Pello Salaburu: Euskal Herriko Unibertsitateko Errektorea
Pello Salabarururen iritziz, Unibertsitateak badu zeresanik euskal gizartearen normalizazio prozesuan. Erakunde akademikoa izanik, gai horri buruz iritzia sortzeko behar dituen datuak eman behar dizkio gizarteari, eta horretan ari da, hain zuzen ere, azken bi urteotan biolentziarekin lotuta gertatu diren ekintzak aztertu dituen EHUko aditu talde bat. EL PAÍS-i eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, munduan gertatzen ari diren aldaketek, teknologia berriek besteak beste, "hirugarren iraultza baten atarian" jarri dituzte unibertsitateak. Galdera. Unibertsitate pribatu bateko errektorea izango zinateke? Erantzuna. Harvard edo Berkeleyko errektorea izatea eskeiniz gero, bai, gustura. G. Eta hemengo unibertsitate pribatu batekoa? E. Une honetan ez dut planteatu ere egiten. Nire asmoetatik kanpo dago, baina ni ez naiz pertsona itxia. G. Kezkatzen al zaitu unibertsitate pribatu berrien sorrerak? E. Bai. Puntu batek kezkatzen nau, zalantzarik gabe. Unibertsitate batzuk garantia ekonomiko eta akademikorik gabe sortu dira azken aldi honetan, ez hemen baina beste leku batzutan bai. Batzuek nahasten dute unibertsitate pribatua bulego eta gela batzuk izatearekin, eta hori kezkagarria da. Beldur naiz noizbait huts egiten badute hor dauden ikasleak guk irentsi beharko ote ditugun, unibertsitate publikoak. G. Emaitzarik izan al du kanpoan lan egindako adituak berreskuratzeko EHUk duen politikak? E. Bai, dudarik gabe. Orain arte sei bat etorri dira. Politika hori ona da. Baina orain hausnarketa bat egin behar dugu: horrela segitu behar al dugu? Interesatuko litzaiguke arlo hau bultzatzea? Interesatuko litzaiguke irakasle lagun moduan etorri direnentzat plazak sortzea? Bi motako ikertzaileak daude. Batzuk, gazteenak, kontratuarekin etortzen dira, irakasle lagun bezala, eta besteak katedratiko bezala. Katedratikoekin ez dago zalantzarik, etorri dira eta hor geldituko dira. Baina besteei kontratua bukatuko zaie hemendik urte batzutara. Orduan, segitu behar al dugu beraiekin?...Nik uste dut ona litzatekeela Unibertsitateak, plaza hauekin segitzekotan, kanpoko ebaluazioak eskatzea. Ebaluazioa positiboa bada, aurrera segituko dugu programarekin. Horrekin batera ona litzateke Unibertsitateak lehentasunak finkatzea ikerkuntzan, hori oso arriskutsua da baina egin behar da. G. Zein dira lehentasun horiek? E. Ez dakit. Nire ustez, ikusi egin behar dugu non izan gaitezkeen munduko onenak edo onenen parekoak eta han egin apustua. G. Zertan nabarituko da pertsona hauen lana? E. Lanean ari diren taldeetan sartu dira. Etorri direnek oso curriculum ona dute. Haien ekarpena oso ona izango da zalantzarik gabe. Bi kasu ditut gogoan: bat Etxenikeren taldean dago eta bestea Ibon Sarasola da. Ibon Sarasolaren lana denbora gutxi barru ikusiko da, ordu asko sartzen ari baita batez ere Euskara Institutua bultzatzen. G. Arrazoia al dute unibertsitatean erabiltzen den euskararen kalitatea behin baino gehiagotan kritikatzen dutenek? E. Nik ere bere garaian zerbait esan nuen horren inguruan. Nik uste dut erabiltzen den euskararen maila ahula dela. Ibonek "kolorerik gabeko euskara" erabiltzen dela esaten duenean... horrelako zerbait gertatzen da. Baina gauza horiek aldatuko dira. G. Noiz nabarituko dira Euskara Plangintzaren emaitzak? E. Urritik aurrera. Irakasle batzuk kontratatzen hasi gara. Arazo handiak ditugu aurrekonturik ez delako onartu, baina hori egin egingo da. G. Horrek eragin zuzen izango du kalitatean? E. Bai. Zalantzarik gabe. Mugikortasuna G. Estatuko errektoreak kexu dira beka gutxi banatzen direla-eta. Bat al zatoz iritzi horrekin? E. Bai. Gauza bat gertatzen da. Unibertsitateak arazo handiak ditu, arazo orokorrak. Behin eta berriz esan dugu irakasleen kontratazioa aldatu behar dela, ikasketa planak goitik behera aldatu eta beste modu batera planteatu behar direla, unibertsitate organoen egituraketa aldatu behar dela, mugikortasun handiagoa behar dela... Diagnostiko orokor horretan bat gatozela esango nuke. Baina gero, diagnostiko hau egin ondoren, nola konpondu arazoak? Mugikortasunari dagokionez, zenbat eta zabalagoa izan hobeki. Gobernuak irakasleak eta ikasleak mugitu nahi ditu. Baina ikasleak ez dira mugituko bekarik ez badago, eta horren harira zetorren errektoreek esandakoa. Jendea mugitzeko dirua behar da, bestela etxean geldituko baitira. Gauza bera gertatzen da irakasleekin. Mugikortasuna bada jendea toki batetik bestera eramatea, oso ondo, baina