Lauaxetaren lau geltokiak
'Bide barrijak'-en sortzailearen ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa ireki dute haren sorterrian
Iñoiz ikusi bako maitale kutuna / neure opa samurrenak laztanduten dabe / Begi gelgarriz dargist biotzeko illuna / eta bere larrosak usainduten dabe. Bertso horiek barne dituen Maitale Kutuna poemarekin, Euskaltzaleak Elkarteak antolatzen zuen Olerti Eguneko saria eskuratu zuen 1930ean Esteban Urkiaga Lauaxetak. Egun hartan jaio zen literaturarentzat euskarazko letrek XX. mendean eman zuten idazlerik handienetako bat.
Idazlearen bizitza trenbide bat balitz, (irudi hori aukeratu baitute erakusketaren ardatz izan dadin) lehenbiziko geltokiari egokituko litzaizkioke bertso horiek, baita berauei itsatsitako bizipenak ere. Lauaxeta gaztea Mungian bizi zen garai horretan, izena eman zion baserritik gertu. 1921 eta 1928 bitartean jesuitekin ikasi zuen, lehenengo Loiolan eta gero Oñan. Hain zuzen ere, Loiolan piztu zitzaion euskaltzaletasuna, Jokin Zaitegi idazlea bidelagun zuela.
Garaiko jostailuak, Markinako Karmel aldizkariak utzitako argazki ezezagun bat, Jose Ariztimuño Aitzoli idatzitako gutun bat, Jesusen konpainian sartzeko idatzitako ohar txikiak eta botoa berritzeko bertso-koaderno bat dira bere bizitzako aldi honen lekuko. Horiekin batera, Orixerekin eta Lizardirekin lehian irabazitako garaikurra.
Ordurako literaturzaletasuna eta idazteko grina ernatu zitzaizkion. Izan ere, Euzkadi egunkariko euskarazko orrialdean ari zela, sasoi hartako olerkari ingelesak eta frantsesak itzuli zituen. Lauaxetaren begien aurrean Europako abangoardiako poesia agertu zen.
Bide berriak
Trenak Mungiatik Bilboko geltokira eraman zuen. Lauaxeta idazle eta kazetaria, bere sasoiko kultura-bizitzari emandako gizona aurki daiteke bertan. Historiaren erlojuak 1931 urtea erakutsi zuenean Bide barrijak poema-bilduma argitaratu zuen eta bertan honako bertsoak idatzi zituen: Zer dodan eztakit, baña gexo nago: / gorputza aul daukot, gogua ariago. / Arratsari nago..., itxas-urdiñari, / lanari el-ezin, soilik ametsari. Lanari heldu ezin, ametsetan ibiltzen zen idazle gaztearen itzala nabaria da Gexorik nago poesiari dagozkion bertsoetan, gari hartako modernistek erakusten zuten egonezin existentzialaren erakusgarri. Garai horretako poeten artean, berak egin zuen ahaleginik gehien euskal poesia Europan barrena hedatzen ari ziren korronterik modernoetara hurbiltzeko.
Bide horretan Federico García Lorca izan zuen inspirazio iturri. Erakusketan Lauaxetak berari idatzitako gutun bat ikus dezakete bisitariek. Poema batzuk euskarara itzultzeko baimena eskatu nahi zion eta, eskariari indarra emateko, jadanik itzulita zituen hiru igorri zizkion. "Uzten dizkizut -bertsioen erakusgarri- zuk idatzitako abestietako batzuk Europako hizkuntzarik beneragarrienaren grazian eta maitasunean jarrita mirets ditzazun", idatzi zuen. Testu horrekin batera, aitorpen bat: "nire poesiak biltzen dituen liburua igortzen dizut, zureen eraginik ere badutenak".
Lorcaren poesia arretaz irakurri besterik ez dago bere idazkerak Laukizeko semearen lanetan izan zuen eraginaz jabetzeko. ¡Ene Bizkai'ko miatze gorri / zauri zarae mendi ezian! / Aurpegi balzdun miatzarijoi / ator pikotxa lepo-ganian, idatzi zuen Lauaxetak Langille eraildu bati izeneko poesia; eta olerkari andaluzaren Antoñito el Camborio gogora dator nahi gabe. Hori dela eta irakurketa-gune berezia atondu dute erakusketaren egoitzan; bertan, bi idazle horien lanak nahas-mahasean ageri dira mahaien gainean, Juan Ramón Jimenez, Rubén Darío eta Charles Baudelairenekin batera, Urkiagaren beste erreferentzietako batzuk hain zuzen.
