_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Non dago olerkaria?

Gabriel Arestik irudikatu zuen hiria suma daiteke oraindik Bilboko kaleetan

Maite eta kritikatzen zuen hiriari buruzko aipamenez josia dago Gabriel Arestiren (1933-1975) poesia. Bilbon bizi eta zendu zen. Eta bertan, euskal literaturan oraindik itzali ez den itzala sortzeko argia aurkitu zuen Euskal Harria poesia-bildumaren egileak, diktaduraren garai ilunetan sortutako langile giroan, atzerriko merkantziak irensten zituen karga-portuko taberna-zuloetan eta euskara berriz loratzeko ametsetan ari zirenen solasaldietan.

Arestik ezagutu zuen hiriak eta egungoak ez dute elkarren batere antzik, baina Bilbora hurbiltzen diren literaturzaleek poeta inkonformista eta bikainaren arrastoa suma dezakete oraindik bertako kaleetan. 1957az ondorengo urteetan sarri ikusten zuten auzokideek Arriaga plazaren inguruetan, hantxe baitzegoen Euskaltzaindiaren egoitza olerkaria akademiako kide izendatu zuten garaian.

Oraindik bizirik balego, Plaza Berrirarako bidea hartu luke agian, akademiaren gaur egungo kokalekura, eta San Nikolas elizaren paretik abiatuz gero, harriduraz ikusiko luke bere olerkietako bat ezarri dutela Esperantza kaleko horma batean, metroaren geltokiaren ondo-ondoan. "Askaotik Sendejara / Bilbaon / esperantza / oso mehar, ilun eta laburra / da" (Kale Artean, Harrizko herri hau). Zazpi Kaleetako giroa gustuko zuen idazleak, bertako taberna eta jatetxeetan lagunekin solasean aritzea, Xabier Kintana euskaltzain eta Arestiren lankide ohiak gogoratzen duenez. "Lagunekin ardoak edaten ibiltzen zen tabernarik taberna, Jardines eta Somera inguruan. Eta bitartean, hizketan, literaturaz eta politikaz". Ibilera horietan sor zitezkeen liburu bereko bertsook: "Bart / sobera ardo edan nuen / Barrenkale Barrenako / tabernarik taberna, / eta etxera ezkero / afaldu gabe / joan nintzen ohera.

Bidean atzera eginez gero, Esperantza Kalea bera udaletxe alderantz hartuta, Gabriel Arestiren literaturan berebiziko pisua izan zuen auzo erabat itxura aldatua aurki dezake bisitariak. Bertatik ikusten den itsadarrararen inguruan eratu zen Bilborentzat aberastasun-iturri bihurtu zen merkataritza, nahiz eta hiria bere urezko zainei bizkarra emanda bizi zen. "Ibaiek / erabaki bat hartzen dute: hemendik / eta handik / ez dira mugituko... Nik itsaso bat banenduka / nora noan / banenki, / ibaia banintz". "Bilbo erreka delako", dio Xabier Monasterio kazetariak, aurten argitaratu den Arestiren ipuinen berrargitalpenaren editoreak. "Berarentzat erreferentzia izan da, eta han bizi izan da", azaldu du.

Itsasadarretik gertu bizi izan zen Aresti hainbat urtez, Berroeta Aldamar kalean. Urtean joan eta urteak etorri, erdigune bihurtu da garai hartan bazterreko hiria zena. Justizia jauregiak hartu du karga-portuko langileen berbaroa ikusitako txokoen tokia, "Arragoetatik Bilbozarrera / soin ahuletako eta karga astunetako gizon andre asko", poetak irudikatu zuenez.

Bere etxetik ez oso urrun, Abandoko tren geltokiaren atzealdean, ezkerreko intelektualak eta abertzaleak biltzen ziren La Condordia kafetegiko solasaldietan. Bisitariak, baina, ez du horren arrastorik aurkituko, kasino batek hartu baitzuen haren lekua duela urte batzuk.

Lau hamarkada geroago itsasadarrarekin berradiskidetu da hiria eta pasealeku batek ordezkatu du kaia. Antzinako portu frankoko fatxada besterik ez dute errespetatu, duen balio arkitektonikoagatik, garai horretako ikurtzat; Isozakiren kristalezko etxe-orratzen ondoan ikus daiteke. Zaila da imajinatzen Arestiren olerkirik ezagunenetarikoa inspiratu zuen giroa: "Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan. / Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan. / Bien bitartean / Anton eta Gilen zeuden / zerrarekin / tronko hura erdibiditzen...Hemen euskaraz / eta han erdaraz. / Birao egiten zuten".

Giro horretan izan zuen harremana idazleak bere literaturan hainbesteko garrantzia izan zuen langile-giroarekin, bai eta, gaur egungo ikuspegitik deigarria badirudi ere, euskararekin berarekin ere. Izan ere, 1975ean, idazlea hil eta egun gutxira, Triunfo aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean euskarara hurbiltzeko izan zituen arrazoiak azaldu zituen Arestik. "Hildako hizkuntza bat bailitzan ikasi nuen euskara, eta bat batean, herriarekiko harremanengatik bizten hasi zen nire baitan", erantzun zion idazleak kazetariari. "Familiako lagunak izan ziren nire euskara irakasleak, Bilboko portuko langileak eta herriko senideak".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_