GaiakColumna
i

Ordaina

Erlijioak gai eta hitz guztiak eraldatu zituen, mendez mende; bere alfabetoa eraiki zuen, bere hitzezko eta obrazko nagusigoa bazter guztietara eramateko. Gaurko erlijioa, ezer izatekotan, ez da lehengoa, baina ez dugu lehengo hitzen ordezkorik asmatu. Gaurko hitzek lehengo mamirik ez badute ere, lehengo azala dute, eta, horregatik, hitz mamuak dira gehiago. Ikusgarriak dira, baina hutsak. Izutzen dute, itxuragatik soilik. Kipper aditzak, hebreeraz, estali edo ezabatu esan nahi du. Kulpa estali, kulpa ezabatu, kulparik ez duenaren bizkarrean, era berean kulpadunaren burua garbituz. Euskaraz ez dago argi zein hitzez adierazi. Orixek berak ere ez zuen hitz bakarra erabili bere itzulpenetan: "...eta bere bizia askoren alde erosi-ordain ematera" (Mat, 20, 28), "...eta bere bizia askoren bizi-saritzat ematera" (Mark, 10, 45). Norberaren bekatua besteren batek ordaintzea da espiazioaren esanahia. Hain zuzen horixe da, gutxi gorabehera Ian McEwanen Atonement liburuaren gaia. Ezagunagoa izango da testuan oinarriturik egindako filma. Errurik ez duen mutiko bat erruduntzat jo eta zigortu egiten dute. Horrek bere bizia ez ezik, inguruan dauden askorena ere aldatu egingo du.

Tragedia bere lorean ageri da. Gizakiaren nahi eta gogoak alferrikakoak dira, halabeharrak dado-joaldi batez dena hankaz gora jartzen duenean eta gizakia bakarrik eta hutsik azaltzen denean. Gizakiak, ordea, bere neurriak erakusten ditu ezagunak ez dituen indarren aurka borrokatzean, ondorio onik aterako ez duela badakienean, edo ondoriorik, ez onik ez gaiztorik, espero ez duenean.

Errugabeak, ordea, errudun dela senti dezake, ez erruduntzat jo duten horregatik, errudun denik ez dakien beste zerbaitengatik baizik. Kulpa-sentimenduak zulatzen du alderik alde, ez jakinik nondik ez jakinik nora, oinak labur eta mokoa handi eta zorrotz. Tragedia da hori ere, tragikotasuna gure eguneroko kontuetan azaltzen baita, gure eguneroko ekintzak joz eta zilipurdika jarriz. Bizitza tragikoa egiten zaigu, ez jakinik zergatik. Hala ere bizitzen jarraitzen dugu, tragediaren taupadek bihotza astintzen badute ere.

Errudun sentimendua oso zabalduta dago gure gizartean. Ur arreak daramatzan ibaia bezala dabil, ez agerian, azpitik baino, eta ez da haren soinurik batere entzuten. Zerbait zulatutakoan kanpoko azalean, ateratzen da orduan txorrotadaka, dena bustiz eta lizunduz, dena alferrik galduz. Errealitatea ez da beti nahi dena izaten. Ez egitegatik egin behar zena, eta ez egite horrek hirugarren bati kaltea ekarritakoan leher daiteke errudun sentimendua. Ageriagoa da eta, horregatik, ikusgarriagoa, errugabe sentimendua. Bere burua zuritu eta edertu nahi duen gizakiarena da. Errealitatea, ordea, ez da dirudiena. Agerian dabiltza horko ibai horren urak, lasai antzean. Pasa daitezke urteak ezer gertatzeke, baina halako batean urak handi eginik jauzika has daitezke goitik behera eta gainetik azpira ibiliz, eta dena eraman dezakete, gorputz eta arima puskak, erruaren itsasoraino. Bata da bestearen isla, eta biak dira, neurri batez, gaixotasun seinale.

Denak du denarekin zerikusia. Erruduna zorduna da, eta zorrak ordaindu, kitatu edo garbitu behar dira, zuzentasuna egitekotan, bai barnean bai kanpoan. Garai batean, aspaldiko ohiturei jarraiki, trukea izan ohi zen ordainketa modurik zabalduena. Begia begiaren truke, mina minaren truke, bizia biziaren truke. Gaurko garaietan ez da trukerik onartzen, dirua edo balio sinbolikoa duena baizik, ordaingai gisa. Minak ez du minak, ez oroiminak ordainduko, bizian bederen. Oroimenaren lurraldean bilatu behar nola estali edo ezabatu, bizi izandakoaren truke.

* Este artículo apareció en la edición impresa del domingo, 06 de julio de 2008.