Zahartuz
Poliki-poliki zahartuz goazela esaten digute, baina ez da egia. Egun batetik bestera zahartzen dira pertsonak. Gauetik goizera pasatzen zara ume izatetik nerabe izatera, heldua izatetik zaharra izatera. Hainbat urtez gaztea izan zara eta, hara, egun batean zeure burua ispiluan ikusi eta ustekabean zahartu zarela konturatu zara. Jada ez zara uste zenuen neska edo mutil gazte hori. Emakumea edo gizon heldua zara. Kaletik zoazela ume moko batek "aizu, andrea, ba al duzu ordurik?" galdetu dizu eta, plaust, segundo bakar batean zahartu zara. Andrea. Ordura arte neska gaztea zinen. Ume moko baten galderak zaplazteko baten antzera esnatu zaitu.
Gurasoak bisitatzera joan zara, eta bat batean ez duzu betiko andrea eta gizona aurkitu bertan, atsoa eta agurea baizik. Eta egun batetik bestera gertatu da. Zure aita ez zen atzo agurea, baina gaur haren azalaren koloreak, haren bizkarraren makurtasunak, haren begirada goibelak, haren mugimendu motelek erakutsi dizute agure baten aurrean zaudela. Bai, zure aita gauetik goizera zahartu da. Horretaz konturatzen garen egun seinalatu bat egon badago. Baina egun bat izaten da, ez da egun batetik bestera ikusten zoazen zerbait, ustekabean harrapatzen zaitu. Eta egun horrek muga bat markatzen du, bizitzaren garaien artekoa.
Denok ikusten dugu geure burua beti gazte, norbaitek ez zarela erakusten dizun arte
Gero eta argiago daukat, bestetik, zahar besteek egiten gaituztela. Inertziaren eraginez, denok ikusten dugu geure burua beti gazte, norbaitek jadanik gaztea ez zarela erakusten eta adierazten dizun arte. Dendara aurpegirako krema erostera sartu eta saltzaileak zure azalari begiratu bat bota ondoren, zimurrak ezabatzeko krema ultra-intensiboa eskaini dizu, eta zuk erantzun diozu, ez, hori ez dela zuretzat, normalean beste krema bat erosten duzula, hidratatzaile normala, eta errukiz begiratu ondoren, saltzaileak esan dizu krema hori gaztetxoentzat dela, zuk jada zerbait intentsiboagoa behar duzula. "Hau ez da oraindik ohartu berrogei urte beteak dituela" esan dizu saltzaileak begiradarekin, eta zuk orduan lotsa sentitu duzu, ez zarelako ordura arte konturatu. Ez duzulako zure adina barneratu. Zu oraindik gaztetxo sentitzen zarelako. Oscar Wilderen zita da: "Zahartzaroaren tragedia ez da zahar izatea, oraindik gazte izatea baizik".
Umeekin ere berdin gertatzen da. Ez zara konturatzen semea edo alaba hazi egin dela kanpoko norbaitek horrela erakusten dizun arte. Hiru urte bete ditu zure semeak eta oraindik txupetea jartzen diozu lo kuluxka egiteko. Jaio zenetik egin duzun zerbait da, normala, ume bat baino ez da eta. Baina halako batean lagun batek esan dizu ia nolatan ematen diozun oraindik txupetea umeari. Jada ez dela haurtxo bat. Eta egunetik goizera konturatu zara horretaz. Norbaitek hala adierazi dizulako, zuretzat semea edo alaba beti izango delako ume bat. Baita berrogei urte bete eta denda batean krema ultra-intentsiboa erosi ondoren zu bisitatzera doan egun horretan ere. Orduan ere umea izango da zuretzat. Eta ohartuko zara umeak egun horretan modu berezi eta ezohiko batean begiratzen dizula. Bere ama atso bihurtuta ikusteak eragingo dion harridura izango da haren begietan islatuko dena.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.