"Poesiaren odolak jendearteko harremana hobetzen du"
Zuberoako musika tradizionalaren berritzaile, Pier Paul Berzaitzek (Muskildi, 1952) Bilbon abestuko du heldu den larunbatean (Arriaga Antzokia, 20.00). 35 urteko ibilbide musikalaren laburpena izango da emanaldi hori. Horren emaitzarik berriena da 2005ean plazaratutako Lili baten kantorea (Elkar), batik bat Itxaro Borda idazlearen hitzetan oinarritutako abesti-bilduma bikaina. Guk talde mitikoa sortu ondoren, 1975ean ekin zion bakarkako lanari, geroztik zenbait pastoral (Zuberoako antzerki tradizionala) ere idatziak dituelarik.
Galdera. Nola gogoratzen duzu Guk taldearen garaia?
Erantzuna. Garai hartan anitz sentsibilitate bildu ginen Burgoseko auzia zela eta. Frantzian baziren maiatzeko greba handiak. Ilusio handiarekin pentsatzen genuen mundua aldatu behar zela. Paueko Unibertsitatean euskaldun gutxi ziren eta beti oroitzen naiz ez dakit nondik etorri zela Xabier Leteren disko bat. Nik banekin bazela halako mugimendu bat beste aldean, nahiz eta informazio gutxi zegoen horretaz. Momentu hartan oso garrantzitsua izan zen niretzat Guk taldearekin abestea, asko ibili garelakoz Bizkaia aldean... Franco zegoen gobernuan eta garai berezia izan zen. Ez dut nik bortizkeria ene gogoan sobera ikusten. Momentu hartan sortu zen halako ilusio bat, ez agian poetikoa bakarrik.
"Garrantzitsua da erakustea gure kultura ezinago ederra dela, beste edozein hizkuntzaren parekoa"
"Zuberoako abesti tradizionalek tristezi puntu bat dute, baina ez dut uste horregatik tristeak garenik"
G. Xabier Leterekiko harremanari eutsi diozu urte hauetan guztiotan. Nolako eragina izan du zure ibilbidean?
E. Pertsonalki ezagutzen dut aspalditik. Unibertsitatean Lore gorrien balada abesten zuen berak eta geroztik beti ene kantaldietan abesti hori eman dut, Paueko campusean ere hori abesten nuen euskaraz. Disko hori lagun baten bitartez eskuratu nuen, eta oso berezia izan zen niretzat.
G. Itxaro Bordaren hitzei doinua jarri diezu. Zein da zure musikaren eta poesiaren arteko harremana?
E. Itxaro Borda poeta gaztea da, ez du ezagutu Guk taldearen garai hura. Aipatzen ditu nire ustez oso ondo gure biziaren gora-beherak. Legezko poeta da eta egiazko talentua du. Askotan abestu ditut bere poemak. Eta hori onuragarria izan daiteke, bera gaztea izanik... Ez dugu iraganeko garaiak gurutze edo zama gisa sentitu behar; behar dugu gure bizia osoki bizi. Ez dugu dolurik izan behar egin ditugun gauzetaz. Familia pobrean sortu nintzelakoz, oso estudio gutxi egin nuen. Hortik sortu dut frustrazio bat, ikusi baitut injustizia bat bezala euskaldunen kontra, konplexua egin nuen eskolan baserritarra nintzelakoz... Horretan ere garrantzitsua izan da erakustea euskal kultura eta poesia ezinago ederra zela eta edozein hizkuntzaren parean martxan izaten ahal zela berdin.
G. Zer bultzatzen zaitu poesia idaztera?
E. Poesia sinplea izan behar da. Munduak poesiaren beharra du. Gure artean hasteko, lan asko baldin badago oraindik egiteko. Poesia odola da eta odol horrek hobetzen du jendearen arteko harremana; poesiak eta kantak eman ahal duten ederrarekin momentu gozoak gerta daitezke eta harreman berezi bat sorrarazten dute.
G. Nondik dator zure poesian nabari den malenkonia edo etsipen puntua?
E. Etsipena hitz handia da. Agian haur denborako frustrazio horretatik etor daiteke. Bestalde, zuberotarrak, orokorrean alai gara gure bizietan baina gure kantek gehienetan badute halako tristura bat. Ez dakit zergatik. Agian horrelakoa da gure sustraia. Etxean amonari eta amari entzundako kantek ere bazuten malenkonia puntu hori. Haiek ez ziren pertsona tristeak, baina malenkonia puntu hori ere bazuten eta sentimendu horretatik sortzen zitzaiela emozioa. Egia da Zuberoako patrimonioko abestiek badutela tristezia hori, baina ez dut pentsatzen horregatik triste garenik.
G. Zuberoako kulturan parte hartu duzula, pastoral egilea ere bazara. Zein da genero horren lekua XXI. mendean?
E. Misterio handia da hori, agian ez da gauza arrazionala. Ez dakit nondik datorren energia hori urtero herri txiki batek halako indarra eman dezan lan batean. Guk deliberatu dugu kultura ez dela kontsumitzen bakarrik, sortu ere egin behar dela. Perpaus batekin esanda, kulturak hobetzen du jendea. Kontsumitzea gauza bat da, baina egiteak gehiago hobetzen du. Horrekin pertsonak handitzen dira eta elkarrekin hobeki bizitzen laguntzen du. Ikusten dut hori herri anitzetan, pastorala egiten den tokietan, aztarna onak asko garatzen baitira. Eta kanpotik etortzen den jendeak ere hori sentitzen du. Ez dut esan nahi mirakulua denik, baina hala ere, holako lan batek batasun pixka bat ekartzen du; ez dut ikusten beste xederik herri txiki batean, politikak ahazten ditu, egun horretako lanak ahazten ditu jendeak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.