_
_
_
_
Tribuna:Gaiak
Tribuna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las tribunas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Harro egon beharko zinateke

Badakit hori guztia. Pozez gainezka egon beharko nukeela, berriz jaio naizela eta abar eta abar... Ebakuntza primeran joan da eta laster emango didate alta. Salbatua omen nago. Zuk bai zortea, zuk, gizona... esan dit erizainak gaur goizean izarak aldatzera sartu denean, baina haren hitzak entzutearekin batera poza sentitu ordez min zorrotza sentitu dut hemen barruan, giltzurrun berritik ez oso urrun. Pozez gainezka egon beharko nukeela esaten dit amak, behin eta berriro, ospitalera ekarritako aldizkarietatik bista kendu gabe. Lankideek telefonoz ere gauza bera esan didate, berriz jaio naizela eta zelako zortea nirea eta bizitza osorako eskertua egon beharko nintzatekeela, eta abar eta abar..., baina deseroso nago izara zurien artean. Halako azkura daukat giltzurrun estreinatu berritik ez oso urrun eta noizbehinka sastada sentitzen dut, medikuek han bisturia ahaztuta utzi izan balute bezala.

"Zuk bai zortea, zuk, gizona", esan dit erizainak gaur goizean izarak aldatzera sartu denean
Rikardoren bizitza arrakastatsua ikusi ondoren, zortea nik dudala esatea gehiegizkoa iruditu zait
Denak eduki ditut niri begira azken urtean, nitaz kezkatuta, giltzurruna noiz helduko
Baina deseroso nago, halako azkura daukat giltzurrun estreinatu berritik ez oso urrun

Denak eduki ditut niri begira azken urtean, nire egoeraz kezkatuta, giltzurruna noiz helduko. Amak familia guztia izan du ondo informatua telefonoz: lagunak, izeko eta osabak eta Estatu Batuetan bizi den nire anaia Rikardo.

- Dezente aurrera egin du zerrendan, ea laster heltzen den gil-tzurrun berria...

Denak zeuden zain, denek zekiten goiz edo beranduago helduko zela unea, eta azkenean heldu zen, duela hilabete, uste baino lehenago. Dena joan da uste baino azkarrago.

Harritu egin ninduen orduan anaiaren erabakiak: New Yorkeko filmaketa utzi eta hona etortzea. Ez zuen inork espero. Filmaketaz gain bazuen han zeregina, izendatua baitago sari entzutetsu bateko aktore onenaren saria jasotzeko, eta elkarrizketa eta zita asko ditu garai honetan. Hala eta guztiz ere etorri egin zen, hemen egon da hilabete osoa, eta duela pare bat egun joan da berriz, gaur gauerdian baita sari emanaldia.

Marka egin du Rikardok. Hemen antzerki talde batzuetan lan egin eta gero, Estatu Batuetara alde egin zuen duela sei urte, drama-ikasketak burutu eta han lan egiteko itxaropenaz. Aktore ona da Rikardo, baina inork gutxik pentsatzen zuen hain urrutiraino helduko zela. Nik bai. Txikitatik izan ditu aktorearen trazak nire anai gazteak. Beti jakin du nola liluratu ingurukoak, beti jakin du zein aurpegi jarri egoera bakoitzean, beti jakin du neskei zer esan. Trebea izan da beti itxura egin behar zenean. Ospitalean agertu zenean ere zerutik jaitsitako aingeruaren begirada zekarren.

- Zelakoa den zure anaia. New Yorkeko filmaketa eta guzti utzi du etorri ahal izateko...

Ama beti Rikardo goresten. Eta Rikardo, beti bezala, anaia sakrifikatuaren aurpegiarekin, bere plastikozko irribarre horrekin. Hortzak zuritu ditu Ameriketan. Inoiz baino eder eta dotoreago zegoela esan zion amak ikusi bezain pronto, azken pelikulan baino gehiago. Ondo plantxatutako alkandora zuria zuen jantzia lehen egunean, praka bakeroak, kolonia usaina. Nik amak erositako pijama marraduna jantzita begiratzen nion ohetik, nire anaia benetako aktorea dela pentsatzen nuen bitartean.

Zuk bai zortea zuk, esan dit erizainak, eta nik pentsatu dut baietz, laster bueltatuko naizela normaltasunera, eta trasplanteari esker bizi kalitatea asko hobetuko zaidala, baina Rikardo hemen izan ondoren eta haren bizitza arrakastatsua ikusi ondoren, zortea nik dudala esatea gehiegizkoa iruditu zait, eta min egin dit erizainaren ateraldiak. Ni omen naiz orain zortea duena, hainbeste urtetan dialisia egiten egon den hau, berrogei metro karratutako pisuan bakarrik bizi den hau, egunean zortzi ordu postetxean seiluak jartzen lan egiten duen hau... Zorteduna ni...

