"Oteiza eta Barandiaran euskal arimaren bila aritu ziren"
Artista ugariren lanaren ikertzaile amorratua, Oteiza, un genio proteico, un artista poliédrico liburua argitaratu du Edorta Kortadi arte kritikariak (Tolosa, 1946) Erein argitaletxearekin. Jorge Oteiza eta Joxemiel Barandiaran ezagutzeko eta beraiekin harremana izateko aukera izan zuena eta horregatik "pribilegiatua" sentitzen da.
Galdera. Nolako ezagutza zuen Oteizak euskal gizarteaz eta kulturaz?
Erantzuna. Askotan pentsatu izan dugu euskaraz ez zekielako euskal izaeraren zati bat falta zitzaiola. Oteiza euskara ikasten saiatu zen eta sakonki ezagutu ez arren, testuak irakurtzeko eta elkarrizketa xumeak euskaraz izateko gai zen. Horrez gain, Euskal Herriko historia eta artea oso ongi ezagutzen zituen, eta poesiari dagokionez, gehien interesatzen zitzaion diziplina izanik, Orixe, Lizardi eta Lauaxetaren lanak sakonki ikertu zituen. Bestalde, gure herriko monumentuak, elizak, udaletxeak ederki ezagutzen zituen eta beste hainbat gaitan ere oso aditua zen. Betidanik erreferentea izan zen. Oteizak esaten zuenez, Ameriketara joan zenean, Euskal Herria deskubritzen hasi zen eta bere artelan guztiak euskal arimaren bila eginiko bidean sorturiko fruituak izan ziren.
"Esentzialistegiak izan zirela eta inguru sozio politikoa ez zutela kontutan izan aurpegiratu zitzaien , baina ni ez nago inolaz ere ados" "Gaur egun, artista oso onak daude, Nagel, Urzai, Badiola edo Irazu adibidez; eta literatura arloan ere badira munstroak direnak"
G. Euskal gizarteak, ordea, ezagutzen du Oteizaren lana?
E. Zati bat ezaguna da; alde batetik, Arantzazuko apostoluen lana eta, bestetik, Andre Maria, batez ere nahiko polemikoak izan zirelako. Horrez gain, azken garaian egin zituen kutxa metafisikoak ere ezagunak dira. Hala ere, Oteizaren hasierako lanak eta egin zuen arte figuratiboa ezezagunak dira. Arlo horretan, Oteiza Fundazioak badu zereginik, eta orain, antolatzen eta egiten diren erakusketak ere baliagarriak izan daitezke.
G. Oteizaren lana ezagutzeko, jorratu zituen diziplina guztiak eta bere filosofia eta pentsamena osotasunean ezagutu beharko lirateke?
E. Oteizak, Bahuaus eskolakoek bezala, metodo konparatiboak eta ezberdinak erabili zituen funtsa aztertzeko. Hartara, hizkuntza, pintura, eskultura, poesia nahiz arte herrikoia parekatu eta tartekatzen zituen eta alor hauetan adituak ziren pertsonekin harremana topatu eta izan zuen. Horregatik, eskultura bat egiteko momentuan ezagupen horiek guztiak bertan biltzen eta sartzen zituen. Oteizak musikaz, dantzaz, frontoiaz, poesiaz eta beste hainbat diziplinez zituen ideiak oso interesgarriak ziren eta nahiko sakonak zirela esango nuke. Gero interpretazio horiekin ados egotea edo ez beste gauza bat da.
G. Oteizaz gain, Joxemiel Barandiaran ezagutzeko aukera ere izan zenuen.
E. Ia hamabi urtetan zehar, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia izan nintzenean, harreman estuak izan nituen bera baitzen gure lehendakaria. Harremanak oso goxoak eta sakonak izan ziren eta alor askotan ezagutza aberatsa zuen. Nire ustetan, Barandiaran eta Oteiza kultura entziklopediko baten semeak ziren, hau da, ez ziren gai konkretu batean espezialistak baina alor askotan zituzten ezagutzak. Barandiaran, adibidez, prehistorialaria izanik, etnologia asko landu zuen gizona izan zen; gaur egun Ander Manterolak eta Labayru Institutuak jorratzen dituzten lanen oinarriak ezarri zituen, batez ere, egun egiten ari diren Atlas Etnográfico de Euskal Herria-ren ideia.
G. Nolako harremana zuten Oteizak eta Barandiaranek?
E. Elkar ezagutzen zuten eta Barandiaranek errespetu handiarekin hitz egiten zuen bai Oteizaz, bai Chillidaz ere. Ataundarrak ez zuen artista hauen lana oso ongi ulertzen, beste bide batetik zihoala esan daiteke. Hala ere, harreman oso onak zituzten eta horren adibideetako bat Chillidak Barandiarani oparitu zion eskultura izan daiteke.
G. Nolako iritzia zuen Oteizak Barandiaranen lanaz?
E. Izugarri baloratzen zuen eta garrantzi handia ematen zion, batez ere, Barandiaranek euskal mitologiaren inguruan egindako lanari. Euskal Mitologia asko maite zuen Oteizak eta, zentzu horretan, irakurketa hauek eragin handia izan zuten beste hainbat eskultorerengan ere, besteak beste, Remigio Mendibururengan edota Nestor Basterretxearengan.
G. Hala ere, biek bazuten ardura bera, hots, iragan batean jatorrizko esentzia baten aztarnen bila aritu ziren.
E. Ez ziren esentzialistak izan, funtsezkotasun hori jantzi baitzuten, batak bere eskulturetan eta, besteak, herriko ohitura eta aztarnategietan. Batzuetan, esentzialistegiak izan zirela aurpegiratu zitzaien eta inguru sozio politikoa ez zutela kontutan izan baina ni ez nago inolaz ere ados, bere ingurua aztertu baitzuten, eta horretan aritu ziren, euskaldunen benetako arima aurkitu nahian.
·G. Oteiza eta Barandiaran bezalako pertsona gehiago pertsona gehiago behar ditugu?
E. Egun, artista oso onak daude, Andrés Nagel, Dario Urzai, Txomin Badiola edo Peio Irazu baina Oteizaren argitasuna gutxitan ematen da. Literaturan ere badira munstroak direnak: Bernardo Atxaga, Andu Lertxundi, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria... Badira gazteak diren pertsonak eta zeresana emango dutenak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.