Etxera itzuli zain dauden altxorrak
Leizarragaren Biblia berreskuratu ondoren, askotxo dira oraindik atzerriko agiritegietan gordetzen diren euskarazko literaturaren lehen aleak
Euskaltzaindiak etxera ekarri du Leizarragaren Biblia, baina askotxo dira oraindik atzerriko liburutegietan gordeta dauden euskarazko altxorrak. Bitxieria bibliografiko horietako gehienak ikertzaile eta euskaltzaleen esku daude Interneti esker. Hala eta guztiz ere, "erreprodukziorik zehatzena ere ezin da parekatu jatorrizko testuaren balioarekin", Pruden Gartzia, Azkue Bibliotekako zuzendariaren esanetan.
Urtarrila Leizarragaren hilabetea izan da. Hilaren 14an, Euskaltzaindiak Londreseko Sotheby's enkante etxean egindako erosketaren berri eman zuen, eta 11 egun geroago, Eusko Ikaskuntzak Interneten eseki zuen Nafarroako Aurrezki Kutxak 1995ean erosi zuen alearen faksimila. Nafarroako Kutxak ere hiri beruan erosi zuen 1571ko Testamentu Berria -Christies etxean-, Sancho El Sabio Fundazioak eta beste erakunde batzuek egindako eskaintzak hobetuz.
Interneten liburu guztien kopia zehatzak aurki daitezke
Bi bibliak, Euskaltzaindiarena eta Nafarroako Kutxarena, Joana III. Albreteko erreginak bultzatutako argitalpen bereko aleak dira, baina Nafarroako Kutxak 198.000 euro ordaindu zituen Leizarragaren Bibliaz jabetzeko, eta Euskaltzaindiak 27.000 euro baino gutxixeago. Liburu bakoitzaren mamiari dagokionez, "Nafarroako Kutxaren alea oso-osorik dago, eta Euskaltzaindiaren aleari zati batzuk falta zaizkio, seguraski Inkisizioa edo tribunalen baten aginduz kenarazitakoa", Javier Madariagak, liburu zaharren salerosketan espezializatuta dagoen Bilboko Astarloa liburudendako gerenteak, azaldu duenez. Nolanahi ere, txalotzeko modukotzat deritzo Leizarragaren Testamentu Berria erosteko hartutako erabakiari. "Liburuaren prezioa eta kontserbazio egoera ezin hobea ikusita, erosketa bikaina izan dela esango nuke", gaineratu du.
Euskaltzaindia eta Nafarroako Kutxaren ahaleginak Leizarragaren lana hurbiltzen eta ezagutzera ematen lagundu dute, baina euskara idatziaren historian mugarritzat jotzen diren beste altxor bibliografiko batzuk urruneko apalegietan daude gorderik.
Euskal literaturari hasiera eman zion Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (Bordele, 1545) liburuaren azken alea, esate baterako, Frantziako Bibliothèque Nationalen gordeta dago. Julio Urkixoren ahaleginari esker, RIEV aldizkariak faksimil erara argitaratu zuen 1933an, eta iaz, Eusko Ikaskuntzaren lehen mendeurrenarekin bat eginez, Interneten eseki zuten.Frantziako liburutegi nagusian, halaber, Leizarragaren Kalendrera eta ABC edo christinoen instructionea liburuen jatorrizko azken aleak kontserbatzen dira. Parisetik Londresera jauzi eginez, Rafael Mikoletaren Modo breve de aprender la lengua vizcayna gramatika-liburuskaren lehenengo argitalpenetik iritsi zaigun ale bakarrak British Libraryko apalategietan gordeta iraun du gaurdaino.
Interneten obra hauen kopia zehatzak aurki daitezke, "baina horrek ondare historikoa ezagutarazteko balio du, ez ondare hori berreskuratzeko", zehaztu du Azkue Bibliotekako zuzendariak.
Lau ale guztira euskal liburutegietan
Leizarragaren Biblia erosi ondoren, Euskaltzaindiak munduan barreiatuta egon daitekeen ale kopurua kalkulatzeari ekin dio. "Julien Vinsonek 26 aleren berri zeukan 1907an, baina erosketaren harira eginiko bilaketa arin batean, 11 ale baino ez dugu aurkitu ahal izan, horietatik zortzi biblioteka publikoetan eta beste hiru bilduma pribatuetan", argitu du Pruden Gartziak.
Zenbaketa horren arabera, Akademiak erositako alea "ezagutzen dugun hamabigarrena izango litzateke". Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Kutxaren aleez gain, "Iparraldean, Leizarragaren Bibliaren beste bi ale daude bilduma pribatuetan", Astarloa liburudendako Javier Madariagak ziurtatu duenez.
Ale eskasia horrek azaltzen omen du euskaraz inprimatutako bigarren liburuak duela hamabi urte egin zuen prezio garestia. "Azaroan subastatu zuten alearen kasuan, oso harrigarria izan da enkantean eskaintzarik ez egotea, euskarazko liburu zaharrak oso preziatuak direlako XIX. mendeaz geroztik mundu osoko bibliofiloentzat", nabarmendu du Madariagak.
Gerora begira, adituek ez dute baztertzen liburu zaharren merkatuak sorpresa berriak ekartzea euskal literaturaren alorrean. Ildo honetan, Nafarroako Kutxak 1995ean erosi eta iazko irailean faksimilez argitaratu zuen Testamentu Berria -Interneten esekita dagoena- Eskoziako Debote markesaren ondorengo batek jarri omen zuen salgai Christie's enkante etxearen bitartez. "Aurretik, inork ez zekien ale horren berririk", argitu du Madariagak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.