Arrasto handia utzi digu Rikardok. Etorri zenetik denak eduki ditu berari begira. Berehala hasi ziren erizainak gelara sartu eta sinadurak eskatzen, edo aktore hau edo bestea gertutik nolakoa den galdetzen, edo saria jasoz gero, eskerrak emateko unean euskarazko hitzen bat erabiliko duen galdetzen,... eta barrezka irteten ziren, urduri, zorionak ematearekin batera. Miresmena saltoka haien begietatik. Euskaldun bat Hollywoodeko errege. Halako lerro-buruak idatziko dituzte euskal egunkariek Rikardok saria jasoz gero; bera, baina, ez da horrekin konformatu: gertutik sentitu nahi izan du gorespena eta horregatik etorri zen duela hilabete. Bere anaia hil zorian egon arren.

Ez du nire momentua errespetatu. Bere glamourrak ezabatu egin du zirt-zart batean nire sufrimendua. Denak itsutu ditu haren distirak, jaio zenean bezala. Mantan bildutako umea besoetan zuela sartu zen ama etxera. Sei urte nituen. Amaren gonari tiraka egin arren, amak ez ninduen ikusten. Begiratu gabe esaten zidan: baina zer nahi duzu Martin, titia eman behar diot, zoaz zure gelara jolastera... Orain ere, hogeita hamabost urte beranduago, Rikardo miresten duen bitartean, gaitzidura puntu batekin begiratzen diot amari ohetik, hemen nago esanez bezala, ni naiz gaixoa eta ez bera. Oraindik gonatik tiraka nagoela sentitu dut Rikardo hemen egon den bitartean.

Batzuen protagonismo goseak ez du mugarik. Beti gustatu izan zaio Rikardori protagonista izatea. Euskal Herri osoa izango du gaur goizaldean telebistari begira, bere anaia zaharra izan ezik. Ez dut telebista piztuko. Nahikoa izan dut hemen igaro duen hilabetearekin, ez dut entzun nahi nola eskaintzen dion saria bere anai gaixoari. Hori bakarrik falta nuen. Eta badakit egingo duela. Marka da gero. Nire gaixotasunaren protagonista ere bera izatea lortuko du.

- Zelakoa den zure anaia... Harro egon beharko zinateke...

Amak sorbalda igurzten zion kanpotik etorritako semeari, irribarre harroa erakutsiz. Eta nik une horretan pentsatu nuen emakume erditu berriek antzeko zerbait sentitu behar dutela ospitalean denek umeari begiratzen diotenean. Beheko alde guztia josirik duzunean denek umeari soilik begiratzen diotela ikustea ez da erreza izan behar.

Amak niregatik zuen kezkaren tamaina txikitu egin da Rikardo etortzearekin batera. Rikardo eta gure artean zegoen ozeanoaren tamaina zuen lehen kezka horrek; bera etorri eta berehala, berriz, amaren kezkak indarra eta neurria galdu zuen, itsaso txiki bihurtuz, putzu bat ia. Zertara etorri da? Ez du dolua errespetatu. Anaia hil edo biziko ebakuntza baten aurrean eta bera sinadurak banatzen, sari emanaldirako hitzaldia prestatzen...

- Zorionak, zorionak benetan...-, esan zion medikuak ere eskua emanez. Hunkituta. Eta halako anaia izateagatik harro egon beharko nintzatekeela esan zidan. Medikuak ere bai.

Zoratu egin dira denak, ez dira konturatzen zorionak niri eman behar dizkidatela, ebakuntza hain ondo jasateagatik, hainbeste urtetan giltzurrun gaixoekin bizitzeagatik...

Eskerrak azkenean joan dela. Bueltatu da Estatu Batuetara. Gaur goizaldean kamera eta flashei irribarrez ibiliko da, eta nahiz eta telebista ez piztu, badakit amak goizaldean deituko didala, pozez gainezka, negarrez, hunkituta. Eta bihar goizean goiz agertuko dela gelan, eta han eta hemen ibiliko dela zorionak jasotzen... Niri ere zorionak emango dizkidate erizain eta medikuek anaiaren balentriagatik, eta une horretan azkura sentituko dut giltzurrun berritik gertu, oso gertu. Berriz lortuko du Rikardok elkarrizketa guztietan egotea. Batzuen protagonismo goseak ez du mugarik. Batzuek edozer egingo lukete gogoratuak izateko, miretsiak... Batzuek giltzurruna ere emango lukete miresmenaren saria jasotzearren.

- Harro egon beharko zinateke-, esango dit bihar amak erdi negarrez. -Bizitza osoan eskertuko diozu.

Eta nik sastada sentituko dut berriz, medikuek nire gorputzaren barruan bisturia ahaztuta utzi izan balute bezala.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_