Errealitatea
Ez dugu errealitatea den bezala ulertzen. Bere aztarnak uzten dizkigu bizi dugun denboran, baina alderantziz ulertzen ditugu, alderantziz ulertu nahi ditugulako; ulertu nahi duguna ulertzen dugulako, seguru asko. Beharbada errealitateari berak eman ez dezakeena eskatzen diogu. Errealitatea, izan ere, ezdeus da askotan, barregarri besteetan. Eta guk errealitate handi, eder eta benazkoa nahi, gure ametsen neurrikoa, gutxi gorabehera. Baina ametsa errealitate izan daitekeen arren, errealitatea ez da amets. Sonanbuluek, gauez dabiltzalarik, bizi dutena ez al da errealitatea? Sonanbuluek beren ametsa errealitatea balitz bezala bizi dute, gauez bederen. Eta guk, errealitatea bizi dugu ametsa balitz bezala, egunez bederen.
Adiskide batekin nengoen taberna batean. Ezagun dudan neska batekin hasi ginen hizketan. Neskak, etengabe, begi bat ñikatzen zion adiskideari, begi ezkerra, eta adiskideak, begi-keinu horretan, ametsaz haratago dagoen distiraldirako gonbitea ikusi zuen eta halaxe jokatu, neskaren etsipenerako. Izan ere, neska hark, begietako gaitz batengatik, begi ezkerra keinatzen du, etengabe keinatu ere, gizon batzuen zoritxarrerako, begi-keinuaren errealitate fisikoa eta begi-keinuaren sinbolo morala nahasten baitituzte biak elkarrekin.
Errealitateaz dugun irudiaren aurrean nahasten bagara edo konforme ez bagaude berarekin, beste errealitatea dugu sortzen, batzuetan ametsari bere irudiak maileguan eskatuz. Errealitateak, eskuarki, idazle txarren antza du. Gutxi dute esateko horiek, baina asko ematen dute irakurtzera. Gu gara, baiki, errealitatearen idazle, errealitatea irakurri eta hura interpretatzen dugunok, esaten duena baino gehiago idatziz. Eldarnio, errealitatearen eldarnio.
Adiskide bati gertatutakoa esango dut. Emakume batekin hasi zen harremanetan, Internet bidez, eta birtualki maitemindu ziren, gizona eta emakumea elkarrekin. Argazkiak trukatu zituzten. Adiskideak berea oparitu zion emakumeari, eta emakumeak bere adiskide polit batena. Halako batean nire adiskideak argazkiko emakumearekin topo egin du, erdialdeko taberna batean. Hurbildu zitzaion, bere maitea balitz bezala, eta hizketan hasi, betidanik ezagutu balu bezala. Arraroa egin zitzaion hasieran emakumearen hizketa modua, arrotza erabat, baina uneko emozioari leporatu zion halakoa, lotsari alegia. Emakumeari ere txundigarria egin zitzaion gizonaren hurbiltzeko jaiera, aspaldiko maitaleak zirela erakutsi nahi baitzuen.
Ordu batzuk geroago, konfiantza hartutakoan, argitu zuten bien arteko egoera. Emakumeak aitortu zion adiskideari ez zuela lehendik ezagutzen. Gizonak karteran gordeta zeraman argazkia erakutsi zion orduan. Emakumeak bere argazki zela esan zuen, baina ez berak bidalia; beste baten trikimailua zela, gizonezkoak katigatzeko eta kastigatzeko erabiltzen zuena. Adiskideak ordurako maite-garretan, ez zuen sinetsi emakumeak ahots suabez eta begi gardenez esaten ziona. Emakumeak alde egin zuen. Nire adiskidea gaixo dago ohean, errealitateak jota, emakume baten argazkia du ondoan, eta noiz edo behin bera du musukatzen, irudikatzen duen emakumea musukatu nahian. Ez da jabetu engainatu egin dutela. Ez du jabetu nahi, engainu itsusia ederragoa baitzaio, errealitate ederra baino.
Ez da errealitatea, ordea, gure engainagarri; baizik eta errealitateren gainean eraiki dugun unibertso sinboliko eta irudizkoa. Ilusioak bizi gaitu, guk ere ilusioa bizi dugun neurrian. Eta ilusioa maite dugulako ezkutatzen dugu errealitatea, ilusionistak untxiak edo usoak ezkutatzen dituen bezala, ikuslearen begien aurrean. Eta txalo egiten dugu, eta burrunba egiten dugu, eta barre egiten dugu, ilusioaren neurrien kariaz batez ere, errealitatearen beraren kalitateagatik baino. Errealitatea, izan ere, oso zaila da eramaten.
Badira, hala ere, haserretzen direnak, engainatuak direla sentitzean, eta, dakitelarik berek beren buruak dituztela engainatu, haien minak eta zinak oro gezurretakoak dira. Irudi eta eldarnio huts.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.