SPrako tranbiaren geltoki berria
Unai Elorriagaren eleberria zine aretoetara iritsiko da 2008aren hasieran
"Liburua idatzi nuenean, publikatuko ote zen ere ez nekien; Pelikularena, inondik inora ere". Unai Elorriagak (Bilbo, 1973) apaltasunez aitortzen du ospea eman zion SPrako tranbia eleberria berak hasieran uste baino askozaz urrunago iristen ari dela. Argitaratu, argitaratu egin zen. Eta 2002ko Literatura Sari Nazionala eman zion idazleari. Ezusterik ez dela, gainera, eleberriaren zinemarako bertsioak 2008ko lehen hiruhilekoan ikusiko du argia. Elorriagaren lumak sortutako pertsonaiak, Himalaya alderako azken bidaia abiatzen duen agure maitagarriak, zinema-jaialdietako alfonbra gorria zapaltzea izango du.
Sei urte geroago, ia 60 lagunez osatutako taldea (tartean aktoreak eta teknikariak direla) lanean ari da paperezko tranbia zeluloide bihurtzeko. Eleberria Aitzol Aramaioren (Ondarroa, 1971) eskuetara heltzean hasi zen "bidaia!", zuzendariak berak gogoratzen duenez. "Bidaia zoragarria", erantsi du, filma muntatzen ari den Madrilgo estudioan. Muntaiaren behin-behineko bertsioa bukatu berria du eta emaitzarekin gustura dagoela aitortu du, liburuak daukan "esentzia"ri eustea lortu duela iritzita.
"Pertsonen esentziaz berba egiten du", azaltzen du Aramaiok, liburuak dituen balio zinematografikoez galdetuta. "Liburua lehenengo aldiz irakurri nuenean oso sentsazio ona transmititu zidan; eta sentsazio hori bera zinemara eraman nahi izan dut", argudiatu du.
Puntu horretara heltzeko moldaketa sakona jasan behar izan du Elorriagak sortutako istorioak, literatura eta zinema bide desberdinetatik baitabiltza emozioak transmititzeko orduan. Zeregin horretan Michel Gaztambide (Iruña, 1959) gidoigilearekin elkarlanean aritu da Aramaio. Espainiar zinemak gigoigilerik onenetakoa (Vacas eta La Caja 507 filmen gidoiak izenpetu zituen Julio Médem eta Enrique Urbizurekin, hurrenez hurren), haren partehartzea egitasmoaren arrakasta ziurtatzeko beste oinarrietarikoa da, Lucas pertsonaia nagusiari bizia eman dio Héctor Alterio bezalako eszenako munstro baten maisutasunarekin batera.
"Aitzolek berarekin lan egiteko deitu zidanean, La vida mancha pelikulan ari nintzen lanean", gogora ekarri du gidoigileak. "Liburua irakurri nuen eta baietz erantzun nion. Gauza garrantzitsu bat zeukan: irakurketa bukatutakoan geratu zitzaidan emozio-sentsazioa".
Emozio horiek irudi bihurtzea, ordea, ez zen lan samurra izan gidoiaren egileentzat, liburuak hein handi batean pertsonaien barne-mundua eta gogoetak oinarri dituela aintzat hartuta. Oztopo horiek gainditzeko aurkitu dituzten irtenbideak, pantailan ikusiko dira.
"Literatura zabaltzeko beste modu bat"
Zinemara eramandako euskarazko eleberrien zerrenda ez da oso luzea. Emaitza berrien artean Bernardo Atxagaren bi lanetan oinarritutako bi izenburu daude, Obaba (Montxo Armendariz) eta Zeru horiek (Aitzpea Goenaga), nahiz eta azken hau telebistarako formatuan filmatu zuten. Hain zuzen ere, Aitzpea Goenagaren ilobak, Barbarak, parte hartu du SPrako tranbiaren moldaketan, Roma pertsonaiaren paperean.
Edonola ere, zinema erakusleiho aparta izan daiteke euskal literaturaren berririk ez duten balizko irakurleak erakartzeko, nahiz eta kasu honetan eleberria aski ezaguna izan Literatura Sari Nazionalari esker. "Literatura esportatzeko moduko gauza bat da", dio Elorriagak, "zinea beste atal bat da, gure kultura mundura ateratzeko beste modu bat, hori bai, agian garestia".
"Duela gutxi, Italian esan zidaten hemendik ezagutzen zuten gauza bakarra bonbak eta behiak direla. Guk beste gauza batzuk baditugula adierazteko balio dezake honek guztiak", erantsi du idazleak.
Filmaketa zinemari buruzko ikastaro trinko izan duela aitortzen du Elorriagak. Zazpigarren arteari buruz zuen ezagutza -"oso urria", berak dioenez- handitzeko. "Zelako indarra daukan irudiak, keinu batek edo tonuak. Batzuetan ikusten nituen horrelako elkarrizketa gatz bako batzuek, gero aktoreak eginda nolako bizitasuna hartzen zuten".
"Ikaragarria nola elkarrizketa arrunt batetik aktoreek sortzen duten mundu oso bat, nik garrantzirik eman ez nion pasarte batetik. Eurek eginda ikusten duzunean, negargura ematen dizu, oso berezia da", gehitu du, ildo beretik, Elorriagak.
Filmaren fitxa
- Zuzendaria: Aitzol Aramaio
- Gidoigileak: Aitzol Aramaio eta Michel Gaztambide
- Argazki-zuzendaria: Gonzalo Berridi
- Antzezle nagusiak: Héctor Alterio (Lucas), Daniel Bruhl (Marcos), Julieta Serrano (María), Barbara Goenaga (Roma), Marian Aguilera (Rosa), Ramón Barea (Ángel), Gorka Otxoa (Matías) eta Mikel Albisu (Tomás).
- Pelikula Tusitala PC, Egutera eta Mundo Ficción produkzio-etxeek ekoiztu dute, ETBren laguntzarekin. Getxon, Gorlizen eta Bilbo inguruan filmatu zuten abuztua eta iraila bitartean; aurkezpena 2008ko lehen hiruhilekoan da egitekoa. Filmak Unai Elorriagaren 'SPrako tranbia' eleberria du oinarri, 2002ko Narratiba Sari Nazionala.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.