Gainerako objektu pertsonalekin batera erakusketa osatzen duen Euzkadi egunkariko egurrezko mahai sendoaren gainean idatziko ote zituen agian bertso eta gutun horietako batzuk. Ez zuen, ostera, luzaroan iraun geltoki horretan, agian bere poesiari zerion idealismoak -Urrun giz-otsetatik, menditara nua / leyak ba loitzen dabe garbi dan gogua- bultzatuta, fronterako izena eman zuen eta. Bonbardatutako Gernika kazetari frantses bati erakusten ari zela, preso hartu eta Gasteizera eraman zuten. Bere bizitzaren azken geltokia ziegaren erreprodukzio bidez irudikatu dute. Bertan daude hil aurretik utzi zituen azken poemetako batzuk, bere testamentu ideologikoarekin batera. Hori bezalako ziega batean idatzi zuen: Goiz eder onetan erail bear nabe / txindor baten txintak gozotan naukela? / El naiten leyora begiok intz gabe.
Elkarrizketa estetikoak eta hamaika begirada
Ahalik eta hitz gutxienekin, ahalik eta gehien erakustea". Helburu horrekin osatu dute Lauaxeta lau haize, hamaika begirada erakusketa, aurkezpen ekitaldian ekimenaren arduradun eta EHUko Literatura Katedradun Jon Kortazarrek laburbildu zuenez. Ikus-entzunezko elementuek, hortaz, garrantzi handia dute idazlearen ibilbide pertsonal, politiko eta literarioa erakusteko orduan. Ildo horretan, oso garrantzitsua izan da hainbat artxibategitan egindako miaketa lana.
Lauxetaren mendeurreneko ekitaldien baitan aurkeztu duten erakusketa honetan batera inoiz erakutsi gabeko hainbat dokumentu eta objektu pertsonal bildu dituzte. Horien artean aipagarrienetako batzuk dira García Lorcari idatzitako gutuna eta epaiketa eta fusilamendu agiriaren kopia, baita poetak berak idatzitako testuak ere, horietako batzuk jatorrizko euskarrian gorde direnak. Testuen artean ezin aipatu gabe utzi Lauaxetak berak idatzitako poemarik adierazgarrienak. "Ezinbesteko poema asko daude. Irakurketarako aukera asko ematen saiatu gara, ez bakarrik alderdi kristaua, edo abertzalea, edo sinbolista erakusteko, baizik eta denetarik pixka bat ematen bisitariei", azaldu du Kortazarrek.
Aukeraketa hori egiteko orduan poema-zatirik "ulergarrienak" sartzen ahalegindu dira. -"Lauxeta ez da zuzen-zuzenean ondo ulertzen", ohartarazi du erakusketaren arduradunak-. Horien artean klasizismora egin zuen hurbilketa erakusten duenik ere badago. "Errealitatera hurbildu zen aurreiritzirik gabe; eta errealitatea ahalik eta ederren agertu zuen, pertsonen barruan armoniak sortzen duen bakea lortzeko".
Erakusketak dituen lau "irakurketa mailak" osatzeko (Mungia, Bilbo, Gernika eta Gasteizko geltokiak), garaiko egunkarietako azalak erabili dituzte era sintetikoan azaltzeko idazlearen bizitza.
"Hala ere, lau haizeak ez dira nahiko Lauaxetari buruz hitz egiteko", erantsi du aditu honek. Hori dela eta garaiko kafetegi bat ere sortu dute, mahaien gainean Lauaxetarengan eragina izan zuten idazleen lanak utzi dituztela. "Elkarrizketa estetiko horrez gain, garaiko beste artista batzuekin izan zuena irudikatu dugu ikus-entzunezko panelen bidez, adibidez, bere olerkietako batzuk lotuz sasoi berean antzeko gaiak jorratu zituzten zenbait pintoreren lanekin".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.