_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

K.

Philip K. Dick da nire zientzia fikzioko idazle kutunena, eta bere heriotzaren hogeita bosgarren urteurrenaz argitaratu diren artikulu ugarietako bat irakurri ostean, ohartu naiz nire zientzia fikzioko bigarren idazle kutunenak, Ursula K. Le Guinek, ezaugarri bat konpartitzen duela Dickekin: izenaren erdiko K. bakarti hori. Eta kasualitatea ote den galdetu diot neure buruari. Bai, bien lanak miresten ditut: gozamen une asko eman didate, eta, batez ere, zer pentsatu dezente; Dickek, identitatearen eta errealitatearen inguruko bere jolas asaldagarriekin, eta Le Guinek, gure gizarte kapitalista eta falozentrikoen konbentzioei luzatzen dizkien kritika sotilekin. Baina zerbait gehiago egon behar duela iruditzen zait: ezin da baztertu izenen estetikak ere zer ikusia izan dezakeenik.

K. horrek, agian, XX. mendeko funtsezko idazle batengana garamatzalako, Kafkarengana, K. lur-neurtzailearengana alegia, eta baita Prozesua-ko Josef K. harengana ere: agian ez dago literatura osoan oihartzun ozenagorik sortzen duen letra bakanik. Dicken K. horren atzean Kindred ezkutatzen da, Philipen amaren bigarren izena, eta Le Guinenaren atzean Kroeber, Ursularen ezkongabeko abizena. Eta ez litzateke batere harritzekoa biek, laburtze-arrazoi praktikoez haraindi, Kafkarekiko omenaldi gisa paratzea haien izen-deituren erdian K. enigmatiko hori.

Eta bururatu zait akaso nik antzeko zerbait egin beharko nukeela: denok sufritzen dugu inoiz beti bat eta bera izatearen nekea, eta aldaketa, txikia izan arren, osasungarria suerta daiteke. Nik, ordea, ez daukat bigarren izenik, eta ez dut galdu, normala den bezala, nire ezkongabeko deitura, baina, nahi izanez gero, zerk eragozten dit letra bat hautatzea nire izenaren eta abizenaren tartean jartzeko? Eta, esan eta izan, aukerak haztatzen hasten naiz, jolas baten gisa: Iban A. Zaldua, Iban G. Zaldua, Iban T. Zaldua...

(Bide batez: Dick eta Le Guin lagunak izan ziren, eta estimu handian zeuzkaten biek bestearen lanak; Dick "gure Borgesa" zela esan ohi zuen Le Guinek. Hala ere, Le Guinek eztabaida bortitza izan zuen Dickekin haren bizitzaren amaiera aldean: Dickek, garai hartan izan zituen sukar mistikoetako batean -gnostizismoan eta metenpsikosian sinesten zuen, besteak beste-, irmoki kritikatu zuen abortua, ipuin baten bitartez, eta Le Guinek, beste feminista askok bezala, misoginotzat salatu zuen).

Ariketa horri tarte bat eman ondoren, ordea, letra hori soilik K. izan daitekeela konturatu naiz: ez dago alfabeto osoan hura baino iradokitzaileagorik. Iban K. Zaldua, beraz: hemendik aurrera Iban K. Zaldua izango da nire nom de plume berria.

Paper zuriaren gainean zenbait aldiz idatzi ondoren jabetu naiz, alabaina, beste aukera guztiak baino hobea izanda ere, ez duela guztiz funtzionatzen; ez duela osoki asetzen nire aldaketarako grina, hain nago ni izateaz nekatuta. Gehiago aldatu behar dudala iruditzen zait, eta agian -zergatik ez?- omenaldi bat egin diezaiekedala nire egile preziatu horiei. Iban K. Le Guinekin probatu dut, eta gero Ursula K. Zalduarekin, baina lehenengoak pixka bat gehiago tentatzen nauen arren, bizkor alboratu ditut. Philip K. Zaldua ez dago gaizki, eta sarriago zirriborratu dut frogak egiteko erabiltzen ari naizen folio zurian, Iban K. Dick ahulxeagoa baino gehiago behintzat. Baina hala ere ez nau konbentzitzen.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Eta zergatik ez dut erabaki erradikalago bat hartuko? Zergatik ez idazlearen izen osoa neureganatu, aldaketa txiki batekin, omenaldia areagotzeko? Philip I. Dick, esaterako, edo Philip Z. Dick? Eta zergatik ez Philip K. Dick bera? Azken batean, hilda dago eta ez du jada behar, eta ni hain nago nekatuta Iban Zaldua izateaz... Zazpi aldiz idatzi dut "Philip K. Dick" paperean, nire letra biribil onenarekin, zazpi, zenbaki magikoa, ez dakit zergatik, eta guztiz konbentzituta nago orain, eta zerbait berezia sentitzen dut nire baitan, zerbait... OK. This is much better, I believe I got it.

It was never going to be easy, however, I got it; a new body. It could have been better, but this one will do. I was really tired of being in that sort of limbo for so many years... But now I am back again. At last, back again.

By the way, I must call Ursula and tell her about the place I come from... Anyway, will she still be alive?

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_