Zikloak eta ziklopeak
Denbora urriegia da errepikazioetan galtzeko, esan izan dit beti Brunok, eta aitortu behar dut berarekin ados nagoela. Horregatik harritu nintzen zeharo neskatxa errusiar baten alboan bigarrenez ikusi nuenean. Askotan egiten zituen bidaia horietako batetik itzuli berria zen. Bere ondoan zihoan neskari erreparatu nionean, berehala ohartu nintzen atzerritarra izateaz gain, jatorri jakin batekoa ere izan zitekeela.
"Ez duk errusiarra, bielorrusiarra baizik", esan zidan berehala Brunok. Eta, hala ere, biok ondo samar ezagutzen genuen istorio baten hasiera errepikatzen ari zela iruditu zitzaidan. "Gogoan izango duk aurrekoak alde egin ziala hona heldu bezain pronto", ihardetsi nion min egiteko asmoz; hura bezala, oraingoa ere gazteegia zen, bai Brunorentzat bai niretzat, gazteegi bezain ederra. "Ezkondu egin gaituk duela hilabete t'erdi", esan zidan orduan, "nahi al duk jakin nola ezagutu ginen?"
Eta, nahi edo nahi ez, harreman berri haien nondik-norakoak kontatu zizkidan. Larak Moskuko biblioteka batean egiten zuen lan. Nire lagunak doktorego-tesia amaitu nahi zuen eta, horretarako, haruntza joana zen artxibategi baten bila. Artxibategia, ordea, itxita zegoen arrazoi ezezagunengatik eta Brunok ez zekien noiz zen irekitzekoa. Artxibategiaren arduradunetako bat suertatu zen Lara. Biltegi hura noiz irekiko zain, Bruno ia egunero joaten zen hara. Baina, egunak joan eta egunak etorri, artxibategiak itxita iraun zuen pare bat hilabetez. Etsirik, Brunok etxera itzultzeko erabakia hartu zuen, tesirako behar zituen dokumentuen ordez berarekin Lara ekarriz.
"Berriro bidaiatu beharko duk Moskura", esan nion bukatu zuenean, "tesia dela eta". Orain bestelako ardurak zeuzkala erantzun zidan, eta agian lan hura atzeratu beharko zuela. Bostekoa eman nion Larari begiratzen nion bitartean eta, nahi gabe, "zaindu ezak" atera zitzaidan. Larak irribarretxu behatu zidan, zerbait ulertu izan balu bezala.
Handik urte erdira topo egin nuen Brunorekin kafetegi batean. Egunkaria gainbegiratzen ari zen. Ikusi ninduenean, deseroso sentitu zuen bere burua, baina ez zuen astirik izan ni konturatu gabe handik ospa egiteko. Egonezin haren arrazoia ongi suma nezakeen: hantxe bertan izan genuen elkarrizketan azaleratu zenez, Lara ezabatua zen, norabait joana, Brunok ez zekien nora.
Denbora asko igaro nuen gero Brunoren berririk izan gabe. Banekien gure hiri mugatu honetan edozein momentutan aurkituko nuela, kale baten bazterrean nahiz parkeko eserlekuren batean. Ordurako, pentsatzen nuen, doktore izango zen jada, eta akaso familia baten buru. Baina denbora aurrera zihoan, eta Bruno ez nuen ezta kasualitatez ere ikusten. Zerbaitek harengana bultzatzen ninduen, jakitearen irrikak, seguraski, hau da, sanoegia ez zen jakin-min batek. Horregatik, hirian gelditzen ziren zinema bakarretan Errusiako filmen ziklo bat antolatu zutenean, emanaldi guztietara joan nintzen, Bruno topatzeko esperantzaz. Eta hantxe aurkitu nuen, aurkitu ere, bigarren emanaldiaren bukaeran. Bere ondoan neska ilehori gazte eta, dudarik gabe, errusiar bat ikusi nuenean, zerbait piztu zen nire baitan. "Hara hurrengoa", pentsatu eta haiengana hurbildu nintzen lasterka.
"Begi ezin hobea daukak neskak aukeratzeko, motel, baina begi bakarra", esan nion bikotea agurtu baino lehen. Eskarmentuz beteriko etsipen moduko batek ilundu zuen Brunoren aurpegia. Baina ez zuen berehalakoan alde egin. Ez, behintzat, niri "zaindu ezak" esateko astirik eman gabe. Neskak irribarretxu begiratu zidan orduan, zerbait ulertu izan balu bezala.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.