Euskal dantzari profesionalen diaspora Euskadin ez dago artista hauen harrobia har dezakeen konpainiarik
Lucia Lacarrak 23 urte ditu eta San Francisco Ballet-eko dantzari nagusia da; Jone San Martin dantza garaikidea egiten du Francfort-eko Ballet-en eta German Jauregik Bruselako Ultima Vez.Win Vandekeybus taldean. Haien antzera ari dira Igor Yebra, Urtzi Aranburu, Andoni Arest...90 dantzarik baino gehiagok irten behar izan dute Euskal Herritik beren ametsak bete nahian. Izan ere Euskadin ez dago euskal dantzarien harrobia har dezakeen konpainia profesional bakar bat ere. Amateurrik badago; ia 245, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera. Baina txiki geratzen dira dantzatik bizi nahi dutenen handinahia asetzeko. Azken urteotan aretoko dantzak irakasten dituzten eskolak ugaldu dira, dantza garaikideko konpainia esperimentalak sortu dira eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da euskal dantza tradizionala. Aldiz, " profesionalen egoera oso latza da", Jon Beitiak, izen bereko eskolaren arduradunak, dioenez. Euskal Herriko dantzari profesionalen harrobi nagusia bilakatu den eskola horretatik egun atzerrian ari diren 35 gazte irten dira. Beitia kezkaturik dago egoera hori dela eta. "Gero eta jende gutxiago etortzen da eskoletara. Kultur eskaintza gehitzen ari da eta jendea ez dago sakrifiziorik egiteko prest". Dedikazioa Dantzak erabateko dedikazioa eskatzen du txikitatik. Dantzariek beren bizitza proiektua hautatu behar dute 12 edo 14 urte dituztela, adinez nagusiak izan arte itxaronez gero beranduegi izango litzateke eta. "Hazkunde garaia da, gorputza eta burua lantzeko aproposa", azaldu du Beitiak. "Baina zaila da azaltzea ia fraide-bizitza izango dutela". Egunero zortzi orduz entseiatu behar dute teknika hobetzeko, errepertorioa ikasi, elikadura zaindu: oporretan egon ala ez. Errealitate horri gurasoek seme alabek batxilergoa utzi eta etxetik hain goiz alde egin dezaten jartzen dituzten oztopoak gehitu behar zaizkie. Lucia Lacarraren amak jakin badaki zer den alaba alde egiten ikustea. Hiru urte zituela dantzaria izan nahi zuela esan zion eta zortzirekin Zumaian zegoen akademia bakarrera eraman zuen. Lucia hasieratik nabarmendu zen, beharbada bere zaletasuna bokaziozkoa zelako: musika sentitu egiten zuen eta mugimenduen bidez komunikatzeko gai zen. "11 urtetxorekin", dio amak, Tarragonan ikastaro bat egitera bidali nuen jarraitzeko gogoa galduko zuelakoan. Eta alderantziz izan zen". Familia utzi zuen Donostiako Mentxu Medelekin ikasteko -bere "ama profesionala"-, 14 zituela Victor Ullateren taldean sartu zen, baina adin nagusitasunera iritsi zenean txiki geratu zitzaion. "Gehiago nahi zuela esan zidan", azaldu du amak. Roland Petit-en taldeak dantzari nagusi izateko kontratatu zuen eta han aurkitu zuen bere asmoak betetzeko bidea. Iazko denboralditik San Francisco Ballet-eko dantzari nagusia da. "Pena dut ikasketak utzi behar izan zituelako. Baina orain zera esaten dit: ama, oso zoriontsua naiz. Errealizatu egin naiz. Berarengandik banatu behar izan dut, baina ama batentzat ez dago hori entzutea baino gauza handiagorik". Leioako Leire Ortuetak antzeko bidea egin du. Bera, berriz, Ingalaterrara joan zen orain hamar urte baino gehiago. 27 urte ditu eta Royal Ballet-eko bakarlaria da, baina dagoen lekuraino iristea zaila izan zaiola aitortzen du. BBBko lehen maila bukatu ondoren ikasketak utzi zituen. Handik aurrera erantzukizuna etorri zitzaion; bidean geldituko ote zen edota lesio batek bere ibilbidea hautsi ote zezakeen beldurrez. "Ez duzu kanpoko mundua ikusten", dio ingeles azentuaz, "baina eszenatokian zaudenean konpentsatu egiten zaitu. Orain, ume batek dantzaria izan nahi duela esango balit, ez litzaidake batere gustatuko". Leirek argi du dantzan aritzeko muga 35 urteetan dagoela. Momentu hori iristen denean, bizitza berria hasiko du, ez baitu dantzan irtenbidea aurkitu nahi. Dantzaren munduan antzerkiaren bidez sartu zen German Jauregik, 26 urteko bilbotarrak, paradisua aurkitu du Bruselan, Ultima Vez konpainian. Jauregi harritu zen hara iristean erakundeek dantzari ematen zioten babesa ikusita. "Euskal Herrian argi-urtetara gaudela konturatzen zara. Eta jendeak dantza ikusteko ohitura handiagoa du".
Oinarriko dantza
Euskal Herrian dantza jarduera guztiak konpainia amateurren esku daude. Euskadiko Balleta sortzeko egitasmo pribatua, 1989an azaldu zena, bertan behera geratu zen orain dela hiru urte. Harrezkero, dantzaren sektorea hausnarketan ari da. Dantzara deritzon egitaraua abiarazi da oinarri-oinarritik lan egiteko, harrobia sortzeko helburuarekin. "Ezin da etxerik eraiki teilatutik hasita, dantza kontuetan ere behetik gora jardun behar dugu", diote Eusko Jaurlaritzako arduradunek. Dantza eskolen osagarri gisa, bada, teknikak lantzeko ikastaroak, Euskal Koreografo Berrien eta Dantza Zentruen erakustaldiak antolatu dira, dokumentazio zentruak sortu, eta ikerketa-ildo berri bat ireki da. "Hala ere, hau da egoera", ohartarazi dute Kultura sailekoek. Euskal Autonomi Erkidegoak, 2.100.000 biztanle dituela, ez du dantzarako egitura sendorik, ez eta barruko merkatu handirik ere. "Fisiko nuklearrek badakite Estatu Batuetara alde egin beharko dutela lan egin ahal izateko. Lanbidez dantzariak direnei ere berdin gertatzen zaie", diote. Baina azpimarratu egin dute Euskadiko dantza amateurra kalitatekoa dela eta, bestetik, haren bilakaeran gero eta garbiago azaltzen dela estilo klasikoa, garaikidea eta tradizionala bat egiteko joera.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.