Bost mendeko loaldia
Amaiurko gaztelua museo bihurtu nahi dute Aranzadi Elkarteak eta Baztango Udalak
Amaiurko gaztelua 500 urteko loalditik atera dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) egindako indusketek. Bi asteko landa-lana aski izan da orain arteko aurriritzi asko zalantzan jartzeko, indusketen emaitzek arkeologoen aurrikuspenik baikorrenak ere gainditu dituztelako.
Baztango Udalak eta Aranzadi Elkarteak eman beharreko pausoak zehaztu nahi dituzte datozen hilabeteotan, Nafarroako Erresumaren azken gotorlekuaren aurriei turismoaren, kulturaren eta oroimen historikoaren ikuspegitik izan dezaketen garrantzia aitortzeko.
"Ez dugu aurkituko Antso III.a Nagusiak eraiki zuen Loarreko (Huesca) gaztelu erromanikoaren parekorik, baina Amaiurko aztarnek aukera ezin hobea emango digute nafarren azken gotorlekuaren setioa nolakoa izan zen ulertzeko", azaldu du lanak zuzendu dituen Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadiko kideak.
Piztia mitologikoaren antzera, duela 500 urteko sendotasuna azaleratu du
Indusketa-proiektua 2004an mamitzen hasi zen Udalaren eskariz. Mikel Ramos arkeologoak landutako plangintzan oinarrituta, Nafarroako Gobernuarengana jo zuten finantzazio bila. Alabaina, diruaren ordez, indusketak egiteko baimena eta gomendio teknikoak eman zizkien. Egoera honetan, Aranzadik bere gain hartu zuen proiektua, UEUrekin arkeologia praktikoaren euskara hutsezko lehen ikastaroa antolatzeko sinatu zuen hitzarmenaren barruan.
Amaiurrera etorri aurretik, ekimen honetan parte hartu duten 15 ikasleek Burgoseko gerra garaiko hilobi klandestino batean eta On Joxemiel Barandiaranek Arrasateko Lezetxiki kobazuloan aurkitu zituen aztarnetan jardun dute lanean. "Historiaurreko eta XX. mendeko aztarnategi banatan ibili ondoren, Amaiurren aro historiko jakin baten inguruko ikerketa egiten ikasi dute modu praktiko batean", esan du Agirre-Mauleonek. Ikasleekin batera, antropologia, medikuntza, zoologia eta beste jakintza-arlo batzuetako adituek ere esku hartu dute Amaiurko indusketetan.
Lantaldeak 13 egun besterik ez ditu eman Amaiurren, baina ikerketaren ondorioak begi-bistakoak dira jada, lehengo belardi hutsaren gainean Erdi Aroko harresia ageri baita. Hasierako egunetan, 28 metro luze eta bi metro zabaleko lubakia egin zuten muinoaren goiko aldean, "eta lurzorutik hamabost bat zentimetrora aurreneko aztarnak azaltzen hasi ziren", gogoratu du Agirre-Mauleonek.Neguko loaldiaren ostean itzartzeko zain dagoen piztia mitologiko baten antzera, gazteluak duela 500 urteko sendotasuna azaleratu du.
Muinoaren ekialdean, herrira begira, zortzi metroko garaiera duen harresi sendoa aurkitu dute, harkaitz baten gainean eraikitakoa; eta mendebaldean, Urdazubirantz doan bidearen gainaldean, hiru metroko garaiera eta 40 metroko luzeera duen horma luzea -"XVI. mendean eraikitakoa, artilleriari aurre egiteko"-, Erdi Aroko dorre biribil bati erantsita.
Paisaia aldarazi duten harresi zati horiez gain, muinoaren gainaldean, plomozko bala bat, balazta gezi bat, labanak, kakoak, animalien eta arrainen hezurrak, txanpon bat eta bestelako objektu arruntak aurkitu dituzte, bai eta gotorlekuan sute bat egon zela iradokitzen duen kedarrezko geruza ere. Azkenik, Nafarroaren independentziari eutsi ziotenen omenezko monolitotik metro batzuetara, gotorlekuaren egitura zirriborratzen duten horma handien aztarnak eta beste dorre biribil baten harrizko zantzuak idoro dituzte.
Aurkikuntza hauen garrantziaz jabeturik, Aranzadik Amaiurko indusketak arautuko dituen gida-plana landu nahi du datorren udaberrirako. Agirre-Mauleonen esanetan, "lauzpabost urteko lana" dago, gutxienez, gotorlekuan dauden aztarna guztiak azaleratzeko.
Ildo honetan, Carlos Garaikoetxea Kultura zinegotziak aztarnen berreskurapena sustatu eta gazteluan museo-proiektu bat abian jartzearen aldeko konpromiso berretsi du Baztango Udalaren izenean. "Bakarrik espero dugu, datorren urtean Gobernuak proiektu honetarako dirulaguntzaren bat bideratzea, agindu diguten bezala", esan du.
Azkentzearen kronika
Amaiur 1095.ean agertu zen aurreneko aldiz historia idatzian, eta 100 urte geroago, Garzia Oriz tenente Mayam (Amaiurreko gazteluzaina) aipatu zuten zenbait agiritan.
Iruñetik Baionarako bidean kokatua -Donejakue Bidearen Baztango adarrean-, gazteluaren zeregin nagusia bidaiariak babestu eta merkantzien gaineko zergak kobratzea izan zen. Gaztelako tropek ez zuten neke handirik hartu 1512.ean gotorlekuaz jabetzeko. Pirinioez bestaldeko nafarrek erresuma berreskuratzeko egin zituzten erasoen aurrean, ordea, gaztelarrek gaztelua gotortzeari ekin zioten.
Gaztelarrek jarritako kainoi, lubaki eta harresi berriei esker, Noaingo gudutik ihesi zetozen nafar erregearen aldeko 200 zaldunek urtebetez eutsi zioten -1522ko uztailaren 19a arte- 10.000 bat soldaduk ezarritako setioari. Cisneros kardinalak gaztelua botatzeko agindua eman zuen gero, eta gotorlekua herriko eliza eta beste eraikin batzuetarako harrobi bihurtu zen.
Amaiurko Gazteluko aurkikuntzaz gain, uztailean, eliza, errota eta ostatu zaharraren eraberritzea amaitu zen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.