Sormenezko lanak izango dira nagusi Lekeitiko Zine eta Bideo bileran
Ikuspegi teknikotik "zinta interesgarriak" ikusiko direla nabarmendu dute antolatzaileek
Lekeitioko herria euskarazko ikusentzunezko produkzioaren erakusleiho bihurtuko da asteartetik larunbatera bitartean. Bost egunetan -hauxe da aurtengo ediziaren berrikuntza nagusia-, Euskal Zine eta Bideo Bilerak Euskal Herri osoko 11 profesionalek eta 20 zinegile amateurrek egindako lanak eskainiko ditu.
Ikusgarria Aretoa izango da aurten ere Lekeitioko Bileraren eszenatokia, arratsaldeko zazpiak eta erdietatik aurrera. Azken edizioetako ohiturari jarraituz, kanpoaldean pantaila handi bat jarriko dute, bai eta aulkiak ere, barrura sartu ezinik gera daitezkeen guztiak lehiaketako filmez goza ahal daitezen.
Bileraren XXVIII. edizio honetan, minutu bat eta erdi eta 30 minutu tarteko 27 film labur ikusi ahal izango dira lehiaketaren barruan, horien erdiak sormenezkoak. Dokumentalen alorrean, bederatzi film eskainiko dira guztira, eta argumentuzkoan, beste sei.
Asteartean, Bileraren lehenbiziko jardunaldian, soberako luzeeragatik lehiaketatik kanpo geratu diren bi dokumental interesgarri pantailaratuko dira: Arantxa Gurmendiren Basamortuko irribarreak, Saharako herriaren bizimodu gogorra deskribatzen duena, eta Juan Bidegainen Rockall, urruneko itsasoetan arrantzuan diharduten euskal marinelen ingurukoa.
Antzerkia ere bai
Aurreko edizioek ez bezalaxe, bost egun iraungo du, ahalik eta jenderik gehien erakartzeko asmoz. Larunbat iluntzean, lehiaketako azken bost filmak ikusi ondoren, Ika antzerki taldeak Ixa antzezlana taularatuko du jaialdiaren itxiera ekitaldiari hasiera emateko.
Ordura arte, Lekeitiora inguratzen diren zinezale guztiek bideoklipak, giza-sentimendu eta harremanei buruzko gogoetak, mitologiari lotutako pasadizoak, zenbait euskal artistaren gaineko jolas estetikoak, eta are patuaren inguruko zientzia-fikziozko istorio bat ikusteko aukera izango dute, besteak beste.
Lehian arituko diren film laburren edukiari erreparatuz gero, antolatzaileek ez dute uste Aitzol Aramaiok duela bi urte aurkeztu zuen Terminal filmaren modukorik ikusi ahal izango denik, "ez aurten, eta ez datozen edizioetan ere, horrelako pieza bitxiak oso noizean behin agertzen baitira", esan du Iñaki Goioganak, antolakuntza taldeko kideak. "Hala ere, ikuspegi teknikotik oso zinta interesgarriak ikusteko parada izango dugu egun hauetan, bideoaren eta DVDaren hedapenak errotik erraztu eta merkatu baitu filmen ekoizpena", gaineratu du.
Aurten, Begoña Atin, Josu Rekalde, Augusto Zubiaga eta Jose Portelari egokitu zaie Bilerako izarrak aukeratzea. Zilarrezko Antzarraren irabazlea izendatzeaz gain, epaimahaiak 500 eta 1.000 euroko seina sari banatu beharko ditu profesional eta amateurren modalitateetan.
Euskara hutsezko zinemaldi honetan lehiatuko diren zinten artean, hiru ikusentzunezko arloan diharduten 2ki Produkzioak, Animatu Multimedia eta Logela Multimedia ekoiztetxeek egindakoak dira, eta beste batzuk, aurreko urteetan parte hartutako zinegileen irudimenetik sortutakoak.
Iaz dokumental amateurraren lehen saria eskuratu zuen Jon Grande Badiolak, esate baterako, Tululu izenburuko zinta aurkeztu du, Lekeitio aldean zinemagintzarekiko zaletasuna sustatu zuen Jose Maria Barbariasen oroitzapenez.
Xabier Iñarrairaegik eta Karlos Erizek ere iazko arrakasta berdindu nahi bide dute. 2004an dokumental profesionalaren lehen saria lortu zuten, eta aurten, Korrikan girotutako Ni ere bai erreportajearekin batera, Erramun Landaren marrazkiez eta Edorta Jimenezen testuez osatutako Denbora ez da distantzia filma aurkeztu dute.
Bileraren aurreko edizioan dokumental profesionalaren bigarren sariaz jabetu zen Jabier Larrañagak, bestalde, mitologiaren xarma erakutsiko du, Lurraren Jainkosa filmarekin.
Azkenik, 2004ko sormenezko pelikula amateurraren golardo nagusia eta argumentuzko film profesionalaren bigarren saria irabazi zuten Andres Elizondok eta Iñaki Beraetxek Onarpena eta Art Police sormenezko lanak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren.
Elizondo homosexualaren inguruko film laburraz lehiatuko da Zilarrezko Antzarra lortu nahian, eta Beraetxek natura, hiria, artea, hilerria eta giza-sentimenduak zeharkatuko dituen collage bitxia ekarri du euskara hutsezko zinemaldi honetara.
Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera 1978an sortu zen, Benito Ansola parrokoaren ekimenez. Hasierako edizioetan erakustaldi hutsa bazen ere, lehiaketa sendotu ahala, Lekeitioko Bilera Euskal Herrian ekoizten diren ikusentzunezko lanen ispilu bihurtu da denboraren poderioz.
Euskarazko zinemagintza sustatzeko egin duen lan handiaren esker onez, Ansolak Ama Lur saria jaso du Donostiako Zinemaldiaren aurtengo edizioan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.