Haur literaturaren une gozoa
Geroz eta oparoagoa da euskal literaturan haurrei eskainitako esparrua. Alde batetik, bada euskaraz literatura unibertsalaren ondareko hainbat lan irakurtzeko aukera, norbaitek herri baten tradiziotik hartu ondoren munduko haur askok ezagutzen dituzten ipuinak gehienetan. Eta badago ere euskaraz jatorriz idatzitako haur literatura, momentu honetan bizi duen garai ona azpimarragarria delarik, produkzioari begira bederen.Pamiela argitaletxeak berriki lehenengo aipatutakoari heldu dio, Grimm anaien ipuinak euskaratzearekin. Genaro Gómez arduratu da itzulpenaz, eta horretarako anai alemaniarrek kaleratutako hirugarren edizioa hartu du oinarritzat, 1837. urtekoa. "Grimm anaiek, bizi artean, ipuin hauen zazpi edizio egin zituzten", azaltzen du Gómezek. Izan ere, hasieran helburu zientifikoarekin ekin baitzioten bi anaiek herri tradizioaren ipuin horiek jasotzeari. "Lehen bi ediziotan, ia ia zabalagoak ziren testuei jartzen zizkieten oharrak ipuin berak baino", dio itzultzaileak. Baina ingurukoei jaramon eginda eta lehenengo edizio horien arrakasta eza ikusita, aldaketa franko egiten joan ziren, bata bestearen ondoren kaleratutako edizioetan guztiz berdinak diren bi testu ez daudelarik. Hirugarren edizio horretatik aurrera eurek bildutakoa umeentzako aproposa gerta zitekeela ikusi eta bide horretatik jarraitu zuten, ilustrazioak ere gehitu zizkietelarik. Horixe da, hain zuzen, Genaro Gómezek oinarritzat hartutako testua.
Euskaraz ere izan da ipuin hauek irakurtzeko aukera, 29. urtean Hipólito Larrakoetxeak eta Joseba Altunak egindako lehen itzulpen haien ondoren besterik ere egin da-eta. Gómezek itzulitako 62 ipuinen artean badago, dena den, aurretik euskaratu gabekorik.
Grimm anaien alemanezko idatziek duten tonua euskarazkoetan ere antzematea izan da itzultzailearentzat zereginik zailenetakoa. Horretarako, euskal ipuingintza klasikoan murgildu da, Barandiaran, Satrustegi, Arratibel eta besteren lan asko irakurriz. "Testu guzti horietan badago nolabaiteko hizkera jakin bat, eta ni hori lortzen saiatu naiz".
Märchen izenpean biltzen diren ipuin hauek badituzte, Gómezen esanetan, ezaugarri batzuk. Esate baterako, badaude hasiera eta bukaera formula jakinak eta errepikak, pertsonaia protagonistak ez dira konplexuak (jostuna, erregea, neskatxa...), eta morala nahikoa inozentea da. Euskarazko eta alemaneko ipuinen artean antzekotasunik bilatzekotan, bukaera formulen artean badago gutxienez zerikusia izan dezakeen bat. "Iparraldean badira hala bukatzen diren ipuinak, 'Eta ongi bizi baziren, ongi hil ziren'", dio itzultzaileak, "eta alemanez batzutan 'Eta hil ez badira, bizirik daude oraindik' bukatzen dira Märchen hauek".
Itzulpen lanetan murgiltzean bai haur eta bai helduen literaturan ahozkotasunak duen indarra deskubritzea oso positiboa iruditu zaio Gómez-i. "Literatura egiten dutenen lanaren oinarrian ahozkotasunak duen indarraz konturatzea pozgarria izan da niretzako".
