_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Paperezko mundu-ikuskera

Andolin Eguzkitzak bildu zituen liburu eta eskuizkribuak katalogatzen ari da Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka

"Gaitezen errealista: Ezina izan. Andolin Eguzkitzaren liburuetarik bat". Hitz horiek idatzi zituen Andolin Eguzkitzak (Santurtzi, 1953-Bilbo, 2004) bizitzan zehar bildu zituen liburuetako askoren kontrazalean. Irakurle nekaezina, bildumatzaileen obsesioetan jausi ez bazen ere, milaka izenburu bildu zituen etxeko bibliotekan. Irakurtzeko bildu zituen gainera, orrialde bakoitza gozatzeko gogoarekin, bizia bera bizitzeko gozatzeko erakutsi zuen grina bera.

Liburu horiek guztiak umezurtz geratu ziren herioak behar baino lehenago eraman zuenean haien jabea. Horregatik Euskaltzaindiaren esku uztea erabaki zuten idazle, irakasle eta euskaltzainaren senitartekoek, bertako adituek sailka ditzaten. Eta horretan ari dira duela lau bat astez geroztik Azkue Bibliotekako arduradunak, haiei egokitu baitzaie, akademiaren izenean, maileguan hartutako ondareari harrera egitea, Santurtziko Udalarekin izenpetutako hitzarmenaren arabera. Irailaren bukaerara arteko epea dute orain 3.000 liburu eta 2.000 liburuxka ingururen katalogo zehatza egiteko. "Pentsatu genuen garrantzitsua zela Andolinek egindako lanak batzea eta sailkatzea", azaldu du Edurne Eguzkitza bildumaren jabe zenaren arrebak.

"Halako bilduma batek normalean pertsonaren argazkia ematen du"

Lanaren behin betiko emaitzen zain, honezkero ondorio garbia atera daitekeela uste du Pruden Gartzia bibliotekaren arduradun eta Eguzkitzaren aspaldiko lankideak: "Biblioteka hau Andolinen bizitzaren eta interesen argazkia da, bere mundu-ikuskera erakusten du". "Halako biblioteka batek normalean pertsonaren erretratua ematen du. Liburuak banan-banan erosten dira, bakoitza arrazoi batengatik", erantsi du. Erretratu hori hainbat hizkuntzatan idatzita dago, liburuen jabeak erabiltzen zituenak: euskara, gaztelania, alemana, frantsesa eta katalana besteak beste. Hizkuntza horietan guztietan idatzitako liburuek osatzen dute bilduma. Horien artean pentsamenduaren eta filosofiaren autore klasikoak daude, Karl Marx, Hans Küng, Platon eta Erasmus adibidez. Egile euskaldunen lanak nazioarteko literaturaren izen nagusiekin tartekatzen dira, tartean William Shakespearerekin. Apalategietara hurbilduz gero, ale batzuk, erabiltzearen poderioz, besteak baino hondatuagoak daudela sumatzen da, bereziki Ernest Hemingway, Albert Camus, André Malraux eta Peter Handkeri dagozkienak. "Ikuspegi globala zeukan gauzei buruz", erantsi du Gartziak.

"Ez zituen liburuak bildumatzen, baizik eta irakurtzeko erosi. Bitxia da zelako perspektiba zabala zeukan gauzei buruz; eta perspektiba ere islatzen da bere liburuetan", azaldu du Azkue Bibliotekako arduradunak. Izan ere, izenburu askok hizkuntzalaritzarekin lotura duten arren, jakintzaren arlo hori ikuspegi anitzetik jorratzen zuten autoreen lanak irakurri zituen. Andolin Eguzkitza unibertsitatean ezagutu zutenek ere iritzi bera dute. "Ez zen hizkuntzalaritzarekin inguruko jakintza bakarrik interesatzen zitzaiona", esan du Beatriz Fernandez EHUko Euskal Filologia saileko irakasleak. "Gozatzeko joera eta dohaina zuen pertsona zen, eta hizkuntzekin hausnartuz eta lan eginez gozatzen zuen. Baina horrez gain argi dago berak poeta bat bazeramala barruan".

Idatzi zituen literatura-lanetara ere eraman zituen ezaugarri horiek, Xabier Kintana euskaltzain eta lagunaren esanetan hitz bakoitzaren "zapore berezia" dastatzea baitzuen gustuko, "jaten dugunean jakiekin egiten den bezala". "Bere burua azaldu zuen idatzi zituen liburuetan. Bere sentimenduak ikusten dira. Xehetasunik eman gabe, baino nahiko garbi ikus dezakegu hor Andolin Eguzkitza dagoela".

Bi omenaldi abian

Santurtziko Udalak eta Euskaltzaindiak izenpetutako hitzarmenak Eguzkitzaren liburu eta eskuizkribuak sailkatzea besterik ez du aurreikusten. Dena den, katalogatze-lan honen emaitza etorkizunean Ibar Ezkerraldean sortzeko asmoa duten euskarari buruzko lehen ikerketa-zentroaren hazia izan daiteke, Udalaren aurreikuspenak betetzen badira. "Oso garrantzitsua litzateke, ez Andolinengatik, baizik eta hizkuntzarengatik berarengatik. Eskualde erdaldunean bizi gara eta horrelako zentro bat sortzea oso onuragarria litzateke", nabarmendu du Edurne Eguzkitzak.

Oraingoz ikergune hori asmo hutsa besterik ez da, herri-aginteek ez baitute ez eperik ez aurrekonturik zehaztu. Gauzak okertu ezik, azpiegitura berria zendutako euskaltzainaren izena daraman plazan altxatuko dute. "Alkatearen ideia izan zen katalogatze-lana euskararen balio kulturalari eskainitako zentro baten abiapuntua izatea", azaldu du Carlos Laria Udaleko Hizkuntza-Normalizaziorako Sailaren buruak. Honek gogora ekarri duenez, Eguzkitzak herriko udaletxea aukeratu zuen Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia egiteko; eta orduan hasi ziren haren garrantziaz eta pisu intelektualaz jabetzen bertako arduradunak.

"Andolinentzat oso garrantzitsua zen Santurtzi. Edonora zihoala ere, santurtziarra zela aipazen zuen. Udaletxean egin zuen Euskaltzaindian sartzeko hitzaldia. Alde horretatik, oso ondo hartu dute ideia, herriaren enbaxadore ona izan baitzen".

Bestalde, nazioarteko 50 hizkuntzalarik idatzitako testuak bilduko dituen liburua argitaratuko du aurten EHUk, Eguzkitzaren omenezko beste ekimen baten baitan. "Berarekin harremana izan zuten guztiei gonbitea egin genien parte har zezaten eta erantzun aparta izan zen. Abenduan amaitu zen lanak amaitzeko epea eta inprimategira bidean dago orain", argitu du Fernandezek.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_