Maialen Lujanbioren dirdira
Maila aparta emanez, Mailen Lujanbio bilakatu da Euskal Herriko bertsolaririk hoberena - Andoni Egañak ezin izan zion txapelari eutsi
BEC lehertzear. Hamalau mila lagun zutik, txalo zaparradan eta oihuka Maialen Lujanbioren txapela ospatzeko. Horixe bizi izan zen atzo Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean. Epaimahaia, finalistak eta ikusleak bat etorri ziren sariak banatzerakon: Lujanbio jaun eta jabe. Erakustaldi aparta egin zuen atzo Hernaniko bertsolariak, eta bere egin zuen bertsolari hoberenaren txapela. Amets Arzallus atzetik tiraka izan arren, Lujanbiok hartu du Andoni Egañaren erreleboa.
Dotore ekin zion hernaniarrak, baita eutsi ere. Puntuaziorik altuenak lortu zituen ia saio guztietan. Kartzelako lanean, esaterako, nagusi izan zen, bai goizez eta baita arratsaldez ere. Horrela, orain dela lau urteko bertsolari goibeltsuaren irudia baztertu, eta dirdira egin zuen. Laugarren finalean lortu du, beraz, txapela buruan janztea Lujanbiok, finaleko aurreneko emakume txapelduna bilakatuz.
Amets Arzallus atzetik tiraka izan zuen Maialen Lujanbiok
Egañaren lekukoa hartu du, hortaz. "Hartzaile bezala, ohore handia da" dio irabazleak, "berarekin oholtza gainean errelebo hori hartzea". Hamasei urtez txapelaren jabe izan da Egaña, eta pozik da lekukoa Maialenek jaso duelako. "Denok dakigu Maialenek plazaz plaza egin duen lana handia izan dela, eta ze ahalegina egin duen bertsokera zoragarri horretara iristeko. Norbaitek merezi bazuen, besteak gutxietsi gabe, Maialenek merezi zuen".
Andoni Egaña, berriz, ezin lehertu ibili zen. Maila ona eman zuen, ohiko legez, baina ez txapelari eusteko adinakoa. Dirdirarik ez, eta bosgarren postuan geratu zen. "Brotxa lodiarekin aritu naiz, eta arratsalde arte ez naiz fina ateratzeko gai izan". Jendeak debozioz agurtu zuen, hala ere. Txalo zaparrada galanta eskaini zion entzuleriak. Gainerako zazpi bertsolariek ere eskerrak eman nahi izan zizkioten, eta aho batez Egañarekin aritzea ohoretzat jo zuten.
Lujanbiori gertutik jarraitu zion Amets Arzallus bertsolariak. Gazteena izan arren, bikainki aritu zen. Zialdoa egitear izan zen banakako zortziko txikiko lanean. Bertsoa hasi eta berehala gelditu egin zen. Jendeak atseden hartzeko txalotan hartu zuen, eta ondoren, jendea hunkitzeko moduko bertsoa bota zuen. Binakako zortziko txikian berak bakarrik lortu zuen Lujanbiori gailentzea. Eta buruz burukoan, bakarkako lanean, parez pare geratu ziren. Horregatik, bera ere "harro" BECen egindako lanarekin.
Jon Maiak eman zuen eguneko sorpresa handienetakoa,Egañari aurreratu, eta hirugarren postua lortuz. Goizetik txukun aritu zen, estilo propioa landuta. "Egindako lanarekin harro eta pozik" dago Maia. Sustrai Colina ere oso fin aritu zen, seigarren postuan geratu bada ere. Goizean kartzelako lanean erakustaldi galanta eman zuen, adibidez. "Gozatu dut, horretara nentorrelako. Pasilloan sartu garen momentutik irribarre bat atera zait, eta poz horrekin kantatzen saiatu naiz".
Unai Iturriaga, gorabeheratsuago aritu zen. Hala ere, pozik "bertso oso onak eta oso txarrak bota" zituelako, dioenez. Aitor Mendiluzek ere ez zuen dirdirarik egin, gustura sentitu arren, apalegi ibili zelako. Aurtengo "nobedadea" Aitor Sarriegik bere hitza bete zuen. Aurrenekoz finalera jauzi egin arren, ederki defenditu zen. Azken postuari eutsi behar izangatik ere, oso harro azaldu da.
Bertsolarien maila bezain gorena izan zen jendearen erantzuna. BEC erakustazokan elkartutako hamalau mila lagunek gori eta gogotsu erantzun zuten hasiera-hasieratik. Txalo zaparrada ikaragarriak entzun ahal izan ziren, eta harmaila burrunba ere bilakatu zen behin baino gehiagotan. Bertsolariekin ere kantuan aritu zen jendea. Amets Arzallusen goizeko kartzelako lanak, esaterako, entzuleriaren txalo sapa handiena lortu zuen. Binakako zortziko txikikoan Unai Iturriaga eta Sustrai Colina fin ibili ziren jendearen barreari tiraka. Eta puntuko saioan ere algara franko entzun ziren, bertsolarien ateraldiek lagunduta. Unai Iturriagak eta Jon Maiak, eta Maialen Lujanbiok eta Sustrai Colinak eskainitakoek, batez ere, lortu zuten publikoaren atsegina.
Aparteko festa giroa ere jaun eta jabe izan zen, beraz, BECen. Arratsaldeko saioa hasi aurretik jendartean "inprobisatutako" txaranga batek kantuan jarri zituen entzuleak, eta olatua behin baino gehiagotan egiten aritu ziren.
Honengatik guztiagatik, antolakuntzak balorazio oso baikorra egin du. Jendearen harrera beroa eta "euforikoa" ikusita, aurtengo txapelketarekin oso harro dira antolatzaileek, 2009ko Bertsolarien Euskal Herriko Txapelketa Nagusia erabateko arrakasta izan delako.
Bertso irabazlea
Pasa ziren epaiketak / prozesu luze ta auzi / espetxetik espetxera / orain egiten dut jauzi / azken hok adinakoa / ez dut gutxitan ikusi / baina gaur arte ez nintzen /sentitu horren biluzik / maitea barruan daukat / bakarrik ezin dut utzi / duintasun askatasun / hitzak dizkit erakutsi / ta eutsi nahi diet baina / ia ezin diet eutsi / zenbat -tasun ezpainetan / ta zenbat muxu gutxi.
Etxean ni izan nintzen / atxiloketan lekuko / erauzi eta eraman zuten / ohean nuena gertuko / kondena hark zenbat gezur / zenbat tranpa zenbat truko / gure hitzek epaiari / baina ez zin egin uko / badakit Espainia ez dela / herri legedi justuko / akaso haserrez nire / lepazaina zait hustuko / biluztuko nauzu eta / nire zorroa hustuko / baina bihotz barrukoa / ez didazu biluztuko.
Kartzelaren ataria / umela eta ospela / funtzionari polizia / doazela datozela / ba ez dizut men egingo / ta beteko erregelan / ez zuk nahi legez sinatuko / konfesioan paperan / aitortzen dut samin handiz / uzten dudala kartzela / atzera etxera noa / etorri naizen bezala / esperantza daukat bera / indartsu egongo dela / badakit badakiela / berekin izan naizela
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.