_
_
_
_
Entrevista:KIRMEN URIBE | Idazlea | Gaiak

"Poesiak olatuen egitura du; errelatoa, berriz, ibaia da, itsasorantz doa"

Bitartean heldu eskutik poema liburuak Kritika Saria jaso zuenean hasi zen egilearen izena, hots, Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) ezagun bihurtzen. Proiektu eta disziplina ugaritan aritu den arren, batez ere poeta da, harreman estua izan baitu beti genero horrekin. Orain "koadernoak betetzen" ari da, baina "ez ezinbesteko" izan nahi duen libururik ez du idatzi nahi, poesia ez baita produkzioa.

Galdera. Gidoilari, poeta, itzultzaile... Hainbat disziplina jorratu dituzu. Nola definituko zenuke zure burua?

Erantzuna. Nork bere burua topatu arte lan bat egin behar izaten da eta horretan aritu naiz. Idazle izateko nork bere espresio bideak eta nork bere tonua aurkitzea, urte askotako lana da eta bitartean mota ugaritako lanak egin behar dira. Gainera idazteaz bizitzea oso zaila da.

"Zure arrain-ontzia kanpotik ikusteak zure mugez ohartzen laguntzen dizu"
"Poesiak hondoa jo zuen, liburuetan babestu zelako"

G. Zure burua orain idazle bezala definituko al zenuke?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
SIGUE LEYENDO

E. Idazten dudan heinean izango naiz idazle, baina bestela ez. Orain idazten ari naiz, koadernoak betetzen, orain beraz idazle naiz. Zerbait esateko duzunean, orduan esan behar da, baina nik ez nuke ezinbesteko ez den libururik idatzi nahi.

G. Bitartean heldu eskutik poema liburuarekin kritika saria jaso zenuen. Zer garrantzi du liburu honek zuretzako?

E. Nire ibilbidearen hasiera markatu duen liburua izan da. Bere baitan ziklo oso bat biltzen duen liburua da, asko kostatu baizitzaidan tonu bat lortzea eta hori lantzen urte asko eman nituen; tonu apal eta argiaren bila urteak eman nituen. Niretzat liburu honek ikaragarri suposatu du, gauza asko eman dizkidalako; nire buruarekiko ziurtasuna eta irakurleekin lortu dudan harremana eman dizkit. Niretzat hasiera bat izan da. Zentzu horretan, hasiera batek dituen elementu positibo eta negatibo guztiak biltzen ditu.

G. Bizitzaren puskak, istorioak jasotzen dituzu liburuan.

E. Poesiak bizitza izan behar duela esaten da. Baina nik uste dut poesia poesia dela; eta bizitza, bizitza. Poesia alde batetik esanahia da; eta bestetik, hizkuntza. Eta biak izan behar dira kontutan. Hizkuntzaren lanketan aritu naiz, hizkuntza biluzi baten lanketan, baina pertsonengana itzuli nahi nuen, ez nuen poesiaren gainean egindako poesia egin nahi. Hizkuntzaz gehiegi arduratzen den poesiarik ez nuen nahi, zentzuaz gehiago arduratzen den poesiaren atzetik ari nintzen. Orain lortutako tonuarekin eta liburuak izan duen harrerarekin oso gustura nago, baina etengabeko lana da hau. Nik ez nuke nahi asko dakien horietako bat izatea, izan ere, asko dakienak gehiago ez ikasteko arriskua baitu. Gizaki benetan jakintsuek hil arte ikasten dute.

G. Istorioak kontatzeko prosa egokiagoa izan da?

E. Nik narrazioarekin arazo bat nuen: gauzak bata bestearen atzetik kontatu behar hori. Poesia norabide askotakoa da, olatuaren egitura du, bata bestearen atzetik datozen olatuak. Errelatoa berriz, ibaia da bere bihurgune guztiekin, beherantz doa, itsasora. Poesia asko zabaldu den generoa da, narratibitatea jasotzen du bere baitan, saiakera... Genero guztiek poesian bat egiten dute.

G. Irakurleak poesia ez ulertzeak beldurrik ematen dizu?

E. Poesia irakurtzeko beste jarrera bat behar da, irakurleari gehiago eskatzen zaio eta ni pauso bat ematen saiatzen naiz, komunikatzen ez duen poesiak ez baitu zentzurik. Irakurlearengana gerturatzen saiatzen naiz eta berak ere pauso bat eman beharko luke, horretan saiatzen naiz.

G. Poesia ez den generoetan idazteko asmorik ba al duzu?

E. Poesia irakurle amorratua izan naiz beti eta poemak idazten hasi nintzen. Ostean kantak idatzi nituen; gaur eguneko poesia ulertzeko kantak oso garrantzitsuak direla uste dut. Kanta bat poema liburu batean sartzen duzunean leiho bat zabaltzen duzu. Gaur egun, poema liburutik ateratzeko saio ugari egiten ari dira eta oso aberasgarria dela uste dut. Poesiak garai batean hondoa jo zuela uste dut, liburuetan gehiegi babestu zelako eta hortik atera behar dela uste dut. Poesiaren garapenak garaira egokitzea eskatzen du, poesiarik onena garaira egokitzen dena baita. Gero garaira egokitzen den poesia hori, gehien irauten duena izan arren. Bere garaiko kezkei erantzun behar die poesiak.

G. New Yorken ere izan zara poesia emanaldi batean. Zuretzat zer suposatu du esperientzia honek?

E. Urrats handia izan da niretzat nahiz eta kanpotik agian txikia izan. Zure txokotik atera eta zu zeu eta zure tradizioa kanpotik ikustea oso aberasgarria izaten da, arrain-ontzian bueltaka ari diren arrainek ez baitakite ibai batean edo itsasoan bizi diren arrainak badirela. Arrain-ontzia kanpotik ikusteak zeure mugez eta zeure bertuteez ohartzen laguntzen dizu.

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_