_
_
_
_
Entrevista:KIRMEN URIBE | Idazlea | Gaiak

'Poetaren zeregina kezken inguruan argia piztea da'

Txikitan argazki-dendara edo medikuarengana joateak negarra eragiten zionean amak bueltan liburu bat erosiko ziola esanez konbentzitzen zuen. Hala zaletu zen, komikiak eta abenturazko liburuak irakurriz aurrena. Poesia ere oso gazte ezagutu zuen, hamahiru urte zituela anaiak Leonard Cohenen poema liburu bat oparitu zionean. Musikazale amorratua -'musikak eragin handia izan du nire izakeran'- kantuentzako hitzak eta komikien gidoiak idazten hasi zen. Ordutik hona literatura alor guztiak jorratu ditu, Bitartean heldu eskutik lehen poesia liburuak Literatur Kritikarien Espainiar Elkartearen saria jaso du, eta orain narratiba landuz 'ur handiagoetara jauzi' egin nahi du aspalditik Gasteizen bizi den idazle ondarrutarrak.

Galdera. Bitartean heldu eskutik lehen poema liburua da, asko kostatu al zaizu?

Erantzuna. Poemak eurak baino zailagoa da esateko modu garbi bat lortzea. Koadernoan ideak apuntatzen dituzu eta gero irudi edo pentsamendu horretatik hasita egiten duzu poema osoa. Liburu honetan duela urte batzuk idatzitako poema batzuk eta azken urtean idatzitakoak jaso ditut.

G. Kritikarien esanetan komunikazioa lortu duzu poeta irakurlearengadik urruntzen ari den garaiotan.

E. Azken finean hori zen nire asmoa, tonu egoki, biluzi eta argi bat lortzea eta azkenean uste dut asmatu dudala. Idazlearen gaitzetako bat da magoarena egiten duela, alegia, irakurlea etengabe harritu nahi du, eta orduan piska bat urrun jartzen da irakurlearengandik. Harreman bertikala sortzen da, idazlea goian eta irakurlea behean, eta nik nahiago dut harreman horizontala. Gaur egun badago errealitaterako buelta bat eta hori dago lotuta gauza humanoagoak egiten. Nik nire poesia humanizatu nahi nuen.Azken finean, idazleak dituen kezkak eta irakurleak dituenak ez dira desberdintzen, gehiago da poetaren zeregina argi bat piztea kezka horien gainean joku estetizistak egitea baino.

G. Kezketaz ari garela, zeintzuk dira Kirmen Uriberenak?

E. Kezka estetikoak dira, zerbait trasmititzen duten gauzak egitea. Poema batean esaten dut 'gizakia ekarri munduaren neurrira'. Hor laburbiltzen da nire pentsaera.

G. Bitartean heldu eskutik. Esanguratsua eta baikorra.

E. Bai, liburua itzaletik argira antolatuta dago. Hasten da muga batzuen aitorpenetik eta gero bukaeran nik uste dut nahiko argia daukala. Nahi nuen bukaera argi bat izatea eta baita titulu argi bat izatea ere. Azken finean momentuaren aldarrikapena da. Gogoratzen ditugunak beti momentuak dira, ez urte osoa, beti dira une txikiak. Gogoan dut txikitan eskolatik ateratzen ginenean konserberetako emakumeak deskantsua egitera irtetzen zirela. Joaten ziren alde zaharreko harrizko zubira eta egoten ziren ordu erdi neguko eguzki goxoa hartzen. Agian eguneko momenturik onena zen.

G. Lehen poema liburua eta saria jaso duena. Zelan jaso zenuen berria?

E. Poz handiz hartu dut. Sari hau desberdina da liburuaren historiari lotuta dagoelako. Egoera pertsonal latz batetik sortutakoa da, eta argitaratu eta gero esan daiteke liburuaren beraren egitura hori jarraitzen duela; itzaletik argira. Oso harrera ona izan zuen hasieratik, ikuskizunetan ere komunikazio polita sortu da jendearekin eta azkenik sari hau guztiaren gailurra da. Sari honek animatu egin nau.

G. Poemak liburu euskarritik haratago eramaten dituzu zuzeneko ikuskizunetan. Lan honekin ere poesia eta arte plastikoa batzen dituen ikuskizuna egiten ari zara.

E. Disko bat atera eta gero zuzeneko emanaldiak egiten diren bezela, nik pentsatzen dut poema liburuekin gauza bera egin behar dela. Liburutik aterata, zuzenean sortzen den giro hori oso aberasgarria eta interesgarria da. Aurrekoa, Bar puerto, ikusentzunezkoa izan zen, oraingoan nahi nuen irudi mundutik aldendu. Liburua nahiko apala da, adorno gutxiekin, ahalik eta argiena eta biluziena izan nahi nuen. Horregatik ikuskizunean hitzari eman diot garrantzia. Forma berriak probatu behar dira, beti poesia giro zaharkitu batekin lotzen delako.

G. Orain narratibarako jauzia egin nahi duzu.

E. Poesian nahiko gustora ibili naiz orain arte, narratiban ere egin gura nuke jauzia. Arrantzaleek beti ez dute arrantza egiten ur berean, agian jauzi egin nahi dut ur handietara. Niretzako poesia, nahiz eta jenero moduan oso zaila izan, ur txikiagoko arraina da. Margaret Atwoodek esaten du hizkuntzaren eraginkortasunaren mailarik gorena dela poesia. Hau da, hitz gutxienekin ahalik eta gauza gehien kontatu behar duzula. Behin hori lortuta jauzi egin nahi dut beste esparru batzuetara, poesia bazterrera utzi gabe. Orain ezingo nuke beste poema liburu bat idatzi. Errespetu handia ematen dit eta horregatik tardatu dut hainbeste liburua idazten.

Sarrionandiari eleberri saria

Euskarazko narratiba alorrean ere bizkaitar batek jaso du Literatur Kritikarien Espainiako Elkartearen saria: Joseba Sarrionandiaren Lagun Izoztua eleberriak hain zuzen. Iurretako idazlea duela 15 urte da erbestean, 1985. urtean Martuteneko gartzelatik ihes egin ondoren. Lagun Izoztua eleberria iazko Durangoko azokan harrera ezinhobea izan zuen lana da. Pasa den azaroan kaleratu zuen Sarrionandiak aipatu lana, bere estreinako eleberria, eta Argia aldizkariari eskainitako elkarrizketan azaldu zuenez, 'liburua ez da autobiografikoa, nahiz eta erbestean bizi den lagun baten gorabeherak, gogoetak eta egoera latzak azaltzen dituen', eta nahiz eta Joseba Sarrionandia beraren hainbat bizipen agertzen dituen. Izuen Gordelekuen Barrena izan zen bere lehenengo liburua, eta 1985etik erbestean izan arren, bertatik bidaltzen ditu sormen lan berriak. Poesian ibilbide oparo eta sendoa eginiko idazleak lan franko utzi du. Besteak beste, Atabala eta euria, Ifar aldeko orduak, Ez gara geure baitakoak, Ni ez naiz hemengoa , Kartzeleko poemak, Marinel zaharrak edota Hitzen ondoeza aipa genitzake. Duela hiru urte kaleratu zuen Hau da ene ondasun guzia disko-liburua.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_