Ehungarren alea
Elkarlanean argitaletxeak kaleratzen duen Xaguxar Saila bere ehungarren alera iritsi da berriki. Duela hogei urte jaiotako Itzul eta Sor sailen "oinordeko" kontsideratzen du bere arduraduna den Joxan Ormazabalek, hauetan argitaratutako lan esanguratsuenak jaso baititu, beste berri askorekin batera. Sail honetan, gainera, Euskal Herrian haur literatura egiten duten egile gehienak daudela azpimarratzen du bere arduradunak. Bilduma honen ezaugarrietako bat bere tituluetan bariazio handia aurki daitekeela da, baina bertako egileen liburuak itzulitakoak baino hobeto saltzen direla aipatzen du Ormazabalek. "Badira jadanik klasikoak kontsidera daitezkeen batzuk eta horiek salbuespena dira, baina orokorrean, jatorriz euskaraz idatzitako hobeto saltzen direla esango nuke".
Euskarazko haur literaturak gaur egun duen ezaugarri nagusiena produkzioa dela azpimarratzen du Xaguxar sailaren arduradunak. Urtero titulu kopuru handia kaleratzen da beraz, bai bertako idazleenak eta baita hamaika hizkuntzatatik itzulitakoak ere. Produkzio maila handia izateak kalitatean izan dezakeen eraginari begira, aldiz, oso argia ez dela dio Ormazabalek. "Baliteke noizbait kalitate handia ez duten lanak argitaratzea, baina lan onak eta oso onak ere ateratzen dira, dudarik gabe. Gehiago argitaratzen bada logikoa da aniztasun hori ematea, baina nik ez nuke esango, oro har, maila jaitsi egin denik, sortutako konpetentziak ere gehiago exijitzen duelako".
Haurrei zuzendutako liburuetan ilustrazioak daukan garrantzia azpimarratzen du Ormazabalek. Zaudete geldi pixka batean liburuan, Antton Olariaga izan da marrazkigilea. Kanpoko marrazkigile asko dago bilduma honetan, baina bertako egile batekin aritzerakoan bertako marrazkigileekin ere lan egiten saiatzen direla dio. Bilduma honetako ilustrazioak, txuri beltzean izanik ere, zaindu egiten direla ziurtatzen du. "Gainera, hemen dugun marrazkigile talde polita aipagarria dela uste dut: Jon Zabaleta, Jesús Lucas, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Arrastalu, Luis Astrain eta Olariaga bera, besteak beste".
Gaur egungo umeek dezente irakurtzen dutenaren irudipena du Ormazabalek. "Asko irakurtzen dutela uste dut, nahiz eta batzutan behartuta egiten duten". Dena den, irakurketa gustuko dutenek ondo egiten dutela dio. "Esaten dituzten gauzengatik, batzuk helduak baino irakurle hobeagoak direla esango nuke gainera. Liburuarekin oso lotura polita duten umeak badira".
Ume oroitzapenak
Xaguxar saila ehungarren alera iritsi da Andoni Egañaren Zaudete geldi pixka batean lanarekin. Neurri batean, nahikoa pertsonala den liburua da hau, Egaña bere haurtzaroko oroitzapenetan murgiltzen baita argazki bat aitzakiatzat hartuz.Bertsolari eta idazle hau literaturaren esparru honetan sartzen den lehenengo aldia da, eta emaitza helduentzako ere guztiz baliagarri den liburua da. "Andoni idazlea da, idazle ona, eta idazle onak haur literaturara etortzen direnean pozgarria da", diote Elkarlanean argitaletxean. "Azken finean, haur literaturak literatura izaten jarraitzen du. Umeentzako izate horrek ez du esan nahi kalitatea gutxiago zaintzen denik".
Egañarentzako, liburuaren aurkezpenean argitu zuenez, haur literaturan sartzeak ez du esan nahi hizkuntza ñañoa erabili behar denik. Helduentzako bezala idatzi du Zaudete geldi pixka batean, bere estilo ironikoa eta zorroztasuna mantenduz.
Aldea gaian dago batez ere, liburuan agertzen den mundua haurrena da-eta. "Oroitzapenak dira gai nagusia. Eta oroitzapen horiek berak gogoratzen dituen bezala azaldu dituela kontutan izanik, askotan gauzak izan ziren bezala baino nola gogoratzen ditugun bilakatzen da garrantzitsuago". Egilea urrunago doa gainera, txikitako lagun horiek egun nola dauden azaltzen baitu.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.