. Baina hauekin batera, baditugu indibidualki dantzatzen diren beste asko. Eta diferentzia bat suposatzen duen hori gure izaerarekin oso lotua dago. Bakoitzaren nortasuna ez du kolektiboak jaten.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.