Antzerki maratoia
Donostian, VIII. Antzerki Ferian hogeitabost antzezlan eskainiko dira
Uztailaren 11tik 14ra Donostiak ohiko tindua aldatuko du, Antzerkia errudun. Kale, txoko, antzoki eta eszenatokiak kolorez eta aniztasunez jantziko dira, VIII. Antzerki Ferian. Ikuskizunez enpatxatzeko aukera paregabea zaleentzat, euren lanak aurkezteko erakustoki ezin hobea konpainientzat eta eskaintza anitza eskuragarri programatzaileentzat.
Lau egun, bederatzi estreinaldi, hogeita bi konpainia eta hogeita bost ikuskizun. Lugaritz eta Egia kultur etxeak ohiko areto bilakatuko dira, Victoria Eugenia antzokiko eraberritze lanak direla eta itxita egonen baita. Ordez, San Telmoko elizan izango dira emanaldiak.
Aurreko urteetan bezala kale antzerkiak ere zer esanik emango du, izan ere ikuskari harrigarriak iragarri baitituzte. Ildo honetan mintzo da Norka Chiapuso, Antzerki Feriako arduraduna: 'Aurtengoan programazio arriskutsuago batekin ausartu gara, besteak beste, lau egunetan bederatzi ikuskizunen jaiotza ikusteko aukera egongo da. Kalean antzeztuko duten talde gutxiago ekarri badira ere, aurkeztuko direnak antzezlan erraldoiak eskainiko dituzte, ikusgarriak. Ikusgai izango diren lanak berri berriak, pil-pilean daudenak dira'.
Merkatua sortu
Feriaren helburuak bi dira, antzerki merkatua sortzea eta ikuslegoa asetzea. Chiapusok argi azaltzen ditu mostraren betekizunak: 'Euskal Herriko lanak Espainiako eta atzerriko proposamen lehiatsuen alboan aurkezten dira, modu honetan etxeko antzezlanak kanpotarren begietan jartzen ditugu, etorkizunean kanpora irteteko aukera izan dezaten. Antzerkiaren esparruan merkatua sortzea da horrelako ferien helburu nagusia eta Donostiakoa horregatik nabarmentzen da, programatzaile asko datoz aurtengoan, atzerriko feria eta mostretako arduradunak besteak beste. Honetaz gain, donostiar eta kanpotarrei antzerki ona eskaintzen ere ahalegintzen gara, azken finean antzerkia ikusi, ulertu eta gozatu egin behar delako'.
Uztailaren 12an Amorebietako Markeliñe antzerki taldeak Underground antzezlana taularatuko du San Telmo Museoan. Egunkari batean agertutako albiste labur batez baliatu dira honako ikuskizun hau asmatzeko: Europa Ekialdeko herrialde bateko musikari profesionalek Mendebaldeko metro-geltokietan jo beharra daukate bizitzeko. Dauzkaten baliabide guztiak eraldatuko dituzte entzuleak hunkitzeko, diru pixka baten truke.
Talde finkatua da Markeliñe, Euskal Herriko eta atzerriko eszenatokietan itzala uztea lortu duen horietakoa. Zenbait sari lortu ditu, Max preziatua besteak beste. Duela hamasei urte imintzioetan oinarritutako antzerkigintzagatik egin zuten apustua, eta ezin hobeto igarri ere. Donostia utzi bezain laster Dublinera joango dira. Taldeko kide den Jon Kepa Zumalderen esanetan, 'antzerki feriak erakuts leihoak dira, kritikariak eta programatzaileak ikusleen artean daude eta hor egoteak aukera suposatzen du. Hala ere, aurkezten diren lan guztiak oso onak dira eta zurea ere kalitatezko antzezlana behar du izan gero kanpora ateratzeko eta atzerrian ere ezagutarazteko. Dena den, Markeliñek oso zorte ona izan du honi dagokionez eta momentuz txaloak jaso ditugu. Oraingoan zer gertatuko den ikusi behar'.
Ostegunean ere Oihulari Klown eta Trokolo Teatro antzerki taldeek elkarlanean sortutako De profesión princesa estreinatuko dute, Aquariumean. Umorearen ikuspegitik sortua, emakumeek tradiziozko ipuin harrigarrietan izan dituzten rolen inguruan egina da antzezlana; hein handi batean mundua ulertzen eta barruko bizia elikatzen lagundu diguten ehundaka istorio fantastiko haien inguruan. Sarritan, emakumeak preso edo lo ageri dira, 'printze urdin' batek noiz salbatuko dituen zain.
Ia hiru urtez Kanadako Cirque du Soleil zirkoan lanean aritu ondoren indarberriturik etorri dela dio Oihulari Klown taldeko Virginia Imazek. Pailazotzat du bere burua eta askok haurrentzat antzerkia egiten dutela uste badute ere ikusle helduak bilatzen dituztela azpimarratzen du. 'Donostiako ferian egoteko aukera dugu eta pozez zoratzen gaude, talde guztiek ez baitute lanak horrelako tokietan aurkezteko aukera. Talde gehiegi daudenaren beldurra soma dezaket, gehiegi, datozen programatzaileentzat. Hala ere guztiok bat gatoz; aukera paregabea da datozen egunetakoa'.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.