25 urte euskal kulturaren harian
Bilbo Zaharra Forum bere zilarrezko urtemuga ospatzen ari da - Sortu zenetik euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia kaxa izan da
Urteak joan dira, dagoeneko, Bilbo Zaharra euskaltegiak bere zilarrezko urtemugaren jaia ospatu zuenetik eta, aurten, haren oinordeko den Bilbo Zaharra Forumi heldu zaio urtemuga beraren ospakizunen txanda.
Bilbo Zaharra euskaltegia euskara ikasteko zentroa baino gehiago izan da beti. Horren lekuko dira, besteak beste, honako ekimenak: Gorozikako barnetegia, Barra-barra aldizkaria, euskara-planak egiteko zerbitzua, itzulpen zerbitzua, Berbaldun taldea... eta Bilbo Zaharra Forum: euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen erresonantzia kaxa eta eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo biltokia.
25 urte hauetan hiru garai edo fase ezagutu ditu Bilbo Zaharra Forumek. Lehen garaia 1984 urtean hasi zen. Manu Ertzillak egin zuen sarrera-hitzaldia eta, haren ondotik, bina hitzaldi egin zituzten Jon Juaristik, Mario Onaindiak eta Bernardo Atxagak. Pott banda hiruzpalau urte lehenago isildua zen, baina haren eragina artean oso nabarmena zen Bilboko kultur giroan. Hurrengo gonbidatuek Kultura eta konpromisoa izeneko zikloari ekin zioten. Gai hura jorratu zuten intelektualen artean oso izen ospetsuak aurkitzen ziren: Federiko Krutwig, zeinak bi hitzaldi gogoangarri egin baitzituen astebeteko epean, Emilio López Adan Beltza, Xabier Kintana, Xabier Mendiguren, Alfonso Sastre (25 urte hauetan Forumean gazteleraz mintzatu den gonbidatu bakarra), Josu Landa... Intelektualen konpromisoari poeten jardunaldiak eman zion jarraipena: Jon Juaristi Gabriel Arestiz mintzatu zen, eta Tere Irastorzak eta Jon Kortazarrek euskal poesian lerro nagusiak jorratu zituzten.
Atxagaren jardunak txiki utzi zuen Euskaltzaindiaren areto nagusia
Gontzal Mendibilek Gandiagaren hamabi poema abestuko ditu etzi
Bigarren garaian, hitzaldiak antolatzeari utzi eta irakurketa-taldea bilakatu zen Bilbo Zaharra Forum. Hainbat eta hainbat liburu irakurri, komentatu eta kritikatu ziren bolada hartan; esate baterako, Gizona bere bakardadean, Otto Pette, Nik ere Germinal! egin nuen aldarri, Euskaldungoa erroizturik,... edota gazteleraz idatzitako Telépolis, Javier Echevarriak zibernetikaren gaia maisuki landu zuen liburu enblematikoa.
Hirugarren garaia, eta oraingoz azkena, 2001ean hasi zen. Izenburu adierazgarri batekin hasi ere: Euskal kulturaren ajeak eta literatura. Aipatu gaia jorratu dutenen artean euskal idazlerik ezagunenetakoak daude: bai Espainiako Sari Nazionalak irabazi dituztenak (Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Mariasun Landa), bai Euskadi Sariak irabazi dituztenak (Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Felipe Juaristi, Ixaro Borda, Lourdes Oñederra,...), bai belaunaldi berriaren aitzindaritzat har daitezkeenak (Harkaitz Cano, Kirmen Uribe...), bai behin ez ezik, bi aldiz ere Forumean hizlari izan direnak (Joan Mari Irigoien, Koldo Izagirre...), bai fikzioaz gainera, saiakera landu duten idazle oparoak (Joseba Zulaika, Txema Larrea, Aurelia Arkotxa, Eduardo Gil Bera, Aingeru Epaltza...), bai gazteleraz idatzia izan arren euskal-bertsioa lehenetsi zuen Toti Martinez de Lecea, bai literaturaz besteko munduan bizi diren Pedro Miguel Etxenike zientzialaria eta Koldobika Jauregi eskultorea. Honetaz guztiaz gain, aipatu beharrekoak dira gure artean ez diren funtsezko kultur gizonei eskainitako ekitaldiak, adibidez, Jorge Oteiza, Mario Onaindia eta Joseba Sarrionandiari buruz antolatutakoak. Eta azkenik, Axularri eskainitako hiru hitzaldiko ziklo ausarta bezain goretsia.
25. urteurrenaren karietara, egitarau garrantzitsua aurkeztu du Bilbo Zaharra Forumek. Ikasturtearen lehenengo hiruhilabeteko honetan, Poesia eta poemak jardunaldiak iragarri dituzte. Inaugurazio-ekitaldia Bernardo Atxagaren eskutik etorri zen. Euskaltzaindiaren areto nagusia txiki geratu zen idazle asteasuarraren jardunak sortutako ikusmina asetzeko. Jende andana kalean, barruko giro hunkigarria dastatu ezinik. Atxagak zeremonia barnerakoia antolatu zuen. Mikel Laboaren ahots dardartia lagun, paradisua bezalako kontzeptu iheskorra izan zuen hizpide.
Ondoko bi ekitaldiek ere ikusmin handia sortu dute. Batetik, azaroaren 12an, etsi, Bitoriano Gandiaga hartuko dute aintzat. Kantua izango da nagusi. Gontzal Mendibil abeslariak Gandiagaren hamabi poema abestuko ditu. Hamabi poema horiek oso ezagunak egin dira euskaltzaleen artean: Pozik bizi nazala, Billoxik, Hilgo naiz, Gorbeiako haizea, Samin gozo bat... Iñaki Irazu poetak, berriz, Gandiagaren poesiak beragan utzi duen lorratzaz jardungo du. Eta bestetik, azaroaren 19an, Gabriel Aresti hartuko dute aintzat. Ekitaldi mistoa izango da. Koldo Izagirre Gabriel Arestiren ekarpenaz mintzatuko da, eta Joseba Tapiak Arestiren zenbait poema kantatuko ditu.
Bilbo Zaharra Forumek ez du bigarren eta hirugarren hiruhilabeteko egitaraurik aurreratu, baina lehenengoaren maila ikusita, uste izatekoa da jendearen kultur gosea asetzeko modukoa izango dela.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.