_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Berbaz berba, katea eten ez dadin

Mendebalde Alkarteak hamargarren urteurrena beteko du bizkaiera prestigiatzen eta erabilera bultzatzen

Euskaltzaindiak euskalkiei buruzko jardunaldiak antolatu zituen Leioan 1993an. Ondoren, Alfontso Irigoien, Xabier Kintana eta Juan Luis Goikoetxea euskaltzainak bildu ziren propio bizkaieraren esparruan lan egiteko asmoz. "Premia ikusi genuen euskalkien gainean, batua finkatua zegoenean", dakar gogora Goikoetxeak. Berak egin zuen deia eta Irigoien izendatu zuten Mendebalde Alkarteko presidente. 1996. urtea zen eta ordutik hona katea ez da eten.

Irigoienen ondoren, Maribi Unamunok hartu zuen kargua, segidan Goikoetxeak berak eta gaur egun Esti Izagirre dugu presidente erantzukizunetan. Ia hamar urteko ibiliaren ostean, Izagirrek gustura aztertzen du orain arte egindako lana. "Helburua bizkaieraren erabilera zuzpertzea zen, baina ez etxeko zuloetan bakarrik, baizik eta kaleetan, komunikabideetan, hezkuntzan eta abarretan ere. Konplexuak uxatzea zen erronka". dio. Gipuzkoan, esaterako, konplexu gutxiago dagoela dio. Agian horrexegatik ez du Mendebalde Alkarteko moduko talderen berririk lurralde horretan. Bizkaian, aldiz, Labayru Ikastegia ere ari da bertako euskalkia indartzeko lanetan.

Bizkaieraren erabilera gizartearen arlo guztietan suspertzea izan du helburu elkarteak hasieratik

Igorrekoa da Izagirre, gazte samarra, batua eta bizkaiera txikitatik ikasitakoa, eta garbi dauka bi hizkerak menderatzen dituenak konplexu gutxi duela. Aldiz, zaharren artean oraindik "halako konplexurik" dagoela uste du, "batua ulertzeko gai ez direnen artean, batez ere".

Goikoetxea, berriz, mungiarra da. Sasoian da baina edadetuagoa, eta jada heldua zela ikasi zuen batua. Biok bat datoz esatean behin batua finkatua dagoela euskalkiak suspertzeko gogoa nabaria dela.

Honela, aurrera begira "etengabeko prozesuan" ari garela uste du Izagirrek, ezen bizkaieraz gain euskararen aldeko lana egiten dutela azpimarratzen du.

Euskaltzaindiarekin badute harremanik, Andres Urrutia euskaltzainburua elkarteko kide ere baita. Goikoetxea bera, euskaltzain urgazlea izanik, erakunde horretako euskalkien batzarrean hartzen du parte. Bilerak nahiko lasaiak direla dio, "ez dira 'h' hizkiaren inguruan izan ziren liskar haiek gertatzen".

Gainera, akademiak eta Mendebalde Alkarteak egiten dituzten lanen artean, "nahiko ongi antolatua daude gauzak eta ez dira ahaleginak biderkatzen". Dena den, Goikoetxea eta Izagirreren iritziz, Euskaltzaindiak "indar handiagoa" egin beharko luke euskalkiak bultzatzeko.

Horrez gain, euskaltzainak aitortzen du orohar badela "nolabaiteko lehia" euskararen aldeko laguntzetatik bizi direnen artean.

Mendebalde Alkarteak diru zuzena jasotzen du urtero Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia, Bilboko Udala eta BBKtik. Bide honetatik, gauza dira urtero jardunaldiak antolatzeko eta hainbat argitalpen zabaltzeko. Aurten, esaterako, Goikoetxeak berak Euskaldunen anekdotak kaleratu du Ateko aztergaiak bildumaren baitan. Bestetik, Izaro bilduma delakoaren baitan Irakurketa ozena ebaluatzeko irizpideak Bizkaian jarri dute salgai.

Bakio inguruko euskara ere aztertu eta liburuxka batean zabaldu berri dute txostena, eta gauza bera egingo dute laster Uribe Kostan. Izan ere, herri horretan eginiko lanak etekina eman die, duela gutxi Copenaguen izan baitira jardunaldi batzuetan parte hartzen gonbidatu gisa, herrietako hizkuntz-ondare aztertzen.

