Komunikazioa indartzeko garaia
Durangoko Azoka euskal kulturaren azken produktuen erakusleiho bihurtuko da asteazkenetik igandera bitartean
Motorrak berotzen hasiak dira Landako erakustazokan etzi goizean Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 41. edizioari hasiera emateko. Aurten, bidaiak aukeratu ditu Gerediaga Elkarteak Azokako gai nagusitzat, eta antolatzaileek ezarritako eskakizun honi jarraiki, Kirmen Uribek
Käsmuko hilarriak. Poesia garai globalean izenburuko sarrera-hitzaldia eskainiko du, 2004ko maiatzean Estoniako kostaldean, Europa osoko beste idazle batzuekin batera igarotako egunak gogoratuz.
Hortik aurrera, Durango aldera hurbiltzen direnek zer ikusi, zer entzun eta, batez ere, zer erosi franko izango dute Azokaren 41. ediziorako prestatu diren 317 salmahaietan.
Aurten, ia 400 nobedade aurkeztuko dira Durangoko Azokan; horietatik 278 liburuak dira, eta 46 diskoak. Edizio honetarako izena eman duten 221 parte-hartzaileen artean, 70 argitaletxeak dira, 64 elkarteak, 22 disketxeak eta 15 erakunde ofizialak.
"Arazo teknikoak tarteko, argitaletxeak erlojuaren kontra ibili dira Azokara iristeko"
Zenbait idazle ospetsuk haur literaturan aurkeztu dituzte beren azken lanak
Urteroko ohiturari jarraituz, argitaletxe askok Azokaren aurreko egunetan egin ohi dituzte azken nobedadeen aurkezpenak. "Hau ez da soilik geure artean ematen den fenomenoa, liburu azokak antolatzen diren gainerako herrialdeetan ere joera bera izaten baita", esan du Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak.
Jon Irazabal Azokako zuzendaria umorez mintzatu da azken asteotako aurkezpen uholdeaz: "Aurten, arazo teknikoak tarteko, argitaletxeak erlojuaren kontra ibili dira Azokara iristeko, baina azkenean, kontrolen barruan heltzea lortu dute".
Izenburuei erreparatuta, Anjel Lertxundiren Ihes betea, Aingeru Epaltzaren Mailuaren odola, Edorta Jimenezen Koioteren arrastoa, Koldo Izagirreren Rimmel, Xabier Montoiaren Euskal hiria sutan, Paddy Rekalderen Ragga-ragga dator gaua, Joxan Oizen Beñat Dardo, Toti Martinez de Lezearen Ilargiaren alaba eta La Brecha, Jon Arretxeren Beldurrezkoak eta Pablo Sastreren Enpleguaren arbola dira, besteak beste, salduenen zerrendan sartzeko aukera gehien izango duten liburuak.
Baina horien ondoan, erruz ugaldu dira beste hizkuntzetatik euskarara itzulitako lanak, hala nola, Pio Barojaren Zalakain abenturazalea eta Jakintzaren Arbola; Paul Austerren Kristalezko hiria, Harkaitz Canok itzulitakoa; Itxaro Bordak euskaraz paratu duen Bertoldt Brecht-en Kaukaziar kreazko borobila, edota Mahfouz Naguib-en Mirarien kalezuloa, Patxi Zubizarretak euskaratutakoa.
Durangoko Azokaren 41. edizio honen beste ezaugarri bat, zalantzarik gabe, haur eta gazteentzako ekoizpenaren sendotasuna izango da. Zenbait euskal idazle kontsagratuk alor honetan aurkeztu dituzte beren azken lanak. Pako Aristik, esate baterako Txabola terapeutikoa plazaratu du gaztetxoentzat, eta Harkaitz Canok eta Unai Iturriagak Lesterren logika eta Matxinsaltoen belarriak argitaratu dituzte, hurrenez hurren, Elkarreko Xaguxar sortaren barruan. Juan Kruz Igerabidek, azkenik, Ibaizabal argitaletxeko Ipurtargia bildumako liburuki batzuk itzuli ditu.
"Nik uste dut gure argitaletxeak literaturaren krisitik aparte samar bizi direla", esan du Agustin Oiartzabal Ibaizabaleko gerenteak. "Oro har, gu biziago ibiltzen gara produkzio kontuetan, eta profesionalen kalitateak eta teknologia berrien abantailek izugarri errazten dute geroko salmenta", gaineratu du.
Etxeko txikienei begira, Durangoko Azokak Haur Literatura Aretoa izeneko gunea prestatu du hirugarren urtez, bi eta 12 urte tarteko umeei literaturzaletasuna txertatzeko asmoz.
