_
_
_
_
Crítica:Gaiak
Crítica
Género de opinión que describe, elogia o censura, en todo o en parte, una obra cultural o de entretenimiento. Siempre debe escribirla un experto en la materia

Bizimodu baten azken lekukoa

Joseba Beobide apaizak 60ko hamarkadan Terranovan ibili ziren arrantzaleen oroimena gordetzen du

Joseba Beobide 1966. urtean iritsi zen Ternuara. Garai oparoak ziren euskal arrantzaleentzat. Bakailaoa harrapatzera 80 untzi abiatzen ziren urtero Pasaiatik. Joseba apaiza zen. Pasaiako San Juanen zuen otoitz lekua baina zeruko eta lurreko kontuez aparte itsasoa zuen buruan eta bihotzean. Apaiz arrantzalea da, gizonak zein bakailaoak harrapatu izan dituenetakoa.

Ternuan bertako hainbat emakume eta euskal arrantzale ezkondu izan ditu. Euskaraz zekien "azken gizona" ere ezagutu zuen lur izoztu haietan. Bera dugu hori guztiaren azken lekukoa.

Beobidek ez du uste ipar amerikar indiarren eta euskal arrantzaleen arteko hartu-emanen ondorioz hitz berezirik sortu zenik. Baina abizen euskaldunak bai, horiek ugariak dira Ternuako leku jakin batzuetan.

Hizkuntza galduta, egun Euskal Herriko aztarna gutxi gelditzen da

Saint Pierre et Miquelon eta Saint John's hirietan izan da kapilau urtetan. Saint John`s Ternuako hiriburua da egun. Saint Pierre, aldiz, Frantziako administraziopean dago. Josebak harrotasun puntuarekin zera dio: Saint Pierren bertakoen abizenen herenak euskaldunak direla. Horretarako telefono-gida hartzen du eskutan eta erakutsi: Detcheverry edota Tellechea abizenak barra-barra agertzen dira.

Joseba Beobide Gure Ama Antiguakoan abiatu zen kontinente berrirako bidean. 24 urteren buruan, 1990an, Euskal Herrira bueltatu zen. Bien bitartean, dozena bat joan-etorri egin izan ditu Atlantiko itsasoa zeharkatuz. Bidaia bakoitzeko bederatzi bat egun ematen zituzten itsas erdian 60ko hamarkadan. Garai horietan Pasaia zen Penintsulako bakailao portu nagusia.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

Untzietan apaizaren eginkizunek zeruarekin baino arrantzarekin omen zeukaten lotura estuagoa. Irribarrea irteten zaio itsas-gizonen bekatuak garbitu edota otoitzean ibiltzen ote zen galdetzen zaionean. "Ni beste arrantzale bat nintzen", dio gustura.

Egun, Santurtzin dauka etxea, Stella Maris itsas egoitzan. Goiko solairuan logela eta lehenengoan bulegoa, bazter guztiak liburuz, argazkiz eta oroitzapenez josita.

"Ternuan interprete lana egiten nuen gehienbat", dakar gogora. Saint Pierren frantsesa da bertako hizkuntza: Saint John`sen, aldiz, ingelesa. Bigarrren honetan komunikaziorako arazo gehiago zeukaten Euskal Herritik joandakoek. "Medikura joateko zela, erosketak egiteko, edozertarako interpretea behar zuten eta han nintzen ni horretarako", dio Beobidek.

Marinelek lurrean jarraian bi egun eskas ematen omen zituzten, gainontzeko denbora untzian lanean ziharduten bitartean. "Bakailaoak agintzen du itsasoan; hura non, untzia han, beti haren atzetik, eta arrantza dagoen bitartean ezin beharrari utzi", gogoratzen du. Halere, tarteka futbol partidak antolatzeko astia hartzen zuten. Beste atsedenaldi saioak ere gogoan ditu apaizak: "Turismoa egitera eramaten nituen arrantzaleak, kamioneta hartu eta gizonak atzeko aldera igota". Irratia lagun zintzoa zutela, hori ere buruan gordeta dauka: "Igandeetan Radio Gaceta de los Deportes entzuten genuen untzietako irratiko uhin motzean. Bozagailuak ipini eta talde sendoa hurbiltzen ginen kaiara ligaren berri jakiteko".

Dudarik gabe, 60ko hamarkada izan zen bakailao arrantzaren garairik gozoena Ternuan. Bai bertakoek bai euskal arrantzaleek etekin gordinak atera zituzten. Gerora, baina, behera egin dute hartu-emanek eta egun ez dabil euskaldunik arrantzan Ternuan.

Beobideren begirada, horregatik, gazi-gozoa da. Euskara galduta, Euskal Herriko arrasto eskas gelditu da lur haietan. Dena dela, bada Orok Bat folklore taldea; baita Zazpiak Bat pelotalekua Saint John`sen ere. Gainera, Saint Pierren euskal arkitektura delakoaren adibide bakan batzuk aurki daitezke. Askoz urrutiago, Toronton bertan, Roncesvalles kalea topatu zuen. "Euskaldunak ez dira inoiz konkistatzaile izan; lanera joan ziren Ternuara, balea harrapatzera lehenik, haren olioarekin negozio egiteko, eta bakailoa geroago", azpimarratzen du Beobidek.

Egun, Bilboko Portuko kapelaua da eta entzun nahi duenarentzat kontu piloa dauka esateko. Stella Maris itsas etxean mundu zabaleko pertsonekin aritzen da berbetan. "Filipinoak atseginak dira oso, beti alai eta barrezka". Santurtzin bizi bai baina bere erreinua itsasoan daukala aitortzen du.

Liburua

Antzinako arrantzale euskaldunak XVI. mendean iritsi ziren Ternuara balea harrapatzeko asmotan eta bertan bakailao multzo izugarriak aurkitu zituzten. XVIII. eta XIX. mendeetan Ternuako uretatik aldenduta ibili behar izan zuten, indarrean ziren nazioarteko itunen erruz. Baina 1926ean berriro ekin zioten lanari paraje haietan. Pasaia zen porturik indartsuena baina Ondarroatik ere irten ziren untziak amerikar kontinente aldera.

Pixkanaka, harrapakin handiegien erruz, bakailaoa urritzen joan zen eta gaur egun ez da euskal itsas gizonik Ternuako uretan. Ziurrenik, marinel hauen abenturak ur izoztu haietan amaitu dira betirako.

Gaur egun, Pasaian lau bakailao-untzi gelditzen dira, alegia, bi bikote, binaka aritzen baitira Artikoan, Barenseko itsasoan eta Norvegian.

Datu hauek guztiak eta beste asko biltzen dira Joseba Beobideren bizipenak oinarri hartuta Rosa García Orellánek argitaratu duen Hombres de Terranova. La pesca del bacalao. 1926 - 2004 liburuan. Egilea giza eta kultura antropologian doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hiru urte eman ditu ikerkuntza honetan.

Egia da Ternuaz eta euskaldunak bertan izandako bizipenez liburu ugari idatzi direla. Honakoa, baina, ikuspuntu soziologikotik dago josita. Itsas-gizonen arteko hartu-emanak, ika-mikak, ilusioak eta tristeziak agertzen ditu. 300 testigantza inguru tartekatzen dira orrialdeetan.

Ondorio gisa, liburuaren bi egileek bakailao-arrantzaren egungo egoera aztertzen dute. Ustiapen larriaren ondorio kaltegarriak salatzen dituzte, Kanadak arrantza-errekurtsoak ez dituela modu zuzenean arautu aldarrikatuz.

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_