"Pertsonei aitortu behar zaie nagusigoa, ez hizkuntzei"
Xabier Gereño euskara eta euskal kultura jasotzen ahalegindu zen gerra osteko garairik latzenetan. Merkataritza ikasketak egin zituen arren, bere ekarpenik handiena liburugintza izan da. Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatu nahian, tankera eta genero desberdinetako 140 liburu inguru idatzi eta argitaratu ditu azken mende erdi honetan. Xabier Gereño da, zalantzarik gabe, euskal letren historian izan den idazlerik emankorrenetakoa. Ostegunean, abuztuak 12, 80 urte bete zituen Bilboko egoitza bateko bizilagunen konpainian.
Galdera. Ba al duzu harremanik oraindik euskal kultur munduarekin?
Erantzuna. Harreman handirik ez, egia esan. Kosta egiten zait egoitzatik ateratzea, ez bainago saltsa askotan ibiltzeko moduan. Nahiago dut patxadaz eta bakean bizi, eta hemendik lan egin. Noizean behin, semearengana joaten naiz, argitaletxeko kontabilitatean laguntzera, baina normalean, hona etortzen zaizkit beste egotetxetatik eta Bilboko jubilatu-etxe askotatik teatro lanak eta olerkiak eskatzera. Horretan nabil gaur egun.
"Euskaraz idazteari utzi diot, baina 80 edo 90 idazlan ditut oraindik editatu gabe"
G. Olerkigintzan ere bai?
E. Bai. Txantxetan bezala hasi nintzen, baina azkenean gustua hartu diot olerkiak idazteari. Hamabostean behin, errezitaldiak antolatzen ditugu egoitzan, musika eta olerkiak txandakatuz. Jaialdi hauetako partaide batzuek eskatuta hasi nintzen poemak idazten, gaztelaniaz. Oso gustura sentitzen naiz alor honetan.
G. Iaz, zortzi antzezlanez osatutako bilduma plazaratu zenuen, baina aurten ez duzu deus ere argitaratu. Zergatik?
E. Orain eskatzen didatena besterik ez dut idazten. Duela 13 urte, hiru nobela argitaratu nituen gaztelaniaz, eta orain ere, gaztelaniaz idazten ditut poemak eta adinekoentzako teatro-lanak. Beste 25 edo 30 idazlan ditut gaztelaniaz argitaratu gabe, horien artean zazpi nobela. Orain ez nago liburuak promozionatzeko sasoian, baina argitaletxeren batek aztertu nahi balitu, pozik utziko nizkioke, zalantzarik gabe.
G. Honek esan nahi al du euskaraz idazteari utzi diozula?
E. Momentuz bai, euskaraz idazteari utzi diot denbora faltagatik. Hala ere, baditut hainbat lan euskaraz argitaratu gabe: teatroa, nobela... Guztira, 80 eta 90 idazlan tartean. Zertarako idatzi, gero argitaratzen ez baldin bada?
G. Nolabaiteko desenkantua igertzen zaizu, edo etorkizunarekiko mesfidantza, agian...
E. Nik ez dakit nolakoa izango den euskararen etorkizuna, baina kontu handiz ibili behar dugu hizkuntza politikari ez lotzeko. Politikari lotzen bazaio eta politika hori jausten edo beheratzen baldin bada, arrastaka eramango du hizkuntza. Horregatik uste dut hizkuntzari libre mugitzen utzi behar zaiola, inongo kutsu politikorik gabe. Pertsonei aitortu behar zaie nagusigoa, ez hizkuntzei; pertsonek erabili behar dituzte hizkuntzak beren zerbitzuan, ezein hizkuntzaren menpe egon gabe.
G. Baina zuk euskararen menpe eman dituzu urte asko, hizkuntza aurrera ateratzeko asmoz...
E. Ez. Nik bost hizkuntza ikasi eta praktikatu ditut. Ni ez naiz inoiz txikiteoan edo denbora galtzen ibiltzeko pertsona, eta gaztetatik, etxean lantzeko moduko afizioak izan ditut: filatelia, musika, bidaiak edo hizkuntzak ikastea. Euskara eta gaztelaniaz gain, ingelesa, frantsesa eta alemana ere ikasi eta erabili ditut. Nire lehenengo sormen lanak, gainera, gaztelaniaz argitaratu nituen. Gero, euskaraz idazten hasi nintzen, baina ez nire izena goraipatzeko, hizkuntzari mesedea egiteko baizik.
G. Horregatik erabaki zenuen euskara erraza erabiltzea?
E. Nik ikusten nuen, beste literaturetan, goi mailako literaturarekin batera, behe mailako literatura ere bazegoela. Baina jeneralean, euskal idazleen helburua goi mailako literatura egitea zen, eta behe mailarako oso idazle gutxi zegoen. Gerra aurretik, Txomin Agirre baino ez zegoen; beste guztiek gorantz jotzen zuten. Gerra ostean ere, joera berbera ikusten nuen. Ez zegoen nork jorratu oinarrizko literatura, nobela poliziakoa edo umorezkoa, adibidez; eta neuri egokitu zitzaidan bi genero horiek euskaraz lantzea.
G. Euskara ikasteko material ugari ere argitaratu duzu.
E. Bai. Beti atsegin izan zait bide berriak urratzea. Horregatik argitaratu nituen eskola-hiztegiak, euskara ikasteko metodoak edota euskara mailakatuan idatzitako narrazio labur, txiste eta teatro liburuak.
G. Euskara errazaren aldeko apustu horrek ez dio kalte egin idazle bezala lor zenezakeen ospe edo izen onari?
E. Nik horrexetara jo nuen hasiera-hasieratik, behe mailako edo oinarrizko literatura egitera. Irakurlego zabalarentzat idatzi dut beti. Oinarrizko literaturarik ez badago, goi mailako literaturara iristerik ez duten euskaldunak zer irakurri gabe geratuko lirateke. Halaxe ikusten nuen orduan, eta iritzi berekoa naiz orain ere. Goi mailako literaturaren ondoan, ezinbestekoa da oinarrizko literatura sendo bat izatea.
G. Euskaraz, oinarrizko literatura hori finkatzea lortu al da?
E. Beste batzuek nik jorratutako bideari jarraitu diote, baina egoera oso desberdina da. Gure garaian, urtero sei edo zazpi liburu argitaratzen ziren euskaraz. Orain, egoera askoz ere hobea da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.