Kuota kontua baino gehiago
Euskal literaturan emakumeak ugaltzearen ondorio eta arrazoiez gogoeta egin dute lau egile gaztek
"Odoletan nago" zikindu dut atzamarrekin ispilua. / Odoletan nago baina ez naiz emeago sentitzen (...) Eta ez dakit zergatik ukatu behar dudan / naizena: emakume bat odoletan. "Egia da, zergatik ukatu behar dut naizena?", galdetzen dio bere buruari Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) olerkariak. Ezkatak (Susa, 2006) lehen olerki-bildumarako idatzi zuen emakumetasunaren inguruko gogoeta hori. "Kasu horretan ez zen bakarrik odoletan dagoena, emakume izatea ere bai. Biak doaz, izena eta aditzondoa. Ez dut ezkutatzen", erantsi du.
Literatura unibertsaleko edozein bildumatara joz gero, gutxi dira emakumeen idazlumatik sortutako mundu-ikuskerak. Mundu zabalean gizonezkoak baino gutxiago izan dira emakume idazleak; baita gurean ere. Azken urteotan, baina, joera aldaketa sumatzen ari da. Irati Jimenezen (Mundaka, 1977) iritziz, "emakume idazleen fenomenoa baino lehenago dator irakurtzen duten emakumeen fenomenoa, inkesten arabera gehiago direlako irakurtzen duten emakumeak gizonak baino".
"Emakumezkoak gehiago badira, logikoa da emakumeek idazteko grina hori sortzea eta hortik emakume idazle gehiago izatea", azaldu du Bat, bi... Manchester (Elkar, 2006) eleberri laburrarekin bere burua ezagutzera eman zuen egileak. Opera primaren lehen edizioa agortuta duela -"ezin pozago geratu naiz; ezin zaio gehiago eskatu", aitortu du-, bigarrena izango den lanari lotzeko "erditze batean" dabilela dio literatura "ihesbide eta izateko bide" duen idazle honek.
Jimenez eta Bilbao euskal literaturaren esparruan emakumeen kuota igoarazten ari diren egile gazteetako bi dira. Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) idazlearen iritziz, "hori bide naturala da normalizazioaren bidean".
"Bagoaz normaltasun baterantz; hau da, emakumeek ere idazten dute eta emakumeek ere argitaratzen dute", argudiatu du Elkarrekin Hamabost zauri (2004) ipuin-bilduma eta Amaren eskuak eleberria argitaratu dituen autoreak. "Oraingo erronka izango da hori kanonean ere normalizatzea", erantsi du.
Aintzane Galardi oiartzuarrak Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak banatzen duten Felipe Arrese saria jaso zuen abenduan, Zirrikituak poesia bildumarengatik. Idazle-proiektu sendotzat jo zuten sariketa horretako epaimahaikoek; hain zuzen ere, idazle gisa jauzi kualitatiboa egiteko akuilu izan du sari hori. "Hurrengoarekin, agian ausartuko naiz argitaletxeetara ate joka joaten", laburbildu du bere liburuetako testuak ez ezik, ilustrazioak ere egiten dituen egile honek.
"Nire lehen zaletasuna pintatzea izan zen; poesia eta margoa, biak ditut maite", argitu du. "Sarriren [Joseba Sarrionandia] liburu batekin egin nuen topo eta arraina amuan bezalaxe, halaxe geratu nintzen. Harrapatuta geratu nintzen eta hortik etorri zen idazteko premia". Geroztik, artearen bi adarrak nahastu ditu naturaltasunez. Idazle margolariaren hitzetan, "askotan poema idazten ari naizenean irudia daukat gogoan, askotan irudi bat daukat eta hortik poema sortzen da".
Emakume idazleak ugaltzeak ikuspuntu berriak ekar ditzake literaturaren esparrura? Galardiren iritziz, ez. "Bidea zabaltzen ari gara, baina ez dut uste emakume izateagatik ikuspuntu berririk ekarriko dugunik", egin du gogoeta, emakume gehiago egoteak "berez ekarriko duela aberastasuna" zehaztuz. Jaioren aburuz, berriz, argi dago gizon eta emakumeek askotan gauzak "desberdin" ikusten dituztela. "Hori horrela da mendeetan zehar bizitza desberdinak izan ditugulako, baina beste kontu bat izango litzateke hori gure literatura sailkatzeko orduan erabiltzea".
"Ideiak norbanakoarenak dira", erantsi du Leire Bilbaok. Eztabaida horren harira behin hitzaldi batean jazotako pasadizoa ekarri du gogora Irati Jimenezek. "Bukatutakoan zera esan zidan emakumezko irakurle batek: gustatu zait zure azalpena, oso femeninoa iruditu zait. Dena den, idatzi dudan lehen eleberria bi gizoni buruzkoa da. Baliteke emakumeen sentiberatasun edo mundu bat egotea, baina pentsatzen duguna baino askoz zabalagoa da".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.