Horrez gain, Durangoko Azokako salmahaietan, aldizkariak, bulego-materiala, bideoak, DVDak eta bestelako produktu bitxiak eskuratu ahal izango dira.
Azokarekin batera antolatzen diren jarduera osagarrietan, aurten Gauean argi izenaz bataiatu duten Argizaiola saria emateko ekitaldia aipatu behar da. Ostegun iluntzean egingo da San Agustin Kultur Gunean, saria jasoko duen Jakin aldizkariko zuzendari Joan Mari Torrealdai tarteko dela.
Egun berean, gaueko 22:00etatik aurrera, Karidadeko Benta euskal taldeak eta Pata Negra talde flamenkoak kultura arteko kontzertua eskainiko dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
Ostiralean, hilak 8, Eslovenia eta Euskal Herriko literaturen egoera aztertuko da, Alojz Ihan eta Vlâdo Zabot idazle esloveniarrek eta Asier Agirre euskaldunak egingo duten mahainguruan.
Hurrengo egunean, arratsaldeko bostetan, ¡Gora Vasco! filma estreinatuko da San Agustinen, eta Azokaren azken egunean, Antton Mari Aldekoa-Otalorak, Jose Mari Iriondok eta Gregorio Arrienek Eubako pasiotarren historia errepasatuko dute 12:00etako mahainguruan.
Azoka amaitu arte, 21 Paraleloa eta Lekukoak erakusketak eta bertso-saioak ere izango dira; aipagarriena, inaugurazio egunekoa, Felipe Arrese Beitiaren omenezkoa, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Igor Elortza eta Unai Iturriagaren parte-hartzearekin.
Durangoko Azoka 1965ean sortu zen Andra Maria elizaren arkupeetan. 1977. urtean, Azoka herriko merkatu zaharrean kokatu zen lehen aldiz, eta 2003an behin-betiko ostatu hartu zuen Landako enpresa elkartegian.
Lehenengo edizioan aurkeztu ziren 100 liburu eta diskoen aldean, Durangoko Azokak 15.000 erreferentzia inguru bilduko ditu aurten. Urteak joan eta urteak etorri, Azoka ezinbesteko hitzordu bihurtu da euskaltzale askorentzat, baina azken urteotako beheranzko joerari aurre eginez, antolatzaileek komunikazioaren aldeko apustu sendoa egin dute, duela hiru urteko marka -130.000 pertsona eta 1,5 milioi euroko salmentak- gogoan dituztela.
Batua eta zinearen artean
Koldo Mitxelenak inteletual polifazetikoaren paradigma irudikatzen du. Hizkuntzalaria, idazlea eta irakurle amorratua izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran parte hartu eta euskara batua sustatu zuen, eta tarteka-marteka, zinemaz gogoeta egiteko astia ere atera zuen. 1954tik 1961era arte egin zuen, bere zuzendaritzapeko Egan aldizkarian. Inazio Mujika idazle eta editoreak koordinatu eta Donostiako Euskararen Udal Patronatuak Alberdaniarekin batera plazaratu duen Denbora bateko zinema paperak liburuak Mitxelenaren zinema-kritika guztiak bildu ditu, euskara batuan idatzitako lehenak.
Bilboko Zinebi jaialdiak liburu-aldizkari batean argitaratu zituen 1981ean idazki horiek, Mitxelenak berak idatzitako hitzaurre batez. "Orduko artikuluak bildu, jatorrizko testuen ondoan jarri, hutsuneak bete eta, ahal den neurrian, euskara batuaren oraingo arauei egokitzea izan da nire oraingo lan guztia", esan du Mujikak.
Liburu honek beren horrexetan islatzen ditu Mitxelenaren iritziak Elia Kazanen La ley del silencio, Alfred Hitchcocken La ventana indiscreta eta John Houstonen Moby Dick bezalako film handiei buruz, eta aldi berean, garai hartako gizartea ere erretratatzen du. "Prosa dotore eta ederrean idatzita, artikulu horietan orduko eta betiko kezka sozialak ageri dira, gure herrikoak eta kanpokoak", azaldu dute editoreek. Normalean, "umorez, samurtasunez eta are haserrez idatzitako artikulak" ziren, Donostiako Kultura zinegotzi Ramon Etxezarretaren hitzetan.
Koldo Mitxelenak sei edo zazpi urteko "lehortea" pairatu zuen zine-kritikari bezala. "Kartzelan emandako urteak izan ziren", zehaztu du Mujikak. Han, Ricardo Muñoz gidoilaria ezagutu omen zuen, eta horrexengandik ikasi omen zuen zinemaz zekien guztia.
Denbora bateko zinema paperak Donostiako uskararen Udal Patronatuak plazaratzen duen Bertako bildumaren zortzigarren liburukia da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.