Hori guztiarekin, Eli Izagirrek bizkaiera "normalizazio bidean" jartzen ari direla uste du eta egoki ikusten du hezkuntza arloan euskalkia erabiltzea, nahiz eta horretarako material eskasa dagoen. Elkarte honek, esaterako, hainbat argitalpen egin ditu Hezkuntza Sailarekin, bizkaiera ikastetxeetan erabili ahal izateko. Bestetik, bizkaierazko aldizkariak dezente ugaldu direla dio.

Eta egungo komunikazio azkarrari erantzunez, Euskalingua delako aldizkari digitala daukate sarean esekita. Jadanik sei ale osatu dituzte eta edonoren eskura daude, hizkuntzek dituzten premi larriei berehalako erantzuna emanez.

Baina, zergatik ipini zioten Mendebalde izena elkarteari? Elkarteko presidenteak dauka erantzuna: "Bizkaian baino, bizkaiera euskalkia Euskal Herriko mendebaldean erabiltzen delako, hau da, baita Eibar edo Arrasate bezalako gunetan".

Horrezaz gain, elkarteko arduradunek oso argi dute euskalkiek zein azpieuskalkiek "naturalago" bihurtzen dutela batua bera, baina, era berean, idazteko garaian, "nolabaiteko lotura" komenigarria dela ohartarazten dute, ez baita egokia bailara bakoitzean modu ezberdinetan idaztea.

Bitartean, gazteen eta zaharren arteko hitz egiteko modua "gero eta ezberdinagoa" dela ohartarazten dute, aberastasuna egunetik egunera galtzen ari den heinean, eta hau gune orotan gertatzen ari da. Horrexegatik Mendebalde Alkartearen lana gaur egun ere premiazkoa dela aldarrikatzen dute.

Karlistadaren garaitik bildutako pasadizoak

Liburuak argitara ematea da Mendebalde Alkartearen betebeharretariko bat eta lan honetan Euskaldunaren anekdotak da emaitzarik berriena.

Juan Luis Goikoetxeak idatzi du, Iñaki Gaminde eta Udane Goikoetxea euskaltzainen laguntzarekin.

Goikoetxeak Bizkaia Irratiko saio baten bitartez zabalduriko 163 pasadizo bildu ditu, ongi egokituak eta tankera bereziaz idatziak. Esandako pasarteak direnez, testuan biribiltzerakoan tratamendu ez ohikoa erabili du, bizitasuna mantendu ahal izateko, gehienbat. "Ahozkotik hurbil dauden testuak egin ditut, eta bizkaieraz, ni neu, irratiko esataria, bizkaitarra naizelako eta entzuleak ere halaxe izan direlako", argudiatzen du Goikoetxeak.

Pasarte horietatik gehienak aitak kontatutakoak dira, eta honi aitonak esandakoak eta belaunaldiz belaunaldi atzera eginez Karlistada garaietara iritsi da egilea. Beste anekdota asko berak bildu izan ditu zuzenean. Lopategi bertsolariak ere eman zizkion beste askoren berri, gerra garaikoak bereziki.

Baina Goikoetxeak ahozkotik liburura pasatzekoa baino lan handiagoa egin du. Izan ere, pasarte bakoitza "girotua dago, bere garaiko islada da" eta horretarako narrazioetan zehar anekdota kokatua dagoen garaiko hizkera lantzen du, baita orduko janzkera edota beste hainbat xehetasun ere.

"Neurri batean kronologia dago hor, eta historia, kondatzen diren guztiak gertatutakoak baitira, inolaz ere asmatutakoak, eta garaiko islada zuzena direlako", azaltzen du liburuaren egileak.

Berezia den anekdotaren bat aipatzekotan, Errepublika garaikoa dakar gogora, non maisuak bi ikasleri paretan eskegita zegoen Jesukristoren gurutzea bertatik kentzeko agintze dien eta zaborretara botatzeko, eta bi umeek prozesio antzekoa antolatzen duten.

Liburuaren aurkibidean diren pasarteen izenburuei begirada botatzea nahikoa da zer nolako xelebrekeriak diren bertan antzemateko. Esaterako, honakoak daude: Txapelokerraren euskera batua, Medikuaren errezeta: sardina zaharrak, Markinako astoa eta mahats parrea, Eskekoak bere Benidormera, Indalecio Prieto Geldoetan, Obispoari San Mameseko sarrerak, Viaje de novios Larrabetzutik edota Belaustegik hiru andra batera haurdun.

Berehala jabetuko da irakurlea egileak izan duen asmoaz. "Kontakizunak umore puntu batekin osatzea".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_