Arrasateko erreketak
Guraia eta Bañez familien arteko ezinikusiak eztanda egin zuen 1448ko ekainaren 23 hartan. Goizean goiz, Oñatiko kondeak bañeztarren aldeko bi milaren bat gizon bildu zituen Arrasate inguruko zelaietan, Bizkaitik etorritako Gonzalez Butroe Muxika oinaztarraren gizonak kanporatu eta hiriaz jabetzeko asmoz.
Gaztelako Alfontso X.a Jakintsua erregeak Mondragoe izena eman eta 188 urte geroago, Arrasateko herri zaharra bi leinuren artean banatuta zegoen, Erdi Aroko beste euskal herri batzuen antzera. Bi alkate, bi erietxe, geroari buruzko bi kontzeptu desberdin... Inork ez daki zehazki zenbat jende hil zen Arrasateko sutean XV. mendeko uda hasi berri hartan, baina oinaztar eta ganboarren arteko orduko odol isurtze larriaren oroitzapena, gizaldiz gizaldi eta mendez mende igorritako balada zahar honek dakarkigu: "Argi izarrak urten dau / zeruan goian ostantzean / bergararrok hasi dira / traizio bat asmatzean / euren artean diotela: / Erre dezagun Mondragoe".
Herriek kantuka ohoratu dituzte beti garaileak, eta kantuka arbuiatu ere gizalegearen aurkako azpikeriak. Idazteko ohiturarik ez zegoen garaietan, kantua izan zen oroimenaren gordailurik seguruena: "Mila urte igarota / ura bere bidean. / Gipuzkoarrak sartu dira / Gaztelako etxean. / Nafarrokin batu dira / Beotibarren pelean".
Antzinako erromantze horiei esker dakigu, esate baterako, egun batez goizean ezkondu eta iluntzean alargun geratu zen Gabrielle Loitegi izeneko emakume haren patu gaiztoaren berri: "Zazpi urtez atxeki dut / gizon hila khanberan, / egunaz ur hotzean eta / gauaz bi besoen artean".
Beste kantu batzuk -"Peru gurea", kasu- ezkontzaz kanpoko harreman lizunez mintzo zaizkigu: "Londresen dot neuk senarra / zirin belarrak ekarten. / Bera handik dan artean / gu hemen dantza gaitean. / Oi, hau egia, / daigun jira bi, Maria".
Zoritxarrez, badira beste balada batzuk, sineskeriaren eta fanatismo erlijiosoaren barrabaskeriak gogorarazten dizkigutenak. XVII. mendearen hasieran, emakume bat sutan hiltzera kondenatu zuten Senpereko gazteluan, Pierre Lancre inkisidoreak Jainkoaren kontrako iraintzat jo zuen erromantze hau kantatzeagatik: "In nomine patrika / Aragoeko Petrika / Gaztelako Janikot / egidak ipurdian pot".
Gerra, maitasun eta sorginkeria giroko euskal erromantze zaharren oroimena historiaren bidezidorretan barna urruntzen ari zaigu apurka-apurka, eta behialako olerki anonimo horien azken oihartzunak liburuetako orrialdeetan dautza dagoeneko, isiltasunean, ahazturaren hautsaz estalita.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.