nork ordaintzen du? Mugikortasunaren alde nago, baina hori aztertu egin behar da. Oso erraza da esatea selektibitate azterketak ikasleak nahi beste aldiz errepikatuko direla. Baina nork antolatzen ditu tribunalak eta nork ordaintzen ditu? G. Gai honen harira, euskararen zabalpenak oztopatuko al du kanpoko ikasleak hona etortzea? E. Zaildu egingo du euskaraz ematen diren eskoletara etortzea, jakina. Baina beti erdaraz ikastea izango dute. Gero eta ikasle gehiago izango dira euskarazko adarretan, baina erdarazko taldeek iraungo dute. G. Nola aldatuko dute teknologia berriek unibertsitatea? E. Ez dakit, baina eragin handia izango dute, dudarik gabe. Gaur egun bistan da bideokonferentzia sistemek irakasle gutxiago behar izatea ekarri dutela, eta guk bideokonferentzia bidez ematen ditugu asignatura batzuk, euskara teknikoaren atal batzuk hain zuzen ere. Bestalde, ordenadore bidez egiten den lanari dagokionez, ikasteko modua aldatu du, ikasleek ez baitute hona etorri beharrik. Beraz, harreman pertsonalak ere aldatzen ditu. Irakasleen aldetik irakasteko sistemak aldatzen ditu, eta horrek eragin zuzena du unibertsitatearen egituran... Adibidez, baliteke ikasleak izatea han-hemenka eta irakaslea unibertsitate honek kontratatua ez izatea. G. Zein izango da aldaketa horien eragin zehatza? E. Nik esango nuke unibertsitate onek iraungo dutela bakarrik. Ez dira izango halako "gune trinkoak", hau da ikastegi bat zenbait irakaslerekin eta abar.Gune trinko horiek piskanaka-piskanaka gune "difusoak" izatera iritsiko dira, hau da, mugak ez dakigula ongi non dauden. Adibidez, Ingalaterrako Cambridgen Hitachik eraikin bat oparitu dio unibertsitateari ikerketak egiteko, eta jarri duen baldintza da urte batzutan hara bere espezialistak bidaltzea, ez kurtsoak egiteko,baizik eta harremana izan dezaten hango jendearekin. Hori errealitate bat da. Bill Gatesek ere konputadora etxe bat egin du bertan eta irakasle bat kontratatu du ikerketak egin ditzan askatasun osoarekin. Horrek esan nahi du Unibertsitatea aldaketa handi batean dagoela. Gero urrunago doanik ere badago. Zenbait espezialistak dioenez, urte gutxitan ehundaka unibertsitate desagertuko dira. Nire iritziz Unibertsitatearen hirugarren iraultzan gaude. Mendeetan zehar jakituriaren gunea izan da, mende honetan masifikazioa izan du ezaugarri nagusi eta orain hirugarren iraultza baten atarian gaude. Iraultza horren ñabardurak zein diren esaten ez naiz ausartzen, baina hortik goazela ez dut dudarik. Hala ere, ez dut ikusten jendea honetaz arduratzen denik. G. "Jendea" esaten duzunean, nori buruz ari zara? E. Honetaz arduratu behar dutenak. Nik uste dut jende gutxi kezkatzen dela Unibertsitatearen benetako arazoez, ez dakit kezkarik ere ote duten. Bitxia da, gero eta liburu gehiago argitaratzen ari baitira Unibertsitateko gaiei buruz. Ipar Amerikan aspaldi gertatu zen hori. Hor hausnarketa hauek aspalditik egiten ari dira eta hemen gauza berria dela uste dut. Frantzia eta Alemaniako gobernuek ere azterketa serioak enkargatu dituzte gai hauen inguruan, txosten horiek egitea oso garrantzitsua da hemendik 20 urtera zer gertatuko den jakin ahal izateko. Dinamika berria G. Nola lagundu dezake Unibertsitateak euskal gizartearen normalizazio prozesuan? E. Gai horretan pauso txiki bat eman behar dugu. Hemendik egun gutxira nik bultzatu dudan liburu bat aurkeztuko dugu gai horretaz. Hasieran gure ekarpena bakearen aldeko institutu bat sortzea izan zitekeela usten nuen, Israelen palestinar eta judutarrek egiten dutenaren antzekoa. Ni kezkatua nengoen, biolentziaren kontu honekin, gizartean gauza asko gertatzen ari zirela ikusterakoan. Horregatik oso enkargu sinplea egin nuen: azken bi urteak hartu eta egunez-egun biolentziaren inguruan gertatu diren gauza guztiei buruzko analisia egitea, datu base bat izateko horretaz, jendeak analisi horren datuak izan ditzan. Urrunago joan beharko genuke. Nire iritziz, sortu den dinamikaren parterik garrantzitsuena da ez dagoela hilketarik. Gauza guztien gainetik hori azpimarratu behar dugu. Egoera berri horretan gaude. Biolentzia dago oraindik baina ezin da aurrekoarekin konparatu. Zer egin dezakegun? Nik behintzat egingo dudana egoera hau lehenagokoa baino askoz hobea dela esatea da. Inor hiltzen ez dela da funtsezkoena. Hori da garrantzitsuena. G. Unibertsitate honetan ez da biolentziari buruzko tesirik egin. E. Zaila da hori esatea, gai horiei buruzko aipamenak baitaude hainbat lanetan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.