Historiaren alde ezkutuan
"Hau altxorra da", dio. Ezin jakin zein motako altxorraz ari den, haren azal horiska ikusi orduko apalean utzi eta, bisitariari ia erreakzionatzeko astirik eman gabe, beste bat erakutsi baitio, "hau ere bai" esanaz. Presa du. Ez bisitariak traba egiten diolako edo hura bota nahi duelako. Ezta lanari ekin nahi diolako ere (nahiz eta zeregin faltarik ez izan). Monastegira sartu denari bere lanaren tamaina eta garrantzia ulertarazteko astirik ez duela izango uste duelako ari da presaka; batetik bestera arin ibiliz, ibilbide bera milaka aldiz egin duenaren konfidantzaz arakatuz apal liburuz beteak, han eta hemen pilatutako kartelak, karaktere gotikoz idatzitako pergamino zaharrak... Juan José Agirre du izena. Lazkao beneditinarren monastegian bizi da eta bertako liburutegiaz arduratzen da 73az geroztik; "txiripaz, beste inork ez zuelako nahi, hartu nuen ardura hori", zehaztu du. Halabeharrez sortu zen, beraz, munduan parekorik ez duen artxiboa, egunen batean XX. mendeko Euskal Herriko historia hobeto ezagutzeko ezinbesteko erreferentzia bilakatu dena. Izan ere, eraikinak gordetzen duena ezin da beste inon aurkitu, baliabiderik eza ekinaren ekinez konpentsatu behar izan badute ere. Halako batean libururik zaharrenak gordetzen dituen gelara sartu da. Pergamino azalez eginiko liburua bisitariari utzi eta, begietara zuzen begiratuz, "500 urte baino gehiago duzu eskuartean" esan dio. Liburutegian dauden XV, XVI, XVII eta XVIII mendeetako 2.000tik gora liburuetatik bat baino ez da. Beste apalean Aita Larramendik idatzitako lehen euskarazko gramatikaren ale bat dago. Testu asko zaharberritu behar izan dituzte, zulatutako orrialdeetan txertoak eginaz. Gelatik irtetzean liburuz gainezka dauden apalak ikusten dira: euskal gaiak, filologia eta historiari buruzko testuak, beste askoren artean. "Biblikoteka bakoitzak badu besteek ez duten berezitasunen bat". Etenaldi txikia egin, eta zertaz ari den argitu du: "Hemen besteek ez duten Frankismo garaiko artxiboa dagoela esango nuke". Azalpen horiek eman eta gero, kartel eta kartoizko kutxaz beteriko beste gelako atea zabaldu du. Azken harmakadetan herrietako kale eta plazetan botatako paskinak, hormetan jarritako kartelak eta ezezagunen paparrean bukatu behar zuten pegatinak dira. Erabili eta gero inor gutxik gordetzen ditu, horretarako baliabideak dituzten alderdi politiko eta erakunde handiek izan ezik. "Niri barruak esaten zidan horiek gorde behar nituela, eta horrela hasi nintzen, gazteok isilka eskuz-esku erabiltzen genituen panfletoak biltzen". Artxiboa osatzeko behar zituen argitalpenen bila Ameriketako Euskal Etxeetara jo zuen. Itsasoz bestaldean "36an alde egin zuen jende kultoak" argitaratutako aldizkariak eskuratu zituen, erbestean bizi zirenen berri ematen zuten orrialde dotoreak. Dokumentu horiek guztiak gabe ez legokeela "Frankismo garaiko historia egiterik" uste du. "Frankistek ez zuten gure biblioteka ukitu", dio Juan José Agirrek, "astakeria izango zen. Orain ikusi da gerra karlisten garaian izan ziren argitalpen klandestinoak urteak pasa eta gero harrokeriaz eta museotan erakusten dituztela. Lekuan lekuko historia egiteko beharrezkoak dira, urteen poderioz balio handiagoa dutelarik". Diktadorea hil ondoren jarraitu zuen mota guztietako dokumentuak biltzen eta hauteskunde propaganda gehitu zion bildumari. Ondoko mahaian 30en bat urteko gizon bat dago. Ikertzailea da eta Alemaniako unibertsitate batetik etorri da Aita Agirrek bildutako paper piloak arakatzera, tesirako behar dituen datuen bila. "Urtero bost edo sei etortzen dira. Tesi eta liburu askotan erabili dituzte hemen dauden dokumentuak. Nik zerbaitetan lagundu ahal diedala ikusten badut,ateak irekitzen dizkiet", dio. Gaur egun 3.500 aldizkari ditu katalogatuta, eta astero paperez betetako kutxa gehiago iristen da monastegira. "Dokumentu horiek herriz-herri biltzen dituzten lagunak ditut, eta haiei esker jasotzen ditut hemen", gehitu du. Konturatu gabe minutuak eta orduak joan dira. "Banoa, berandutu egin zait" esan eta buelta eman du, baina bi aldiz eskatuz gero beste galdera bat erantzungo lukeenaren keinua eginaz. Bisitariak ez dio beste ezer galdetu, bere erruagatik Aita Agirrek bazkalordua galduko duela ikusi baitu.
"Altxor zaharra" informatizatu
Ikertzaileek oztopo handia aurkitzen dute Aita Agirreren artxiboa erabiltzerakoan: hainbat dokumentu ez daude katalogatuta. Horrexegatik, datu base informatikoa ari dira sortzen Jaurlaritzaren laguntzaz. Atal batzuk amaituta, euskal gaiei buruzkoak esaterako, orain lanaren zatirik zailena iritsi da: Frankismo garaiko artxiboa ordenatzea. Horretan ari da Irargi Dokumentazio Zentroko teknikari bat. Alberto Martínez Artolak egunero bost ordu inguru eman du zeregin horretan urtarriletik hona. Ez daki zehazki noiz bukatuko duen. "2000. urtean izango da, baina lanaren ezaugarriak ikusita, oso zaila da eperik zehaztea". Lan honen zailtasunik handiena zenbait dokumentu denboran kokatzea da. Horietako askok ez dute datarik, eta aipatzen duten gertakizunaren arabera igarri behar da noiz inprimatu zituzten. "Paper asko lurretik hartuta eta zapalduta daude. Lemoizko zentralaren aurkako manifestazioa iragartzen badu paskinak, hori noiz izan zen aurkitu behar dut beste artxibo batean, eta horren arabera sailkatu".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.