Iraganaren lekukoak
Katalunian gordeta zeuden hainbat pelikularen negatiboak berreskuratu ditu Filmategiak
Maitasun handiz gordeko dituzte orain errekuperatutako filmen negatiboak, izan ere, originalak dira berreskuratu direnak.
Amalur, Agur Everest, El reino de Victor eta Rafa Trekuk naturaren inguruan egin zituen hainbat pelikularen jatorrizko negatiboak daude besteak beste Euskadiko Filmategiak errekuperatu dituenen artean, euskal gizartearentzat balio izugarria duten dokumentu historikoak, ondare garrantzitsua.
Prozesu luzea izan da baina azkenean fruitua ere jaso da eta guztira euskal 18 filmen negatiboak berreskuratu dituzte. Jatorrizko lanak izanik, balio izugarria dute. Hori kontuan hartuta, dokumentuen bizia ahalik eta gehien luzatzeko asmoz, behar bezala gorde nahi ditu Filmategiak. Eta helburu horrekin ari dira lanean bertako arduradunak.
Bartzelonako Fotofilm enpresak porrot egin zuenean, bertan zeuden bost mila pelikula ingururen negatibo originalak biltegi batera eraman zituzten. Filmategiak orduan ekin zion errekuperazio prozesuari. Izan ere, biltegi hartan bilduta zeuden negatiboek ez zituzten bizirauteko behar dituzten baldintza egokietan gordeta, hots, hezetasun eta hozbero egokian.
Filmategia film horien ekoizleekin harremanetan jarri zen orduan, beraiek baitira, azken finean, negatiboen jabeak eta haien adostasunarekin, altxor horien erreskate lanei ekin zieten; epaileen erabakiz, azkenean, altxor horiek errekuperatzea posible izan da.
Ibilbide luze eta neketsua izan arren, pena merezi izan du. Horretaz ziur daude Peio Aldazabal eta Martin Ibarbia, Filmategiko zuzendari eta fundatzailea, eta presidentea, hurrenez hurren.
Peio Aldazabalen hitzetan, "hau lehen fasea izan da eta jada bigarren batean murgildurik gabiltza". Pelikula bat egiten denean, laborategiek lanaren fitxa egiten dute, filmaren eta ekoizlearen datu guztiak jasoz. "Baina laborategi honetako fitxak desagertu egin dira", azaldu du Filmategiko zuzendariak, "ez dira inon ageri, beraz ez dakigu zein pelikula eta zein ekoizleren lanak dauden biltegi hartan". Kasua daraman epaileak biltegian zeuden lanen inbentarioa egiteko eskatu zion Kataluinako Filmategiari. Filmategiko zuzendariaren aburuz, "Kataluniako Filmategiak egindako lanak asko lagundu digu oraindik ere zer erreskatatu badagoela konturatu baikara". Horregatik, bigarren fase batean murgildurik da jada erakundea eta beste 11 tituluren errekuperazio prozesuari ekin diote.
Martin Ibarbiaren iritziz, azken finean Filmategiaren eginbeharra dokumentu historiko horiek "errekuperatu, iraunarazi eta zaharberritzea da eta horretan dihardugu". "Artistak egin duen lana, originala, negatiboan dago eta horrek du benetako balioa; zineman ikusten duguna, kopia bat izaten da, kopia positibizatua", erantsi du Filmategiko arduradunak.
Berreskuratze lanak
Artelan hauen errekuperazioa, garaipen garrantzitsua izan da Filmategiarentzat, baina honen gainetik bada garaipen handiagoa, hots, 25 urte bete eta biziraun izana. Ez da ibilbide erraza izan, baina zorionez, 25. urtebetetzea ospatzen ari da aurten erakundea.
Peio Aldazabal, egungo zuzendaria dena izan zen Filmategiaren sortzailea. Bere hitzetan, "sentsibilitate baten ondorioz" eratu zen filmategia. "Bere probetxurako hainbat dokumentu historiko bereganatzen ari zen jendearekin egin nuen topo", azaldu du. Horren aurrean, material horrek "zaintzailea" behar zela iritzi zion. Zaintzailea, noski, Filmategia izan da.
Filmategiko arduradunak gogoan ditu oraindik erakundearen hastapenak, 1978. urtean. "Lagun talde bat elkartu ginen eta eta fundazio agiria idatzi genuen; gauzak poliki baina ongi egin genituen", dio Aldazabalek Horren erakusle dugu gaur egungo Euskadiko Filmategia.
Proiektu aberatsa
Filmategia ez da pelikula biltegi hutsa. Herri baten memoria historikoa da, mugitzen diren irudien memoria. Filmategiak euskal gizartearen iragana eta oraina jasotzen ditu eta ederki gorde ere, gero gizarteari eskaintzeko. Hala ere, zinema azaleko kontutzat jo izan dute askok.
Martin Ibarbia presidentearen hitzetan "instituzioei filmategiaren esanahiaz jabetzea kostatzen zaie", azken finean, "nortasun kulturalaren proiektua" baita. "Mugitzen diren irudien memoria da eta edozein ikerketa motarako dokumentu baliagarriak dira".
Hainbeste urteren ostean garapen prozesuan den proiektu heldua du jada erakundeak. Donostiako Gas Fabrikan izango dute 2005 urterako egoitza berria. Fundazio bilakatuta, egun egiten duten lana garatzen jarraituko du Euskadiko Filmategiak.
Martin Ibarbiaren hitzetan, "orain egiten duguna baino askoz hobeto" egin ahal izango dituzte gauzak, Filmategia "gizarteari begira" egongo baita eta "eskaintza zabala" izango baitu. "Ez gara biltegia soilik izango eta programazio aberats bat egiteko asmoa ere badugu".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.