Amatasunaz gogoeta hunkigarria
Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria-ren irakurketak hunkitu egin gaitu. Hunkitu, ama batek seme-alabei idatzitako koaderno gorrian biltzen diren sentimenduak oso biziak direlako. Hunkitu, halaber, estiloaren lirikotasunarengatik. Amatasunaren inguruko hausnarketa lortua eskaintzen digu. Amak idazten duen gutun luze horretan, amatasuna fisikoki bizitzen den zerbait baino gehiago dela frogatzen zaigu, oroimen eta bizipenetan sortuz doan sentimendua dela. Pertsonaia honek "ama" deitua izateko eskubidea berreskuratu nahi du, eta horretarako, ezinbestekoa zaio senarrak lapurtu zizkion seme-alaben oroimenak idatziz adieraztea. Horregatik babesten da bere haurrekin bizitako urte laburretan. Poliki-poliki harilkatzen dira familia honen haustura ekarri zuten gertakariak, gu ere istorio honen irakurketan barneratuz eta emakume honen ezinegonaren konplize bihurtuz. Aspaldian esan zuen De Beauvoir-ek: "emakumezkoari beharrezko zaio oroitzea, izan zena berreskuratuz bakarrik lortuko baitu izaten jarraitzea". Hortik, genero autobiografikoek eskain diezaioketen laguntza eta halaxe ulertu dute azken belaunaldietako emakume idazleek. Guztiarekin, askozaz gehiago da kontatzen zaiguna, oroimenaren sare proustiarrean azaleratuz doazen bizipen guztiak protagonistaren konpromezu politikoarekin egiten baitute topo. Bere amatasunaren gunerik garrantzitsuenak gertakari politikoekin daude lotuta, pertsonaiak hartutako konpromezuarekin. Eta hortxe sortzen dira arazoak, emakume batentzat zaila baita bi gauzak uztartzea. Horren adibide dugu nobelan pintzelada laburrez baina egoki deskribatuta dagoen senarra. Itxuraz iraultzaile eta aurrerakoia zen senarrari benetako aurpegia ikusiz joango baitzaio. Ezkontza eta bataioak proposatuz, emaztearen hilekoa kontrolatuz, "ohiko" ama rolera kondenatu nahi du emaztea. Senarraren ahotan jartzen den "bion artean zainduko dugu" promesa ikasitako kontsigna besterik ez da. Esandakoez gain, usaimen nahiz dastamenek zipriztintzen dituzten pasarteek, pertsonaien hausnarra eta solasa transkribatzeko erabilitako zehar estilo arinak, amaiera asaldagarriak, bi plano narratiboen uztartze egokiak... ongi antolatutako nobela bihurtzen dute. Lessing-ek bere liburu gogoangarrian bildutako koadernoen antzera, nobela honek ere kolore asko ditu, baina guztien artean, gorria gailentzen da, sentimenduen eta grinaren kolorea.


























































